Nerea Zusberro Alberro.
Analista eta kazetaria

Erritmoa eta eraginkortasuna

2025eko azaroaren 4a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Newcastle Ingalaterrako talde tipiko bat da. Erritmo oso altuan jokatzera egokitzen da, eta aurkariaren ateari begira egoten da etengabe. Hainbat erregistrori esker sartzen ditu golak. Txapeldunen Ligan 2,67 gol sartu ditu partidako. Ez du aukera askorik sortu behar izaten gola sartzeko. Adibiderik onena Benficaren aurkako partida da, Txapeldunen Ligan jokatu zuen azken neurketa: 2-0. Nick Pope atezainak 60 metroko sakea egin zuen. Baloia Havey Barnesi iritsi zitzaion, hura bizkor atera zen, eta defentsako lerroari bizkarra irabazita gola sartu zuen. Beraz, pase bakarra behar izan zuen gola sartzeko. Newcastleren jokatzeko modua hori da. Taldearen bertute nagusiak erritmoa eta eraginkortasuna dira. Hain justu Athletic bere bertsio onenetik aldatzen duten bi ezaugarriak. Athleticek aurkariaren bi ezaugarri horiei egin beharko die aurre, St James Park estadioan punturen bat lortu nahi badu.

Woltemade tranpa gisa

Newcastleko erdiko aurrelaria, Nick Woltemade, ia bi metro luze da, baina baloia bizkarrez jasotzen duenean, jokoa beste aldera mugitzeko gaitasun tekniko handia dauka. Ez da batere ohikoa halako gorputzarekin hainbesteko kalitatea duen jokalari bat topatzea, eta Newcastlek tranpa moduan erabiltzen du.

Baloia duenean Eddie Howeren taldearen marrazkia argi da. Tino Livramento ezker hegalekoa min hartuta dago, eta haren tokian Dan Burnek jokatzen du. Erdiko atzelari postuan jokatu ohi du Burnek. Hala, Newcastlek hiru jokalariko irteera lerroa osatzen du, eta eskuin hegalean Trippierrek metroak irabazteko askatasuna du. Guimaraesek eta Tonalik, berriz, euskarri bikoitza osatzen dute. Lewis Miley gazteak ere toki horretan jokatzen du.

Biko horrek aurkariak erakartzeko balio du, Woltemaderi harrera espazioa sortu ahal izateko. Horretarako aurrelaria zelai erdira hurbiltzen da. Helburua: aurkariaren defentsa lerroa tokitik ateratzea. Hala, hegaleko jokalariek gora egiteko tokia dute. Handik agertzen dira Jacob Murphy edo Harvey Barnes eskuinetik, eta Anthony Gordon ezkerretik. Athleticek gertutik zaindu beharko ditu, beraz, defentsa lerroaren bizkarrean uzten dituen metroak. 

Hegalek topo egiten dute

Bai eraso posizionalean, bai kontraerasoan, Newcastleko hegalek zuzen jotzen dute erasora. Hori da Eddie Howek zuzentzen duen taldearen ezaugarri nagusietako bat. Gainera, berezitasun bat dute: baloia aurkariaren atera daramatenean, kanpotik barrura egiten duten bidean, topo egiten dute. Hegaleko batek pasea emango du besteak gola sar dezan. Athleticek, beraz, lan handia egin beharko du zaintzetan. Izan ere, Newcastlek baloia batetik bestera gurutzatu ostean, gola alde ahulenetik irits daiteke. Arlo horretan Anthony Gordon da funtsezko pieza.

Defentsaren sendotasun falta

Ingalaterrako taldea oso oldarkorra da aurkariak atetik sakatzen duenean, eta Unai Simon luze jokatzera behartuko du. Baina arazoak bloke ertainean kokatzen direnean iristen zaizkio, baita arean defentsa lanean aritu behar duenean ere. Baloirik gabe 1-4-5-1 marrazkiarekin jokatzen du, eta bidea zabalik uzten du aurkariaren erasoko hegalek baloia jaso ahal izateko. Hor Nico Williams azaldu daiteke. Realaren aurka aulkian geratu ostean, bihar hasieratik arituko dela espero da. Gainera, defentsa lerroa batetik bestera mugitzen duenean, arazoak ditu bigarren zutoina defendatzeko. Athleticek hori baliatu behar du. Izan ere, talde zuri-gorria da Espainiako Ligan erdiraketa gehien egiten dituen taldea. Bestetik, Newcastlek arazoak ditu baloiak aldentzerakoan, eta ez da batere sendoa bigarren jokaldiak zaintzerakoan. Athleticek ahalik gehien kargatu behar du aurkariaren area, eta batez ere jokaldiak amaitu. Gainontzean, Newcastlek kontraerasora jo dezake, eta horretan oso trebea da.

Jokalari garaiak

Woltemade ia bi metro luze da, eta Dan Burne are garaiagoa da. Ondorioz, Newcastle talde oso arriskutsua da geldikako jokaldietan; ez dituen gaitasun estrategikoengatik, baizik eta dituen jokalariengatik. Athleticek bigarren zutoina zaindu beharko du, jaurtiketa itxiekin hortik agertzen direlako aurkariaren jokalari garaiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.