Nerea Zusberro Alberro.
Analista eta kazetaria

Ez du gozatu nahi, baizik eta lehiatu

2025eko urriaren 21a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Qarabag, Athleticek bihar Txapeldunen Ligan izango duen aurkaria, ez da txapelketaz gozatzera etorri, lehiatzera baizik. Azerbaijango lehen taldea izan zen Txapeldunen Ligako multzoen faserako sailkatzen, 2017an. Sei partidatan bi puntu baino ez zituen lortu. Oraingoan, bi garaipenekin iritsiko da San Mamesera. Talde lehiakorra da, baita ausarta ere, beren entrenatzailea den modukoa.

Gurban Gurbanovek hamazazpi denboraldi daramatza Qarabag zuzentzen, eta Azerbaijango futbolak azken urteotan izan duen hazkundearen parte garrantzitsua izan da. Qarabagek zera erakutsi nahi du: nor diren eta zer egiteko gai diren.Txapeldunen Liga agertokirik egokiena da horretarako. Lehen jardunaldian erakutsi zuen zertarako gai den. Da Luz estadioan jokatu zuen, Benficaren aurka. Etxeko taldea 2-0 jarri zen aurretik, baina Qaragabek partida iraultzea lortu zuen: 2-3 gailendu zen. Partida hura, gainera, ez zuen kasualitatez irabazi.

Neurketa 2-2 zegoela, Gurbanovek garaipenaren bila joatea erabaki zuen. Ez zegoen konforme berdinketarekin. Addai zelairatu zuen, Andraderen ordez; aurrelari bat aldatu zuen, erdilari batekin. Marrazkia ere aldatu zuen: 1-4-3-2-1etik 1-4-4-2ra pasatu zen, eta bi aurrelari petorekin jokatzen hasi zen. Ondoren euskarri bat kendu zuen, Jankovic. Haren ordez Kashchuk zelairatu zen, zelai erdiko hegalean jokatzen duen jokalaria. Hark sartu zuen Qarabagen hirugarren gola. Gurbanovek arriskatu egin zuen, eta irabazi egin zuen. San Mamesen ere arriskatu egin dezake, aipatu bezala Qarabag talde ausarta baita.

Bi egitura helburu bererako

Gurbanovek 1-4-2-3-1 marrazkiarekin jokatu ohi du, eta bere taldeak goian egin ohi du presioa, bloke altuan. Athleticek bi egitura erabil ditzake Qarabagen lehen presio lerroa gainditzeko. Izan ere, aurrera egiteko gunea hegalen bizkarrean dago: haiek presioa egiten dutenean, atzean uzten duten zuloan.

Hori lortzeko, Athleticek alde batetik bestera mugitu behar du baloia, erasoa azkar antolatzeko. Horretako pase luze gurutzatuak erabil ditzake, edo baloia barrualdetik eraman, eta ondoren kanpora bidaltzea. Berenguer eta Guruzeta asko mugitzen diren bi aurrelari dira, eta bizkarrez egin dezaketen jokoa lagungarria izan daiteke horretarako. Izan ere, horri esker Athleticek abantaila izan dezake Qarabagen euskarri bikoitzaren aurrean. 

Beste aukera ondorengoa da: Athleticek hiruko lerroa erabiltzea atzetik baloia ateratzen duenean. Valverdek gustuko du hori egitea. Horretarako, Yuri erdiko atzelari postuan jartzen da, ezkerretik. Kasu horretan, Qarabageko hegalekoek presioa egingo dute, kanpotik barrurantz abiatuta. Iñaki eta Nico Williams askotan ikusiko ditugu egoera horretan. Beraz, Athleticek azkar bilatu beharko du gora egiten duen hegalekoa, kanpotik aurrera egin dezan. 

Presioa baloia galtzean

Athleticentzat funtsezkoa izango da baloia galtzen duenean presio indartsua eta eraginkorra egitea, batez ere baloia aurkariaren zelaian galtzen duenean. Leandro Andrade eta Zoubir trebeak dira baloia eramaten, baita erasoko trantsizioetan jaurtiketak egiten. Bestalde, Camilo Duran aurrelariak taldea luzatzen du, aurkariaren erdiko atzelariak bloketik urruntzeko. Qaragan, gainera, kontraerasoan azken eta zuzen ateratzen den taldea da, baina arazoak ditu aurkariaren presioak hori egitea eragozten dionean. Hau da, pasea atzera eman, eta erasoa berriz antolatu behar duenean. Haren ohiko erdiko atzelariak dira jokalari ahulenak teknikoki —Mendia eta, batez ere, Mustafazade—. Athleticek azkar egin beharko du presioa aurkariak huts egin dezan behartzeko.

Jabetza izan, mendean hartua ez izateko

Athleticek ez badu baloiaren jabetzaren bidez partida menderatzeko ardura hartzen, Qarabagek egingo du. Ez da kikilduko. Horretarako, baloia duenean 1-4-2-3-1 sistemarekin jokatuko du. Azerbaijango taldea luzatu eta zatitu egiten da, aurkariaren presioa erakartzeko helburuz. Bi euskarrietako batek posizioa alboratzen du, hiruko defentsa lerroa osatzeko. Kady Borgesek ezkerretik, eta Bicalhok eskuinetik, bikain ateratzen dute baloia. Athleticek zera zaindu beharko du batez ere: Bicalhok Cafarquliyevekin duen lotura. Pase luzeen bidez egiten dute lotura hori. Azken hori indartsua eta bizkorra da, eta errei osoa zeharkatzen du azken metroetara iristeko. Bertan, baloia erdiratu edo Zoubir bilatzen du. Eskuin hegalaren bizkarra ondo zaindu beharko dute Valverderen jokalariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.