Brasilgo selekzioak aspalditik dauka jokalari talentudunak emateko arazo bat, baina haren lidergo krisia ere gero eta nabarmenagoa da. Ez da beharrezkoa 2014ko Munduko Kopan Alemaniak sartu zizkion zazpi goletara joatea Brasil noraezean dabilen azken sintoma topatzeko. 2025eko martxoaren 26an Monumentalen Argentinaren aurka 4-1 galdu ondoren, Dorival Junior kargutik kendu zuten. Hamasei partidatan zuzendu zuen selekzioa, eta %58 baino ez zituen irabazi; kopuru xumea da Brasilek duen ospea kontuan hartuta. Aurreko bi hautatzaileak Ramon Menezes eta Fernando Diniz izan ziren, Tite ordezkatu zuten. Orduan, Brasilgo Futbol Konfederazioak norabide aldaketa bat egin zuen Carlo Ancelotti hautatzaile kargurako aukeratuta: zelaian lider onik ezean, benetako liderra aulkian egongo litzateke. Hala ere, haren futbolaren noraeza bideratzea falta da oraindik, eta hori are eta zailagoa da.
Kalitate falta hegaletan
Brasilek historikoki hegaleko atzelari bikainak eman ditu: Cafu, Roberto Carlos eta Dani Alves, besteak beste, baina gaur egun ez du jokalari aipagarririk postu horretan. Ondorioz, Ancelottik Roger Ibañez eta Danilo Da Silva erabili behar izan ditu, erdiko atzelariak biak, eskuin hegaleko atzelari gisa. Gogoratu dezagun Ancelotti izan zela, Real Madrilen egon zen garaian, erdiko atzelariak alboan erabiltzeko joeraren aitzindarietako bat. Hala ere, talde hark Kroos eta Modric zituen zelai erdian, eta, horri esker, taldeak defentsa lerroa finkoago izan zezakeen, sormen pisu txikiagoarekin. Baina Brasilgo selekzioan baloia mugitzeko gaitasuna duten hegalen faltak kanpoko irteera baliogabetzen du. Baloia barrura sartzera behartzen ditu erdiko atzelariak eta euskarria, zelai erdian ere arazo larriak dituen talde batean.
Joko antolatzailerik ez
Brasildarrek jokoari arintasuna emateko erakutsi zituzten gabeziak ulertzeko, garrantzitsua da erdilarien jatorriari erreparatzea. Casemiro, Bruno Guimaraes eta Paqueta Premier Leaguetik datoz. Casemiro euskarri posizionala izan da beti. Haren bertuteak baloirik gabeko fasean azaleratzen dira bereziki, eta Manchester Uniteden egindako egonaldiak, Bruno Fernandes alboan izanda, haren rola indartu besterik ez du egin. Bruno Guimaraes Newcastleko jokalaria, berriz, Ingalaterrako ligak moldatutako erdilari horietakoa da. Trantsizioetara bideratutako liga batera egokitzeko, askok baloiaren kudeaketa ahaztu eta aldaratze gunera iristeko gaitasuna irabazten dute, bere posizioa metro batzuk aurreratuta. Enzo Fernandez eta Mikel Merino dira horren bi adibide argi. Azkenik, Paqueta azken hereneko punta erdia da, hain zuzen ere, azken paseko jokalaria.
Hirurek batera, loturarik gabeko zelai erdia marrazten dute. Horixe izan zen Brasilek Marokoren aurkako lehen zatian izan zuen arazo nagusia. Bere zelai erdia gaizki mailakatuta zegoen, eta ez zegoen inolako baloi fluxurik barrutik kanporantz, funtsezko jokalariak aurkitzeko asmoz. Casemirok baloiarekin konponbiderik ez zuenez, Bruno Guimaraes bizkarrez gerturatzen zen, inolako abantailarik gabe. Ounahik eta Bouaddik presioa egiteko testuinguru egokia zuten, beraz. Paqueta, berriz, hirugarren altueran agertzen zen, oso urruti eta pase lerrorik ez zegoen eremuan. Brasil, hortaz, oso luze eta zatituta zegoen, eta egoera benetan zaurgarrian baloia galtzen zuenean. Ezaugarri tekniko-taktikoak kontuan hartuta, Botafogoko jokalari Danilo Dos Santos izan daiteke jokalaririk egokiena paseak lotzeko, baina ez du arestian aipatutakoen izen handia. Gainera, Brasilek, funtsezko jokalariengana iristeko ez ezik, horiek bateragarri egiteko ere arazoak ditu.
Vinicius eta Rapinha bateragarri egitea
Ancelottiri Vinicius eta Mbappe bateragarri egiteko lan zaila egokitu zitzaion. Bada, orain, lan bera egin behar du Viniciusekin eta Raphinarekin. Raphinarik onena Bartzelonak sortzen duen ekosistema berezi baten emaitza da. Bertan, haustura motzaren bidez, taldeak duen elkartzeko gaitasuna ustiatzen du ezker barruko errailean. Hegalean finko jokatzeari aspaldi utzi zion. Gainera, ikusita zer-nolako eskuin hegaleko profilak dituen Brasilek, zabalera eta sakontasuna ematera behartuta dago bertan jokatzen baldin badu, erremate eremutik urrun. Baina Raphinari mesede handiena egiten dion eremuak bete-betean talka egiten du Viniciusek buruz burukoan jarraitzen duen ibilbidearekin. Raphina bere piezarik desorekatzaileena kalte egin gabe txertatzea da Ancelottik aurre egin beharreko erronketako bat.