Eurokopatik atera daitezkeen ondorioak gaur egungo futbolaren adierazgarri dira. Fisikoak gero eta garrantzi handiagoa du egungo futbolean. Gaitasun tekniko-taktikoak baino garrantzitsuagoa da askotan. Taldeek zailtasun handiak dituzte baloia edukita nagusitzeko. Aurkariaren azterketa lanak eta partida planak funtsezko bihurtu dira. Gainera, aulkian baliabideak izatea gero eta garrantzitsuagoa da partiden norabidea aldatzeko.
Hautagaien gurutze bidea
Frantziak, multzoen fase bikain baten ostean, galdu egin zuen Alemaniaren kontra. Dena alde zuenean galdu zuen, gainera; izan ere, neurketako 13. minutuan Alemania hamar jokalarirekin geratu zen. Frantziak jokalari bikainak ditu zelaiaren ardatz bertikala menderatzeko, onenak. Hegaleko jokalari azkarrak, sakonak eta erabakigarriak ditu. Baina ez ditu jokalari egokiak bloke baxu batean kokatzen den aurkari bat gainditzeko. Ez ditu futbolariak baloia alde batetik bestera bizkor mugitzeko.
Bestalde, Ingalaterrako hautatzaileak, Sarina Wiegmanek, eta Alemaniakoak, Christian Wuckek, lan egin dute erasoaldi luzeak egiteko aukera ematen zieten egiturak eraikitzeko. Wiegmanek jokoa sortzeko eremuan talentua pilatzea erabaki zuen, eta horretarako 1-4-3-3 sistema aldatu zuen. 1-3-4-3 bihurtu zuen, barruko bi erdilariak eta Lauren James zelai erdian askatasunez mugitzeko. Alemaniak, ordea, defentsako hegalak bidali zituen aurrera, zabaltasuna eta sakontasuna emateko. Hala erasoko hegalek lerro artean jasotzen zuten baloia.
Hala ere, txapelketan zehar bi selekzioek zailtasun handiak izan dituzte beren joko eredua ezartzeko. Erdilariek ia ez zuten pisurik izan; hegalek, berriz, buruz burukoen bidez aldatu dute partidaren norabidea. Bi kasuetan, blokeak pisu erlatiboa izan du. Hasierako plana aldatu dute. Hala, bai Alemania eta bai Ingalaterra erasoago sentitu dira protagonista izan ez direnean, Espainiaren aurka jokatzean gertatu zaien bezala.
Espainiaren eredua
Espainiaren kasuan, blokeak garrantzia du, eta zelai erdia taldearen bihotza izan da. Finalean Montse Tomek Mariona Caldentey zelairatu zuen, nahiz eta ez zegoen sasoi onenean. Nahiago izan zuen sakontasuna galdu, bere jokalari onenetako bati uko egitea baino. Arsenaleko jokalariak gol bat sartuz eskertu zion apustua, 0-1ekoa. Ezker hegalera mugitu zuen, eta Olga Carmonarekin hobeto moldatu zen, Ona Batlerekin baino. Tomek ez zion bere jokatzeko erari uko egin finalean.

Baina Ingalaterrarentzat ez bezala, Espainiarentzat gauzak okertu egin ziren partida ireki eta erotu zenean. Espainia txapelketako talderik erregularrena izan da, baina Ingalaterrak irabazi du garaikurra. Zergatik? Ohiko erritmo moteletik ateratzeko gai izan zelako. Partida ireki zenean eta penaltietan, Espainia baino hobetu moldatu zen txapelduna.
Bestelako ereduak
Espainiaz gain, beste selekzio batzuk ere gai izan dira euren jokatzeko erari eta nortasunari eusteko. Suitza eta Italia izan dira txapelketan ezustea eman duten selekzioak. Bi taldeek 1-5-3-2 marrazkia erabili dute, eta aldaketak egin dituzte aurkariari egokitzeko. Baina hortik harago, badituzte antzekotasun batzuk. Batetik, gora egiten duten hegaleko azkarrak eta sakonak dituzte, joan-etorrian ibiltzeko gaitasuna dutenak. Iman Beney suitzarrak lehen aldiz jokatu du Eurokopa, 19 urte baino ez dituela, eta txapelketa bikaina egin du.
Bi selekzioek aurkariaren defentsa lerroaren bizkarrari eraso egiteko gaitasuna dute. Hori egin duten jokalarien artean Sofia Cantore nabarmendu behar da. Juventusen bere ibilbideko denboraldirik onena egin du. Hamalau gol sartu ditu, eta gola egiteko zazpi pase eman dizkie taldekideei. Eurokopan ere bikain aritu da. Baloirik gabe asko mugitu da, eta bizi jokatu du. Gainera, batez ere Italia, bikain moldatu da aurkariaren arean. Suitza ere ez da aparte ibili. Horretarako rol desberdina eman diete barruko erdilariei. Baloia bizi mugitzeaz gain, bigarren lerrotik jaurtiketa posizioetara iritsi dira. Bestalde, bi selekzioek jokoa zuzentzeko jokalari aproposak izan dituzte: Lia Walti suitzarrek eta Manuela Giugliano italiarrek. Biak bikain aritu dira. Ondo bete eta interpretatu dute euskarriaren posizioa, eta gai izan dira kontraerasoa hasteko beharrezkoa den lehen pasea bideratzeko.
Aulkiaren garrantzia
Hautatzaileen lana ere erabakigarria izan da, eta horren adibiderik argiena Ingalaterrarena izan da. Wiegmanek Chloe Kelly erabili du neurketak aldatzeko. Gainera, Ingalaterrari garaikurra eman zion penaltia sartu zuen. Michelle Agyemangek, berriz, 19 urte besterik ez du, baina final-laurdenetan eta finalerdietan gol erabakigarriak sartu zituen. Argi dago bost aldaketen futbolean, aulkia kudeatzea eta B plana martxan jartzeko gaitasuna izatea funtsezkoak direla tituluak eskuratzeko.