Munduko Kopa honetako ezustekoak Afrikako selekzioak izaten ari dira batez ere. Afrikako Futbol Konfederazioko hamar selekzioetatik bederatzi final-hamaseirenetarako sailkatu dira. Konfederazio bakar batek ez du halako lan ona egin, nahiz eta Hego Ameriketako taldeen jarduna ere ona izaten ari den, Uruguaik izandako gainbehera alde batera utzita. Paraguai dagoeneko final-zortzirenetan da Alemania kanpoan utzi eta gero, eta espero zen Ekuador kanporaketetan izatea. Ez zen halakorik espero Kongoko Errepublika Demokratikoarekin, Cabo Verderekin eta Hegoafrikarekin.Â
Zein da Afrikako futbolaren arrakastaren formula? Gakoetako bat, besteak beste, honako hau da: jokatzeko duten modua beren futbolari onenen baldintza fisiko-teknikoetara egokitzen dela. Hala, iparralderago kokatzen diren selekzioek, Egiptok eta Aljeriak, futbol asoziatiboagoa egiten dute; hegoalderagoko taldeak, berriz, talde sendoak dira. Lehiatzeko duten gaitasuna nortasun kolektiboaren ondorio zuzena da.
Egipto eta Aljeria; joko asoziatiboa
Egiptoko eta Aljeriako selekzioek paralelismo taktiko asko izatea ez da kasualitatea. Bi taldeak oinarrizko sistema beretik abiatzen dira: 1-4-2-3-1a esaterako. Baina biak 1-4-4-2ko marrazkian egituratzen dira baloia ez dutenean. Nahiago dute baloia izan eta joko asoziatiboa egin, joan-etorrian aritu baino. Haien izar nagusiak gehiago nabarmentzen dira teknika bikaina izateagatik, potentzia eta abiadura izateagatik baino. Bi selekzioetako jokalari onenak hiruko erdiko lerroan kokatuta daude: Mahrez eta Salah. Aljeriako eta Egiptoko itsasargiak dira, hurrenez hurren. Mahrezek Ibrahim Maza gaztea du ondoan laguntzen; Salahren bazkiderik onena, berriz, Marmoush da. Aurrelari postuan jokatzen du, baina asko gerturatzen da zelai erdira arerioaren defentsako lerroa erakartzeko. Hala, Salah da espazioak bilatzen dituena gora egin eta gola sartzeko.Â
Bi selekzioek, gainera, sakon jokatzen duen hegaleko jokalari bat dute eskuin alboan. Aljeriako eta Egiptoko euskarri bikoitzeko kideetako bat defentsa lerrora hurbiltzen da, baloi irteera hiru erdiko atzelarirekin egituratzeko. Alde berean Aljeriak askatasun osoa ematen dio Belghaliri, eta Egiptok Halyriri. Halyk, gainera, defentsako lanerako gaitasun handia dauka. Hala erakutsi zuen Belgikaren aurka, Doku aurrean izan zuenean.
Baloia ez dutenean, bloke ertainean kokatzen dira, biak multzo ordenatuak dira, eta ondo aukeratzen dute presioa egiteko unea. Bi jokalarirekin jokatzen dute euskarrian, aurkariaren jokalariek lerroen artean jaso ditzaketen baloiak edo egin ditzaketen haustura mugimenduak zaintzeko. Baina biek sufritu egiten dute aurkariak zuzen jokatzen dutenean. Yasser Ibrahim Egiptoko erdiko atzelariak zailtasun handiak ditut baloia buruz jotzeko lehietan: Aljeriaren defentsako lerroak, berriz, sufritu egin zuen Uzbekistanen kontra, Shomudorovek espazioetara egindako haustura edo mugimenduekin. Bi selekzioek kalitate gehiago dute erasoan defentsan baino.Â
Cabo Verde eta Kongo
Cabo Verdek eta Kongoko Errepublika Demokratikoa multzo indartsuak dira, defentsan egin duten lanetik abiatuta. Cabo Verdeko hautatzaile Pedro Leitao Brito Bubista-k 1-4-5-1 marrazkiaren alde egin du. Bloke ertain-baxuan kokatzen ditu jokalariak. Horren helburua zera da: aurkariak barrutik bilatu ditzakeen haustura mugimenduak saihestea. Gainera, zelai erdiko bosteko lerro zabalari esker, defentsako laguntzak bizkor egiten dituzte hegaletan. Hala Cabo Verdek honetara behartzen du aurkaria: baloia alde batetik bestera oso azkar mugitzera, eta zabal jokatuta aurrera egitera. Espainiaren aurkako partida izan zen horren adibide argiena. Defentsako lanean jokalaririk erabakigarriena Lopes izan da oraingoz. Â
Sebastien Desabre Kongoko hautatzaileak 1-4-4-2 marrazkia erabili zuen Uzbekistanen aurka. Baina Ingalaterraren kontrako kanporaketan 1-5-3-2 marrazkira bueltatzea espero da. Taldeko bi aurrelariak, Bakambu eta Yoanne Wissak, hondoratzeko eta trantsizioan bizkor ateratzeko konfiantza izateko joera duen selekzioaren kontrapuntu perfektua dira.
Hegoafrika, hibrido bat
Lehenengo partidan Mexikok egindako goi presioa gainditzeko izan zituen zailtasunak alde batera utzita, Hegoafrikak baloia eduki nahi izaten du. Futbol asoziatiboaren eta joko zuzenaren arteko hibridoa da. Batez ere ezker hegalean pilatzen ditu eraso posizionala aurrera eramateko jokalariak. Modibak altuera irabazten du, eta Masekok sakontasuna ematen du. Baina aurrelaria zuzen bilatzeko gaitasuna ere badu, Appollisekin. Hala ere, Hugo Brossek zuzendutako selekzioa bere kontinenteko kideak baino ahulagoa da defentsan, eta horrek Munduko Kopako kanporaketetan eragina du. Hala, final-hamaseirenetan esan dio agur txapelketari, Kanadaren aurka galdu eta gero.Â