Santa Barbararen omenezko festak ospatu zituzten duela astebete Ezkarain (Errioxa, Espainia). Dario Gomezek (Ezkarai, 1996) lasai igaro zituen egun horiek, zintzo-zintzo. Arrazoi garrantzitsua zuen horrela ibiltzeko: lehen aldiz jokatuko zuen buruz buruko finala, eta bete-betean zebilen hura prestatzen. Astebete geroago ospatu du ospatu beharreko guztia eta are gehiago. Santa Barbararen omenezkoa ez, Dario Gomezen omenezko festa izan da Ezkarain, herriko pilotariak irabazi baitu buruz buruko txapela. Nagusitasunez irabazi zion igandean Iñaki Artolari finalean, Nafarroa Arenan: 22-6. Dariok aspaldiko bolada eten du, duela 73 urte jantzi baitzuen azkenekoz errioxar batek buruz buruko txapela.
Lorpenaren tamainakoa izan da ospakizuna, eta horren arrastoak zituen oraindik Dariok gaur, finalaren biharamunean. Haren zorionerako, ez du etxetik mugitu behar izan prentsaurrekoa emateko, Ezkarain bertan eman baitu, udaletxean. Han inguruan ibili zen bezperan, familiarekin, lagunekin eta bizilagunekin txapela ospatzen. Haiei guztiei eman dizkie eskerrak lehenik. «Oso eskertuta nago. Izugarria izan zen egin zidaten ongietorria». Behin eta berriro esan du txapela irabazteak baino gehiago, txapela gertukoekin ospatzeak egin duela zoriontsu. «Afaltzen txapela jarria izan nuen, baina lehen tabernara sartu bezain laster hor nonbait zintzilikatu nuen. Jendearekin egon nahi nuen, eta haiekin disfrutatu. Banekien ez zidatela txapela lapurtuko».
Azaldu duenez, «pixkanaka» hasi da egin duena barneratzen, baina ziur dago «denborak aurrera egin ahala» jabetuko dela guztiz lortu duenaz. «Argi dagoena da amets bat lortu dudala, eta izugarri pozik nago horregatik. Apur bat nekatuta nago, baina jendeak eman didan maitasunari esker, nekeari aurre egiten ari naiz».
«Gustatuko litzaidake torneo eta txapelketa garrantzitsuenak jokatzea. Denbora daramat lana ondo egiten, aukera baten eske»
DARIO GOMEZ Aspeko pilotaria
Buruz buruko txapeldunak gorriz jokatzen du urte osoan, eta hori egiteko «ilusio handia» du Dariok. «Garai polita bezain zaila izango da, denok nahi baitiote txapeldunari irabazi. Gorriaren zama sumatu dezakedala? Agian, bai, baina orain arte bezala jarraitu nahi dut, frontoian barruan dudan guztia ematen. Ea lortzen dudan».
Espero du txapelduna izanik, enpresan «beste estatus bat» izatea. «Banaka ondo ari naiz, eta binaka, gero eta hobeto; aukera eman didatenean neurria eman dut. Gustatuko litzaidake torneo eta txapelketa garrantzitsuenak jokatzea. Badakit zaila dela, lehia handia baitago, baina denbora daramat lana ondo egiten, aukera baten eske. Atea jotzen hasi behar dut, edo atea burukadaka bota. Hala ere, dena ez dago nire esku, enpresarena baita erabakia». Aspek konfiantza erakutsi dio, 2029 arte berritu baitio kontratua.