HARMAILATIK AULKIRA

Euskarrien garrantzia

Nerea Zusberro Alberro.
2023ko abuztuaren 01a
00:00
Entzun

Alarma guztiak piztu ziren joan den ostiralean, Keira Walshek minduta zelaia utzi behar izan zuenean. Zorionez, badirudi final-zortzirenetatik aurrera jokatu ahal izango duela. Ingalaterrak haren hutsunea izango du gaur Txinaren aurka.

Walsh Ingalaterrako izarra da. Jokalari estrukturala da, eta hura zelaitik ateratzeak taldearen marrazkia aldatzea ekarri zuen Danimarkaren aurka. Sarina Wiegmanen taldeak 4-3-3 sistema erabiltzen du erasoan, Walsh euskarri bakar moduan hartuta. Hura gabe, Stanwayk eta Toonek hartu zuten jokaldiaren oinarriari zegokion espazioa.

Baina non dago Walshen garrantzia? Erdiko atzelariaren eta euskarriaren arteko lotura deuseztatzea funtsezkoa da edozein defentsa blokerako. Hortaz, Haitik eta Danimarkak banakako marka egin zioten. Hala, hura bezalako jokalariek eboluzionatu egin behar izan dute. Keirak ez du behin betiko rol bat jokaldia hasteko fasean. Ez du jokoa egituratzen, berregituratu baizik.

Ingalaterra aurkariaren zelaira iristen denean, haren helburua bertan ahalik eta denbora gehien egotea da. Horregatik, galera osteko presioa haren joko-ereduaren zutabe bat da. Eta ez dago berreskuratze eraginkorrik jabetza berriro ziurtatzeko aukerarik gabe. Walshen kokapenak eta gaitasunak segurtasun pase-lerroak sortzeko aukera ematen dio Ingalaterrari erasoei segida emateko.

Ez da kasualitatea baloiarekin nagusi diren beste selekzio batzuek rol hori betetzen duten jokalari bat izatea. Tere Abelleira Espainian eta Hasegawa Japonian adibide onak dira. Walshek bezala, baloia jasotzeaz, jabetzari jarraipena emateaz eta hurrengo pasean zorrotzak izateaz arduratzen dira. Berregituratu egiten dute jokoa. Hor dute garrantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.