Niko Iurramendi.
ARRANPLATIK

Belarriak tente

2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iragarpenek ez dute huts handirik egin asteburuan. Haizeak ere izan du garrantzia, baina zaharrak berri. Santurtzik, bi egun oso konpleto eginik, etxerako bide gozoa izango zuen igandean, seguru. Hondarribiarrek, sendotasun handirik ez erakutsi arren, eta arraun hausturaren zorte txarra tarteko, beste taldeek ez duten martxa bat dutela erakutsi ziguten larunbateko popareetan. Zierbena eta Donostiarra txorakeria gutxirako daude, hirugarren ziabogan Santurtzi bera ere atzean utzi baitzuten, eta biek momentu berean, pentsa!

Guk, Urdaibaik, helburu batekin piztu genituen ostiralean furgoneten motorrak, «ohorezko txandan sendo» egoteko asmoz. Hiru hitz horietatik bi lortu ditugu, baina asmo eta nahien erdiarekin itzali behar izan ditugu kotxeak etxeratzean. Larunbateko estropadan hiru bat minutu pasatu orduko ikusi genuen sufritzeko eguna genuela. «Honela arraun eginda, jai dugu» esaten genion geure buruei.

Taldetik kanpo dagoen batek igandeko estropadaren analisia egingo balu, esango liguke hoberena emaitza bera baino gehiago, postua izan zela, ez baitago hobetzerik. Baina taldekideok hogei minutu sufritu horietan izan genituen momentu gozoak. Horra asteburuko onena. «Horrela arraun egiten badugu aurrerantzean, jai dute» esaten diogu geure buruari orain. Belarriak tenteago ditugula itzuli gara Galiziatik. Hurrena, Donostiako Kontxa badiako lau luzeko estropada dugu.Etxeko estropada izan dudana, aurten, ezberdina. Ea hiru hitzetatik hirurak betetzea lortzen dugun oraingoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.