«Izar handirik gabeko finala». Horixe izan zen, tamalez, igandeko finalaren aurreko egunetan gehien entzun eta irakurri nuen esaldia. Aitortzen dut harridura puntu batez hartzen ditudala halakoak; izan ere, ustezko izar handiak bidean utzi izana ez al da, bada, inor izartzat jotzeko besteko lorpena? Noiz hasten dira itzaltzen izar handiak eta argitzen berriak? Izarrak izar, iruditzen zait txapelketan zehar Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak partidaz partida erakutsi zuten maila bazela nahikoa arrazoi pilotazaleak finala ilusioz eta gogoz ikusteko. Neur ditzagun, faborez, kirolariak beren izanez, eta ez (soilik) izenez.
Hori esanda, gatozen harira eta hel diezaiogun partidak eman zuenari. Etxeberriak partida bikaina jokatu zuen: hasierako Zabalaren enbatari bikain eutsi zion, hasi eta buka partidatik atera gabe jokatu zuen, tanto gehienetan aginte-makila berea izan zen eta jokaldi zoragarriekin borobildu zuen bere lana. Erakustaldi latza egin zuen zenoztarrak. Zabalak, aldiz, nahiz eta hasierako tantoetan aurrea hartu eta agintea berea izan, alderik alde eta defentsako lan gogorrean aritu behar izan zuen ia partida osoan; bere huts edo erabaki okerren erruz baino gehiago, aurkariaren jardun ederrak hala behartuta, noski.
Txapeldun berria du, beraz, lau eta erdiko txapelak, eta poztekoa da. Finalak berak ere denetik izan zuen: joko ederra eta bizia (markagailuan oreka handiagoa nahiko genukeen arren), pilotarien arteko errespetuzko jarduna, giro zoragarria harmailetan… zera baino ez zuen falta izan: euskara. Ea, bada, hurrengoan.