Txirrindularitza. Taldeen bat egiteak. Analisia

Azala dir-dir, mamia ustel

Xabier Usabiaga.
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Flandriako Tourrak ibilbidez aldatuko du aurten eta jendearen iritzia neurtzeko kale inkesta egin dute. 25.000 laguni galdetu eta ehuneko bederatzik bakarrik eman dio oniritzia aldaketari. Ia denek lehengoari eutsi nahi zioten. Adibide horrek oso ondo adierazten du ziklismoa zeinen kirol atzerakoia den. Iraganak pisu handiegia dauka eta garapenari oztopoak jartzen ari da une oro.

Egiten diren aldaketa apurrak, gainera, oso kritikatuak izaten dira. Baita, nire ustez, egokiak direnak ere. Azkeneko kritikak Pekingo Tourra sortu eta Pro Tourrean sartzeagatik egin zaizkio. Gogoan dut orain urte batzuk talderik onenak Australiako Down Under itzulira joanarazi zituztenean gertatu zena. UCIk hitz itsusiak baino ez zituen jaso. Ezkutuko interesak eta eskupekoak leporatu zitzaizkien. Urte batzuen buruan Australia Munduko ziklismoaren harrobi bihurtu da.

Ba orain antzeko zerbait egin nahi da Txinan, baina alferrik da, berriro kritikaz josten ari dira UCI. Bizitzako edozein esparrutan, batik bat ekonomikoan, inori ez zaio okurritzen Txinari bizkar ematea, han dago, etorkizunekoa ez ezik, ia-ia egungo ogia. Bada, ziklismo mundua da salbuespena, talde eta txirrindularietatik hasi, eta zale eta komunikabideenganaino biraoak baino ez dira entzun erabaki hori dela-eta. Hori bai, egunen batean Txinak eman dezakeen uztatik denek nahiko dute mokaduren bat, baita horren alde zirkinik egin ez duenak ere.

Aldaketa guztiak, ordea, ez dira onuragarriak, eta halabeharrez etortzen badira, are gutxiago. Taldeen fusioak ez dira pozteko arrazoi. Batetik, babesle urritasunaren lekuko direlako, eta, bestetik, ziklista on asko talde gutxi batzuetan elkartzeak lehiakortasuna hiltzen duelako. Taldeak sendotzen dira, baina ziklismoa ahuldu. Eta badira ezer gutxirako balio duten erabakiak ere. Nire ustez, puntuen kontu hori azaleko aldaketa baino ez da, lehen zegoen sistema berdintsuari izena jartzeko baino ez du balioko. Hala uste dut.

Eztabaida handia sortu den arren, aldaketok ez dute iraganean iltzatuta dagoen kirol hau askorik aldatuko, ez behintzat puntu sistemagatik, eta ziklismoa Europatik kanpoko herrialdeetara eramatea ona dela deritzot. Australia da adibide garbia. Pauso hori, ordea, txirrindularitzak beste kirol batzuekin lehiatu nahi badu nahitaez egin behar duen lehen urratsa baino ez da. Ibilbideetan, talde egituretan, sostengu ekonomikoan eta beste hainbat arlotan ere aldaketak premiazkoak dira. Aingurak jaso eta ausardiaz jokatzeko garaia heldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.