Bi jardunaldi falta dira Txapeldunen Ligako ligaxka bukatzeko, eta Athleticek bost puntu baino ez ditu lortu orain arte. Portzentajeak kontuan hartuta, %16ko aukera du txapelketan aurrera jarraitzeko. Aurreko denboraldian 11 puntu behar izan ziren lehen 24 sailkatuen artean egoteko, baina aurten nahikoa izango litzateke bederatzi lortzea. Hau da, Athletic ez dago behartuta geratzen zaizkion bi norgehiagokak irabaztera, baina gutxienez berdinketa bat lortu behar du gaur Atalantaren aurka. Bergamora egingo duen bisita, ordea, ez da erraza izango.
Italiako taldeak hamahiru puntu ditu, eta lehen jardunalditik ez du galdu. PSGren aurka galdu zuen, Parisen. Ligaxka osoan sei gol jaso ditu, eta horietatik lau egun hartan sartu zizkioten. Bi areatan talde orekatua da: gol gutxi jasotzen ditu, baita sartu ere. Oreka horrek jokoan du isla. Erasoan dituen indarguneak min egin diezaiokete Valverderen taldeari, baina, aldi berean, gabeziak ditu defentsan. Talde zuri-gorriak gabezia horiek baliatu ditzake punturen bat batzeko.Â
Euskarri bikoitzaren bizkarreko eremua
Raffaele Palladinok 1-5-2-3 sistema erabiltzen du hasierako marrazki gisa, baina baloia duenean aldatu egiten du. Italiako taldeak baloia atzetik ateratzen duenean, Scalvini, eskuineko erdiko atzelaria, hegalera mugitzen da. Bien bitartean, hegalekoek gora egiten dute. Hala, baloia ateratzean hiruko lerro bat osatzen dute, bi euskarrietako bat defentsan kokatzen baita. Marten De Roon eskuinean jarri ohi da, eta Ederson edo Pasalic, ezkerrean. Hala, Zalewski aske mugitzen da zelai erdian hutsik geratzen den eremuan; bestela, kanporantz ere mugitu ohi da. Â
Denboraldiko partida garrantzitsuenetan Valverdek 1-4-4-2ko marrazkia erabili ohi du taldeak baloirik ez duenean. Atalantak erraz ateratzen du baloia atzetik; konfiantza du horretarako, baita erregistro ugari ere. Ondorioz, litekeena da Athletic bloke ertainean kokatzea. Baina azkenaldian Athleticek arazoak izan ditu bere euskarri bikoitzaren bizkarrean, eta hori ondo zaindu beharko du.Â
Athleticeko euskarrietako batek bere tokitik mugitu egin beharko du Italiako erdilarietako batek atzera egiten badu edo Zalewski mugitzen bada. Bartzelonak eta Osasunak hori baliatu zuten Athletici min egiteko. Horretarako, baloia barrura sartu zuten, eta ondoren berehala kanpora atera, taldea luze egiteko. Atalantak bi aurrelari ditu bizkarrez bikain moldatzen direnak: Scamacca eta Krstovic. Aurrelari garaiak dira, eta gaitasun handia dute lerroen artean azaltzeko eta atzetik iristen diren taldekideei baloia uzteko. Horrela egin zion min Torinori, duela bi jardunaldi, ligan. Oraingoan hori egiten saiatu daiteke Athleticen aurka.Â
Nagusitasuna eskuin hegalean
Scalvini hegaleko bihurtzen denean, Musahek edo Zappacostak gora egiten dute. Biak jokaldiak lotzen saiatzen dira De Ketelaerekin horretarako. Horrela, Atalantak hiru jokalari pilatzen ditu hegalean, erdilari bat gehituz. Bestalde, Italiako taldeak ez ditu pase luze gurutzatu gehiegi egiten, eta horrek mesede egiten dio Athletici. Izan ere, hori egiten duten taldeen aurka asko sufritzen du. Atalantari kosta egiten zaio erreiak lotzea. Baina Athleticek ondo zaindu beharko du italiarrek eskuin hegalean lortu ohi duten nagusitasuna. Izan ere, aurkariei hegalean toki gehiegi uzteko joera du.
Athleticen kontraerasoa
Atalantak baloia ateratzean marrazkia desegituratzen duenez, bizkarrera arazoak izan ohi ditu defentsako trantsizioetan. Horrez gain, erdiko atzelariek, batez ere alboetan kokatzen direnak, oso erreaktiboak izateko joera dute. Kokatuta dauden tokitik ateratzen dira, lerroartean agertzen diren jokalariei baloia lapurtzeko asmoz.
Aurkariari goian presioa egiteko mesedegarria da hori. Baina atzera egiten duenean arazoak eragiten dizkio horrek Atalantari. Izan ere, defentsako lerroa asko zabaltzen du, eta jokalarien artean tarte asko uzten ditu. Athleticek horiek balia ditzake kontraerasoak egiteko. Horri esker punturen bat ekar dezake Bergamotik.