PSGk eta Arsenalek Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute gaur Pragan (18:00, TVE1 eta TF1). Bi taldeak finalera iritsi dira, ez bakarrik kontinenteko bi talde onenak direlako, baita jokatzeko bi modu oso desberdin dituztelako ere. Baloia ez dutenean jokatzeko duten moduak bereizten ditu. PSGk etengabe egiten du presioa. Horretan ez dituzte indarrak neurtzen, eta helburu argi bat dute: baloia ahalik eta azkarren berreskuratzea. Hori dela eta, haren partidetan edozer gerta daiteke, eta joan eta etorri askokoak izaten dira. Arsenalek ez du hainbesteko arriskurik hartzen. Mikel Artetak zuzentzen duen taldearen ezaugarri nabarmenetako bat zera da: atzetik aurrera presioa egiteko gaitasuna. Ordena handiz egiten dute, kokatzerakoan arrisku handirik hartu gabe. Beraz, kontrolik gabeko final batek PSGri egin diezaioke mesede; Arsenali, berriz, kalte. Hori kontuan hartuta, zer egin dezake Artetaren taldeak PSG gorenetik kentzeko? Hiru euskal herritar izango dira finalean, denak Arsenalen: Arteta entrenatzailea, eta Martin Zubimendi eta Mikel Merino jokalariak.Â
Blokean defendatu
Arsenal talde gogorra da. Aurkariak baloia ateratzen duenean izan ezik —orduan goian egiten du presioa—, bloke ertainean kokatzen da, eta 1-4-4-2 marrazkia erabiltzen du. Gainera, une egokiak aprobetxatzen ditu presioa egiteko. PSGri aurre egiteko garrantzitsua izango da blokean defendatzea, eta zonaka defendatzea. Buruz burukoko zaintzak saihestu behar ditu; izan ere, Frantziako taldeko jokalariak asko mugitzen dira, eta horren ondorioz aurkariek ordena eta oreka galtzen dute. PSGk hori egiten du aurkariak erakarri eta haien bizkarrean hutsuneak aurkitzeko. Horretarako, Vitinha atzeko lerrora hurbildu ohi da, aurkariaren erdilari bat bere postutik ateratzeko. Aldi berean, Dembelee zelai erdira mugitzen da, aurkariaren erdiko atzelariek zalantza egin dezaten. Â
Hutsune horiekin, Doue eta Kvaratskhelia —finala jokatuko duten jokalarien artean, georgiarra da onena gaur egun— ezker hegalean batu ohi dira, abantaila lortuz, bai jokalari kopuruari dagokionez, bai kokapenean. Beraz, Arsenalek ezinbestean eutsi beharko dio ordenari final guztian.Â
Aurrelaria luze bilatu
Arsenalek etekina atera behar dio PSGk goian egiten duen presioari. Hala egin zuen Bayern Munichek finalerdietako joaneko partidaren lehen zatian. Hori lortzeko gakoetako bat Artetak euskarrian jarriko dituen bi jokalariak —ezusterik ezean Rice eta Zubimendi izango dira— atzera egitea izango da. Hala, PSGren barruko erdilariak, Joao Neves eta Fabian, tokitik ateratzeko. Helburua zera da: David Raya Arsenaleko atezainak, aurrelariaren bila, baloia luze ateratzean, bi jokalari horiek bigarren jokaldi posible batetik urrunago egotea. Arsenalek zuzen jokatuz egin diezaioke min PSGri.
Buruz buruko lehiak
Taldeek izan ohi dituzten automatismoetatik harago, finalak xehetasun txikiek erabakitzen dituzte. Are gehiago kontuan hartuta bi taldeek jokalari erabakigarriak dituztela hegaletan. Kvaratskheliak buruhauste ugari eragin zizkion Stanisici finalerdietan. Ben White min hartuta dago, eta, ezusterik ezean, Mosquera izango da georgiarra zaintzeaz arduratuko dena. Hasiera batean jokalari egokia dirudi lan hori egiteko. Erdiko atzelaria izanda, ondo kokatzen da, eta azkarra da atzera korrika egin behar duenean. Nuno Mendesek ere sufritu egin zuen finalerdietan Oliseren aurka. Oraingo honetan, Madueke edo Bukayo Saka izango ditu aurreran. Biak trebeak dira buruz buruko lehietan. Hor egin dezake min Arsenalek.
Emaitzaren kudeaketa
PSGk ez daki denbora luzez bloke ertainean egoten baloia ez duenean. Luis Enriqueren taldea aurretik jartzen bada, Arsenalentzat beste partida bat hasiko da. Zentzuz kudeatu beharko du neurketa. Ez zaio komeni presaka aritzea; izan ere, akatsak egin ditzake, eta frantziarrek ederki baliatzen dituzte halakoak. Luis Enriqueren taldeak aurrera egiteko bidea topa dezake ezker hegaletik, eta min handia egin dezake Calafioriren edo Hincapieren bizkarrera. Arsenalek adi egon behar du horrekin. Izan ere, biek barrura jo ohi dute. Partidan joan eta etorri asko egoteak PSGri egingo dio mesede. Beraz, Arsenalek lasai jokatu behar du, baloia izan eta ondo mugitu. Zenbat eta gehiago, hobeto. Izan ere, PSG ez dago ohituta denbora luzez baloirik gabe egotera. Sufritu egiten du halakoetan.