Ibai Zabala Gandarias
Pilotari ohia

Denbora

2026ko ekainaren 1a
16:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Finalak, gozatzeko baino, irabazteko izan ohi direla uste izan dut beti, zaila baita horietaz gozatzea, are gehiago buruz burukoak direnean: pilotaria bere bakardadean. Eta nago horixe bera sentitu zuela Iñaki Artolak finalak iraun zuen artean, bakardadea; bere botileroak, Iker Iriartek, bere lana ederto bete eta une oro aupatu zein akuilatu zuen arren.

Iñakiren partida hasierak duela urtebete Jokin Altunaren aurka jokatu zuen finala ekarri zidan gogora, baita aurten jokatutako Javi Zabalaren kontrako partida gogoangarri hura ere. Izan ere, bata zein bestea hasi zituen markagailuan atzetik —10-3 aurreko urteko finala eta 0-8 Zabalaren aurkako lehia—, eta bietan lortu zuen markagailua iraultzea —Altunaren kontrakoan 15-19 aurretik jartzea lortu zuen, nahiz eta, azkenean, 22. tantorik egin ez—. Igandekoan ere horren esperantza izango zuten bere zaleek 4-10 atzetik zihoala, baina, aurrez aipaturiko bi partida horien aldean, bestelako Iñaki bat ikusten zen kantxan Nafarroa Arenan: lotuta, galduta, ezinean eta ezinetik zebilen norbait. Penaz bizi izan nuen hori guztia, ez baita batere gozoa pilotari bat halako ezintasunez ikustea, sufritzen. Gainera, pilotari hori Artola izateak are gehiago tristatu ninduen, pilotak alegiarrari txapel bat zor diola uste duten horietakoa bainaiz. Ea berandu baino lehen kitatzen duen zor hori, orain gutxi Albisurekin egin bezala.

Baina Artolaren ezin horiek guztiak ez ziren hutsetik sortu, norbaitek eragin zituen, Dario Gomezek hain zuzen. Finalerdietarako ia sailkatuta zegoela Lasoren aurka izan zuen estropezu hura gorabehera, txapelketa ia perfektua jokatu du ezkaraitarrak. Aurkariak birrindu egin ditu banan-banan, alper-harriak zokorrak nola: Elordi 6an utzi zuen, Jaka 10ean, Larrazabal 8an, Artola 6an… eta buruz buru ikusi dugun aspaldiko erakustaldirik handiena eman zigun Gernikan, Altuna 8an utzi zuen hartan.

Atzo, agian, ez zuen txapelketan ikusi diogun joko ikusgarririk egin, baina bikain bete zuen bere lana: oso ondo sartu zen partidan, nola jokatu argi zuela erakutsi zuen, ez zion Artolari bere itzalalditik ateratzeko argirik eman, fisikoki beste erakustaldi bat gehiago egin zuen… eta horrez gain, partida osteko elkarrizketan azaldu zuenez, finalaz gozatu egin zuen. Bejondeiola.

Asko gara Artolak galdu izanak tristatu eta, era berean, Dariok irabazi izanak poztu gintuenak. Zintzoa eta umila dugu ezkaraitarra, oso-osokoa; lana gogotik egin du beti, baita majo sufritu ere eskuko minen erruz. Bada, lan gogor eta sufrimendu latz horiek eta berak duen berezko gaitasunak eman dute fruitua: txapela.

Askotan aitortu du Dariok berak 2019ko Promozioko Buruz Buruko txapela irabazi izan ez balu seguru asko enpresak ez ziokeela kontraturik berrituko; orain, zazpi urteren ondoren, maila nagusiko txapelduna dugu. Horrenbeste eskatzen eta horren gutxi ematen dugun hori baino ez zuen behar: denbora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE