Bi finalistak nortzuk diren kontuan hartuta, txapelketak espero genuen gidoia izan duela esan dezakegu. Ingalaterra eta Espainia ziren, zalantzarik gabe, Eurokopako finala jokatzeko faboritoak. Ingalaterraren errendimendua pobrea izan da. Baina ez gaitu ustekabean harrapatu. 2023ko Munduko Kopan ere hala izan zen, nahiz eta orduan ere finalera iritsi. Ezbehar ugari izan ditu bidean, eta zalantzak sortu ditu, ziurtasunak erakutsi baino gehiago. Espainia, aldiz, partidarik galdu gabe iritsi da finalera.
Italiarik lehiakorrena
Italiak eta Ingalaterrak jokatutako finalerdiak ere gidoi zehatz bat izan zuen. Lehen zatian Italia nagusi izan zen taktikari dagokionez. Andrea Soncinek arbelean prestatutakoak bikain funtzionatu zuen. Haren taldeak baloirik ez zuenean 1-5-3-2 marrazkia berreskuratu zuen. Helburua honako hau izan zen: zelai erdian Ingalaterra berdintzea. Horretarako, aurrelarietako bat zelai erdian kokatzen zen erdilariek alboetara jauzi egiten zutenean.
Sarina Wiegman entrenatzaileak Stanway, Toone eta Lauren James batera jartzen dituenean, Ingalaterra motel, geldo eta sakontasunik gabe aritzen da. 2023an ere hala gertatu zitzaion. Aurkariak Walsh ondo zaintzen badu, baloiarekin nagusi izateko gaitasuna galtzen du.
Hala ere, partida aldatu egin zen atsedenaldiaren ostean. Italiari kosta egiten zaio bigarren zatietan taktikoki eustea. Egoera estu dagoenean Wiegmanek sinpletasunera jotzen du. Hala, zelai erdiari garrantzia kendu, hegaletan desoreka eragiten duten jokalariak jarri eta area indartu zuen. Gainera Agyemang agertu zen berriz ere. Zoria alde duela dirudi. Izan ere, hark lortu zituen berdinketaren golak Suediaren eta Italiaren kontra. Ingalaterra zuzen jokatzen du halakoetan, eta sinplea eta eraginkorra da.
Espainiak garaiezin dirudi
Espainiak Alemania kanporatu zuen, eta, hala, Parisko Olinpiar Jokoetako arantza atera zuen. Izan ere, alemaniarrak gailendu ziren brontzezko domina lortzeko norgehiagokan. Christian Wucken planak egokiak ziren, bai bere taldeak baloia zuenerako, bai ez zuenerako. 1-4-5-1 sistema erabili zuen, Espainiako jokalariekin parez pare aritzeko. Alemania trebeagoa da kontraerasoan defentsako lanean baino, baina lortu zuen partida luzatzea. Espainiak arazoak izan zituen Alemaniaren defentsaren bizkarrean min egiteko. Gainera, Berger ere agertu zen, txapelketako atezainik onena. Horregatik izan zen erabakigarria luzapena finalerdian.
Sarinaren formula berria
Espainiaren aurka, Ingalaterrak bestelako egoera bat izango du. Ez du derrigor baloia eduki beharko. Izan ere, Espainiak baliabide tekniko-taktiko gehiago izango ditu horretarako. Bloke ertain batean kokatu beharko du minutu askotan, Munduko Kopako finalean egin zuen akatsa errepikatu nahi ez badu.
Espainiaren aurka, goian presioa egitea ez da irtenbide ona. Tomek zuzentzen duen selekzioaren aurka ondo moldatu diren selekzioek hiru baldintza bete dituzte: batetik, bloke ertainean kokatu dira, lerroen artean distantzia gutxi uzteko. Hala, Alexiak eta Aitanak ez dute baloia eroso jasotzen, eta ezin dute bira eman. Antzera gertatzen da Patri Guijarrorekin. Horretarako aurrelari bat jarri dute haren aurrean, zelai erdian jokalari bat ez galtzeko. Azkenik, azkar mugitu dira alde batetik bestera, Espainia hegaletan nagusi ez izateko. Ziurrenik Suitza izan da hori ondoen egin duena txapelketa honetan.

Bestalde, Alemania izan da bere akatsak agerien utzi dituen selekzioa. Tomeren ohiko hamaikakoan jokalari gehiago daude baloia oinera nahi dutenak espaziora baino. Espainiak bloke osoa aurkariaren zelaian finkatu behar du pase laburren bidez aurrera egiteko. Gainera, hegaleko jokalariak oso goian kokatzen ditu, baloia mugitzerakoan pisua izateko. Hain zuzen ere, hori baliatu dezake Ingalaterrak, erraietatik Espainiari min egiteko. Buhlek eta Brandek horixe egin zuten, eta Meadek, Hempek eta Kellyk ere egin dezakete. Gainera, Espainiari kosta egiten zaio sakon jokatzen duten aurrelariak defendatzea. Laia Aleixandrik sufritu egin zuen Beneyrekin, baita Maria Mendezek Hoffmannekin ere. Tankera horretako jokalaria da Russo.
Suitzak eta Alemaniak egindakoari erreparatu beharko dio Ingalaterrak. Sarinak badauka horretarako formula, baina osagai berriak beharko ditu. Finala etzi jokatuko da, 18:00etan.