Txapeldunen Ligako final-zortzirenak zera izan dira, munduko klub onenek azken urteetan aurkariaren baloirik gabeko oldarkortasunari irtenbide taktikoak aurkitzeko egin duten lanaren adibiderik onena. Bayern Munichek eta PSGk kanporaketa bideratuta utzi zuten joaneko partidan, aurkariak goian egindako presioa gainditzen eta eraso azkar eta bertikalak osatzen jakin zutelako. Atletico, berriz, talde erreaktiboa izan zen, eta Tottenhamek baloiarekin irtetean egin zituen hutsak aprobetxatu zituen. Real Madrilek ere espazioak menderatu zituen, Cityk eraso-trantsizioa erraztu baitzion.
Joaneko partidan ebatzi
Kompanyren Bayern Munichek kanporaketa erabakita utzi zuen lehenengo partidan. Palladinok uko egin zion bere ohiko 1-5-2-3 sistemari eta Atalanta 1-4-4-2an ezarri zen, talde alemaniarrak erabiltzen duen 1-4-2-3-1ra parekatzeko. Bayernek denbora luzez eduki zuen baloia talde italiarra erakartzeko. Bayernen euskarri bikoitza osatzen duten Kimmich eta, batez ere, Pavlovic alboetara ateratzen hasi ziren, euren pareak ziren De Roon eta Pasalic zelai erditik ateratzeko. Horrela, Tah eta Upamecano Luis Diazen eta Oliseren bila hasi ziren, Atalantaren euskarri bikoitzak bere bizkarrean uzten zuen espaziora zuzendutako pase luzeen bidez.
PSGk, berriz, Luis Enriqueren estilo konbinatiboa eraso bizkorrak bihurtzen jarraitzen du. Nuno Mendes erdiko atzelaria balitz bezala, taldeak hiruko irteerak egiten zituen ezker sektorean, Palmerren presio-jauzia erakartzeko. Presiora joaten zenean, Dembele agertzen zen haren bizkarrean, markarik gabe eta jokalari desorekatzaile gisa. Fofana ez zen ausartu Dembele zelai erdira jarraitzera, eta PSGko aurrelariak jokoa eskuinera biratzen zuen etengabe, Hakimik eta Douek aurrera egin eta Chelsea hondoratu zezaten. Liverpool izango du aurkari PSGk final-laurdenetan, Arne Sloten taldeak Anfielden Galatasayren aurkako kanporaketa irauli ostean.
Haien testuinguru gogokoena
Final-zortzirenetako gauzarik harrigarriena Guardiolak bere taldea Real Madrilek duen bertuterik handienaren aurrean babestu ez izana izan zen. Guardiolak aurrelariz betetako hamaikakoa zelairatu zuen Bernabeun, 1-4-1-3-2 marrazkia erabiliz baloia zuenean eta ez zuenean. Cityk Real Madril bere zelaian sartu zuen jabetza antzuekin, baina kontraerasorako testuingururik onena eman zion. Rodri oso bakarrik zegoen sorkuntzarako, eta Courtois bikain aritu zen Brahimen bila Rodriren alboetan agertzen ziren espazioetan. Brahimek aurrelari faltsuaren lana egin zuen, Dembeleren estiloan, eta Valverde espazio-erasotzaile bikaina bihurtu zen.
Bestalde, Arsenalek Sporting Portugal izango du aurkari final-laurdenetan. Bayern Leverkusenen aurka izan zuen meriturik handiena baloia edukitzera ohituta dagoen talde bati jabetza kentzea izan zen. Artetaren taldeak erabakigarria izaten jarraitzen du presioan, batez ere bloke ertainetik bloke altura pasatzen denean, aurkaria itotzeko nahian.
Nahi ez zuen joan-etorriko partida
Bartzelonak esku-balazta botata egin zion aurre Newcastleren aurkako kanporaketari. Beldur zen aurkariaren hegaleko jokalari azkarrek, Elangak eta Barnesek, defentsa-lerroaren bizkarrean korrika egingo ote zuten, eta, hortaz, St. James Parken ez zen erasokorra izan presioan. Kosta zitzaion ere talde ingelesaren baloirik gabeko oldarkortasunari aurre egitea. Hala ere, itzulerako partidan, Bartzelona nagusi izan zen kanporaketa hasi baino lehen nahi ez zuen joan-etorriko testuinguruan. Raphina eta Lamine Yamal izan ziren irtenbide nagusiak jokoari bira egiteko eta Ramsdaleren atera iristeko, barrualdean ohi baino gehiago agertuta.