Gizonezko Txapeldunen Ligako finalerdiak oso ezberdinak izan dira. Arsenalen eta Atletico Madrilen arteko kanporaketan, bi taldeek zera lehenetsi zuten: taktikoki ordenatuta egotea. Bayern Munichek eta PSGk jokatutakoa, berriz, frenetikoa izan zen. Gainera, ohikoa den moduan, finalerako sailkatzeko premiak taldeen portaera aldatu zuen. Atletico Madrilek, adibidez, askeago jokatu zuen; PSGk, berriz, defentsako lanean aritu behar izan zuen, nahiz eta ez dagoen horretarako ohituta. Azkenerako, finala PSGk eta Arsenalek jokatuko dute, maiatzaren 30ean, Budapesten.
Bayernek plan bat zuen
Nahiz eta amaierako emaitza ikusita ez iruditu, joaneko partidan Bayern Munichek plan bat zuen baloia ez zuenerako: bloke ertainean kokatu, eta 1-4-4-2 marrazkia erabilita ordenatuta egotea. Hala, partidako lehen 25 minutuetan PSGk modu bakarra izan zuen aurrera egiteko: Kvaratskheliaren buruz buruko jokaldiak. Gaur egun georgiarra da Luis Enriqueren taldeko jokalaririk trebeena halako jokaldietan, eta estu hartu zuen Stanisic.
Alemaniako taldeak, gainera, oso argi zeukan ere zer egin nahi zuen baloia zuenean. PSG oso talde oldarkorra da presioa egiten duenean, eta Bayerneko entrenatzaileak, Vincent Kompanyk, horri atera nahi zion etekina. Nola? PSG desordenatuz. Horretarako, Bayerneko atzelariek baloia zutenean, euskarrian aritzen diren Pavlovic eta Kimmich haiengana gerturatu ziren. Hala, Joao Neves eta Vitinha lekutik atera zituzten. Hori lortu zutenean, baloia Neuer atezainari eman, eta hark Kane bilatzen zuen pase luzeak emanez. Bayern oso indartsu egon zen bigarren jokaldietan Musialarekin eta Luis Diazekin, eta Olisek ere min handia egin zuen. Baina Kompanyren planak 25 minutu iraun zuen, eta tarte horretan Bayernek gol bat baino ez zuen sartu. Eraginkorrago aritzea falta izan zitzaion aurkariaren ate aurrean.
Bi taldeak sendo eta ordenatuta aritu ziren defentsan, eta jokalariek zorrotz bete zuten entrenatzaileek partidarako zuten plana. Baina PSGk banakoa lortu zuenean, norgehiagoka goitik behera aldatu zen. Sendotasun eta ordena hori desagertu egin zen. Bi taldeek presio estua egin zuten, zelai osoan jokalariak parez pare jarriz. Joan eta etorriko partida izan zen. Askoren ustez, Txapeldunen Ligako historiako finalerdirik onena izan zen. Nik esango nuke, ordea, entretenigarria eta ikusgarria izan zela.
PSGren aldaketa
Joaneko partidan gertatutakoa kontuan hartuta, itzulerakoan Kompanyk erabaki zuen beste jokalari batek zaindu behar zuela Kvaratskhelia. Stanisic ezkerrera mugitu zuen, eta Laimer kokatu zuen eskuinean. Upamecanok arduratu behar zuen Kvaratskhelia defendatzeaz. Baina planak bi minutu baino ez zion iraun. Laimerrek ez zuen asmatu Fabiani presioa egiten, eta Kvaratskheliak hori baliatu zuen haren bizkarrera zuloa topatzeko. 0-1eko jokaldia hark egin zuen, eta gola Dembelek sartu zuen. Gol horrek neurketa aldatu zuen. PSGk beste modu batera jokatu zuen. Luis Enrique zuzentzen duen taldeak gora egiten du beti, baina kasu honetan bloke ertain-baxu batean kokatu zen, eta ordenatuago jokatu zuen. Hala, gai izan zen Bayern gelditzeko. Bayernek 93. minutuan sartu zuen berdinketaren gola —Kane izan zen golegilea—. Baina berandu zen ordurako.
Txanponaren beste aldea
Atletico Madrilen eta Arsenalen arteko kanporaketa oso bestelakoa izan zen. Joanekoan bi taldeek ez zuten arriskurik hartu aurkaria erasoan ari zenean. Diego Simeonek, bere taldeak baloia ez zuenean, 1-5-4-1 marrazkia erabili zuen. Giuliano atzean kokatu zuen, hegaletik gora egiteko. Haren aurretik, berriz, Griezmann aritu zen. Horrekin Hincapie, Madueke eta Martinelli kontrolatu zituen. Artetak, berriz, 1-4-4-2ko sistemaren alde egin zuen. Minutuak aurrera joan ahala Atletico Madrili kosta egin zitzaion jokaldiak lotzea. Arsenalek baloi dezente lapurtu zituen Atletico Madrilen zelaian, eta jokaldi horietako batean iritsi zen Mikel Artetaren taldearen aldeko penaltia. Gyokeresek ez zuen huts egin 11 metroetatik.
Baina egoera aldatu egin zen gero. Atletico Madrilek gorago egin zuen presioa, eta, horren ondorioz, Rice eta Odegaard gutxiago sartu ziren jokoan. Artetaren taldeak antzeman egin zuen, eta, azkenerako, penaltiz ere, madrildarrek neurketa berdintzea lortu zuten. Kanporaketa airean zegoen.
Ausardiak ez zuen saririk izan
Itzulerakoan, Londresen, Simeoneren plana berdina izan zen bloke ertainean kokatu zenean. Bosteko defentsa lerroa ipini zuen, eta Griezmannek eta Lookmanek Calafioriren eta Whiteren barruko posizioak zaindu zituzten. Hasieratik ondo aukeratu zuten Arsenalen baloi irteeran presioa egiteko momentua. Kokek estu hartu zuen Eze, eta atzeko hegalekoek lan handia egin zuten Martinellik eta Sakak baloia bizkarrez jasotzen zutenean, buelta eman eta aurrera ez egiteko.
Arsenalek Gyokeresen bidez baino ez zuen lortu Atletico Madrilen presioa gainditzea. Aurrelaria bi aldeetara mugitu zen, presioa egiten ari ziren hegalekoen bizkarrera zuloak topatzeko. Baina Hanckok eta Pubillek ondo zaindu zuten. Azkenerako, ordea, suediarrak mugimendu on bat egin zuen, eta hala iritsi zen etxekoen gola. Atletico Madrilek ohi baino ausartago jokatu zuen, baina ez zuen saririk izan. Beraz, Arsenalek jokatuko du finala.