Uda, batzuentzat behintzat, atseden hartzeko bainoago, ohi baino gehiago lan egiteko epea da. Saskibaloiko klubetako bulegoetan balantzea egin, ondorioak atera eta erabakiak hartzeko garaia izaten da batez ere.
Konexioak
Udaro bada zeresana Baskoniaren bulegoetan, Zurbanon. Aurten ez da salbuespena izango. Felix Fernandez manager orokorrak segitu egingo duela esan arren, ez dirudi Paolo Galbiati entrenatzailearengan erabateko konfiantza dutenik. Zalantzak daude. Joan Peñarroyarekin ere izan zituzten, eta denek ondo dakigu zelan amaitu ziren gauzak. Ez litzateke egoera hura errepikatu beharko. Xevi Pujol kirol zuzendariaren inguruan ere zalantzak daude. Kluba uztea eskatu du, Bartzelonaren eskaintza bat baitu. Beraz, proiektua, oro har, zalantzan dago berriro. Lan egiteko modu berri bat ekarri dute, baina zuzendariek ez omen dute argi ikusten. «Euskal herritarrekin konexioa lortu dut», zioen italiarrak. Eta horrela da. Aspaldiko partez, gainera, zaleek gozatu egin dute noizbehinka taldearekin. Zer esanik ez Espainiako Kopako garaikurrarekin.
Errealitatera egokitu beharra dago, batez ere Euroligan. Baskoniak 2026-2027ko denboraldiko aurrekonturik apalenetakoa izango du. Asvelek inbertsio handia egingo du, adibidez. Horrenbestez, helburuak egokitu beharko ditu. Fitxaketekin asmatuz gero, akaso, Play-In edo kanporaketak jokatzeko atarikoetan aritzeko borrokan sar daitezke, baina, hala ere, zaila da. Galbiatik, adibidez, garesti ordaindu du Euroligan izandako hasiera kaxkarra: arabarrek lehen sei partidak galdu zituzten.
Markus Howard da denboraldiko beste protagonistetako bat. Maiatzaren 3an jokatu zuen azken partida ACB ligan. Trent Forrest, Markquis Nowell eta Kobi Simmons ere AEBetakoak izanda, bik kanpoan geratu behar zuten ligan, eta Galbiatik Nowell eta Howard izatea erabaki zuen. Baskoniak ahalegin handia egin zuen haren kontratua luzatzeko, baina oraindik ez du horren emaitzarik jaso. Erasoan bereziki kamuts aritu da denboraldi honetan, eta horrela ez dago ezkutatzerik defentsan eragiten duen zuloa. Kantxan egon denean, aurkariek beti bilatu dute.
Lesioek ere baldintzatu dute Baskoniaren denboraldia. Tadas Sedekerskisek eta Khalifa Diopek izan behar zuten taldearen jokalari erabakigarriak uztaipean, baina min hartuta egon dira sasoiko zatirik handienean. Ondorioz, gasteiztarrek zulo handia izan dute barruko jokoan. Horren ondorioz maiz joan behar izan dute merkatura, eta emaitzak desberdinak izan dira. Omoruyik eta Radzeviciusek lan ona egin dute. Noweellen eta Edwardsen aldeko apustua, berriz, ez da hain ondo atera. Aurrekontuak ere asko baldintzatzen du horrelakoetan.
Etxeko lanak, aurreratuta
Rafa Pueyo Bilbo Basketeko kirol zuzendaria onenetakoa da aurrekontuari zukua ateratzen. Aurten, gainera, etxeko lanak asko aurreratu ahal izan ditu. Beste urte batez ACB ligan mantenduta eta Europan ere jauzia eginda, ausartago jokatu ahal izango du jokalariak fitxatzeko orduan. Bilbo Basketek Txapeldunen Liga jokatuko du hurrengo denboraldian. Hau da, aste bitarteko partidetarako bertako bost jokalari beharko ditu. Argi dagoena da beste pauso bat eman beharra zutela Europan, txapelketari dagokionez behintzat. Exijentzia beste bat izango da, eta, beraz, egokitu beharko dute. Izan ere, orain aste bitartean ere gehiago eta hobeto lehiatu beharko dute.
Jaume Ponsarnauk ere 2029ra arte luzatu zuen kontratua. Hura da proiektuaren burua, eta bide horretatik, bat dator bulegoko lanarekin. Adibidez, «biziago jokatzen duten eta fisikoki ahalmen handiagoa duten» jokalariak eskatu ditu. Iaztik bazekien Melwin Pantzarrek ez zuela jarraituko, eta arin mugitu dira bulegoetan. Dagoeneko jakinarazi dute Justin Jaworskik, Amar Syllak eta Stefan Lazarevicek ez dutela jarraituko. Era berean, Adam Somogyiren, Dan Duscaken eta Nate Darlingen fitxaketen berri eman dute. Lotuta omen dituzte beste bi jokalari ere: Manex Ansorregi eta Bastien Vautier. Ez dugu ahaztu behar Martin Krampeljek, Luke Petrasek, Margiris Normantasek eta Darrun Hilliardek 2028ra arteko kontratu luzapena sinatu zutela.
Hori izango da bilbotarren oinarria. Zaila izango da ACBn zortzi talde onenen artean sartzea bigarren urtez jarraian. Kontuan izan behar da aurten Unicajak eta Kanaria Handiak huts egin dutela, eta gero, beti dagoela ezustekoren bat. Hala ere, helburua borroka horretan sartzea izan behar da. Beraz, aurrerapausoak alde guztietatik egin behar dira.