Txapeldunen Ligako final-laurdenetako lau partidetatik hiru joaneko partidan erabaki ziren. Azkenean ez zen ezustekorik izan finalerdietarako sailkatu diren taldeetan. Wolfsburgok bakarrik lortu zuen Europako lau talde onenetako bat estu hartzea.
Ez zuen irteerarik izan
Wolfsburgok 1-0ekoa lortu zuen AOK estadioan Olympique Lyonen aurka. Stephan Lluchi bikain atera zitzaion joaneko partidako plana. Alemaniako taldea 5-4-1 marrazkian kokatu zen bloke baxuan, eta baloia Jonathan Giraldezek zuzentzen duen taldeari eman zion. Horren helburua zen baloia berreskuratu ondoren kanpoko lerroetatik kontraerasoan azkar irtetea. Eta horrela, hain zuzen ere, iritsi zen 1-0ekoa, Beerensteynek bukatutako Endemannen arrapalada bati esker. Wolfsburg markagailuan aurretik jarri zenean, are gehiago atzeratu zuen bere blokea. Alboko erdiraketak baino ez zizkion eman Lyoni erasorako bide gisa, eta Frantziako taldeak ez zuen lortu bideak aurkitzea eraso posizionalaren bidez.
Alemaniarrek plan berbera erabili zuten itzuliko partidan. Marrazki bera eta rol erreaktibo bera. Baina Giraldezek aldaketak egin zituen horri aurre egiteko. Barruko erdilariak, Schrader eta Heaps, Wolfsburgen alboetako erdiko atzelariekin parekatu zituen. Bigarren lerrotik hausturak sortzea zuten helburu, Mingeren eta Dijkstaren hutsa bilatzeko nahian. Lyonek Wolfsburg hondoratzea lortu zuen, hura irtenbiderik gabe utzi arte. Baloia berreskuratzean Beerensteyn bakar-bakarrik zegoen defentsa lerro frantziarren aurrean. Giraldezen taldea handi egin zen baloia galdu ostean egin zuen presio oldarkorraren bidez. Atezain alemaniarren geldiketak bakarrik eragotzi zuen itzulikoa araututako denboran erabakitzea.
Arsenalen indarra hazten doa
Lyonek Arsenalen aurka jokatuko du finalerdietan. Itzuliko partidan Chelsearen aurka 1-0 galdu arren, Arsenalek 3-1eko emaitzarekin erabaki zuen kanporaketa joanekoan. Azken emaitza gorabehera, lehen minutuak Chelsearenak izan ziren. Jamesek eta Thompsonek osatzen duten aurrelari bikoteak min egin zuen Arsenalen defentsan. Hala ere, ez zuten bere taldea markagailuan aurreratzea lortu, eta Blacksteniusek baloi geldian sartutako gola mugarri izan zen Arsenalentzat. Aurkako emaitzak alboetako atzelari erasokorrak, Bronze eta Baltimore, gora bidaltzera behartu zuen Chelsea. Erraztasunak eman zituen, beraz, Meadek eta Kellyk aurrera egin zezaten.
Gainera, Chelsearen 5-3-2 joko sistemak asko sufritu zuen, bai Blacksteniusen bizkarreko jokoarekin, bai Russoren lerroen arteko mugikortasunarekin. Hauxe da, zalantzarik gabe, Renee Slegersen Arsenalek denboraldi honetan izango duen berritasun handienetako bat: bere bi aurrelarien talentua hamaikakoan bateratzeko gaitasuna.
Talentuak oreka hautsi zuen
Bayern Munichek eta Manchester Unitedek elkar indargabetu nahi izan zuten. Biek ala biek baloirik gabeko marrazki bera erabili zuten, 4-4-2, eta aurkaria estu hartu zuten baloia zuela. Hala ere, Bayernek bi talentu erabakigarri izan zituen kanporaketa erabakitzeko. Lehenik eta behin, bere aurrelari Harderrek Manchester Uniteden ahulune nabarmena baliatu zuen. Bere abiadura erabili zuen erdiko atzelarien arteko tarteari eraso egiteko. Bigarrenik, Jose Barcalak, Bayernen teknikariak, asmatu egin zuen joaneko partidako bigarren zatian Tanikawa zelairatuta. Jokalari japoniarrak Bayernen sormen arazoak konpondu zituen, bai paseak emanda, bai baloia zentzuz jokatuta.Â
Bayernek Bartzelona izango du aurrez aurre finalerdietan, Kataluniako taldeak alde handiz kanporatu baitzuen Real Madril: 12-2. Caicedo izan zen albiste on bakarra Real Madrilen. Pajor, Harder bezala, amesgaiztoa izan zen Espainiako taldearen bi erdiko atzelarientzat. Bartzelonak aurrera egiten jarraitzen du, bai zelaian, bai txapelketan, bere erdilariek elkarrekin jokatzeko duten gaitasunari esker. Zortzigarren aldiz jarraian jokatuko ditu Txapeldunen Ligako finalerdiak.