Athleticek azkenaldiko partidarik osoena jokatu zuen Atletico Madrilen aurka. Oso sendo aritu zen bloke ertainean baloia ez zuenean. Aldi berean, bere onena eman zuen aurkaria itotzeko lanean baloia galtzen zuenean: azkar eta oldarkor aritu zen kontraerasoak eragozten. Mugarri izan ohi diren garaipen horietako bat izan zen, eta indarberritzeko balioko dio. Hala ere, denboraldiko partidarik biribilena egin arren, gauza berberean egin zuen huts: eraginkortasuna falta izan zitzaion.
Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak ez du gol aukerak sortzeko arazorik, baizik eta golak sartzekoa. Aldiz, asteazkenean Txapeldunen Ligan San Mamesen parean izango duen hurrengo aurkariak eraginkortasuna du bertute nagusietako bat: PSGk batez beste ia lau gol sartu ditu Txapeldunen Ligan; hemeretzi gol sartu ditu bost partidatan. Baloia jokoan dagoenean, haren jabetza du denboraren %62,4an. Askoz zehatzagoa da paseak ematerakoan: ematen dituen %91,4 ematen ditu ondo. Talde gisa deskribatzen duten datuak dira horiek. Beraz, hau da galdera: Athletic onena nahikoa al da PSG mendean hartu ahal izateko?
Falta diren jokalariek baloiaren irteera baldintzatzen dute
Luis Enriquek entrenatzen duen PSGk aurreko denboraldiko egitura berdintsua erabiltzen du baloia oinetan duela. Bere piezen mugikortasunaren gorabeherak alde batera utzita, oro har, 3-4-3 sisteman egituratzen dira, zelai erdian karratua osatuz. Erasoko hegalekoek ematen ohi dute zabalera kanpoko erraietatik. Bitartean, ezkerreko hegalekoak hiruko irteera egituratzen du, ezker erdiko atzelaria izango balitz bezala. Baina lesioak direla-eta, jokalariak falta ditu PSGk hegalean, eta hori Parisko taldearen baloi irteerako eraginkortasuna baldintzatzen ari da.
Nuno Mendes da PSGren defentsa lerro osoan pasea emateko gaitasun handiena duen jokalaria. Baina min hartuta dago, baita Lucas Beraldo ere: hark gabeziak ditu defentsa lanetan, baina, aldiz, ezker oin fina du aurkariaren presioa gainditzeko. Hori aski ez, eta Lucas Hernandezek, azken asteetan titularra izan den jokalariak, partida bateko zigorra beteko du San Mamesen. Luis Enriquek ezker hegaleko posizioa betetzeko egin behar izango duen hautaketaz haratago, hutsuneak Vitinha bere posizioa alboratzera eta defentsa lerrotik gertuago dauden eremuetan baloia jasotzera behartzen ari dira. Funtsezkoa izango da Athleticek Vitinharen jaitsierak zaintzea, PSGren irteera garbia saihesteko.
Zaire-Emeryren bizkarrean kontraerasoa antolatu
PSGk beste jokalari garrantzitsu bat faltako du eskuin hegalean: Achraf Hakimi. Haren ordez aritzeko, Warren Zaire-Emeryren alde egin du Luis Enriquek. Erdilaria denez, ezin hobeto betetzen du barruko hutsuneak betetzeko rol taktikoa taldeak baloia duenean. Defentsako lehietan, baina, gabeziak ditu, eta, bereziki, haren bizkarrean sufritzen du atzera egin behar duenean. Hegala barrutik sartzea arriskutsua da beti atzera egiteko orduan, eta are gehiago Zaire-Emeryrekin Achrafekin baino. Eta Nico Williams bolada onean dabil. Levanteren eta Atletico Madrilen aurka erabakigarria izan da, eta PSGren aurka Valverden gakoetako bat izango da zalantzarik gabe. Ikusteko dago hasieratik jokatuko duen edo partida hasi denean zelairatuko den.
Sakontasun falta
Azken partidetan jokatu duen arren, PSGren beste hutsune garrantzitsuetako bat Ousmane Dembele da. Urrezko Baloiaren azken irabazlea makineriaren gainerako zatiak funtzionatzea ahalbidetzen duen pieza da. Hura gabe, PSGk sakontasuna galtzen du, eta, sakontasunik gabe, PSGk mehatxua galtzen du arerioaren defentsa lerroaren bizkarrean. Eta Dembelek espazioari egiten dion mehatxu hori gabe, aurkariak erosoago bizi dira, bere zeregin nagusia barneko jokalarien harrera-espazioa murriztea bihurtzen baita. Haren faltan, Senny Mayulu, Ibrahim Mbaye eta Quentin Ndjantou gazteek jokatu dute, baina guztiek bederatzi faltsuaren rola betetzen dute ondoen. Gehiago kostatzen zaie aurkariak atzean utzi eta baloia jasotzeko mugimendu luzeak egitea.
Barruko harrerak eta errematatzeko gunea babestu
Athleticek 4-1-4-1 sistemaren aldeko apustua egin zuen Real Madrilen aurka, euskarri bakarraren saihetsak biluztuz. Testuinguru horretan, Fabian Ruiz eta Joao Nevesek jaso eta bira egin dezakete erraztasunez. Atletico Madrilen aurka, berriz, eroso aritu zen 4-4-2 marrazkiarekin, PSGren antzeko profil mugikorrak aurrean zituela. Dembelek ez badu jokatzen aurrelari postuan, mehatxu nagusia hegalak izango dira. Bradley Barcolak eta, batez ere, Khvicha Kvaratskheliak diagonal eta jaurtiketa ona dute aurkaria azpiratua eta estu dagoenean. Kontu handiz ibili beharko du Athleticek bigarren lerroko etorrera horiek zaintzeko, Vitinhak area ertzean jasotzen duen guztia gola bihurtuko dela dirudi eta.