Nerea Zusberro Alberro.
Analista eta kazetaria

Final-zortzirenen jarraipena

2026ko apirilaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Taktikoki, gizonezkoen Txapeldunen Ligako final-laurdenak final-zortzirenetan ikusitakoaren jarraipena izan dira. Lau kanporaketetatik hirutan erabakigarria izan da goian egindako presioa. PSGk asmatu egin zuen Liverpoolen bloke altua gainditzen. Bayern Munichek goian egindako presioaren bidez baldintzatu zuen Real Madrilen jarduna joaneko partidan. Taktikoki eta datuei erreparatuta, Bartzelona nagusi izan zen Atletico Madrilen aurka. Baina futbola kirol zoragarria da, eta askotan zoriak baldintzatzen du. Alde izan zuten madrildarrek. Gainontzean, Hansi Flickek zuzentzen duen taldeak egingo zuen aurrera. Arsenalek bakarrik jokatu zuen partida itxi bat, Portugalgo Sportingen aurka. Sporting lehiakor izan da txapelketa osoan zehar. 

Arsenalek horma eraitsi du

Arsenalek 91 minutu behar izan zituen, Jose Alvalade estadioan jokatutako partidan, Portugalgo Sportingek jarritako horma eraisteko. Rui Borgesek bloke ertainean kokatu zuen bere taldea. Zonakako defentsa erabili zuen, eta, baloirik ez zuenean, taldea ordenatuta egotea lehenetsi zuen. Hala, alde batera utzi zituen buruz buruko zainketak. 1-4-4-2ko marrazkia 1-5-4-1 bihurtzen zuen, eta Catamok gora egiten zuen hegaleko bihurtuz. Horri esker Calafiorik barrura ez egitea lortu zuen. Hala, Arsenalek oso aurkari ordenatu batekin egin zuen topo. Rui Borgesek bere helburua lortu zuen: Arsenalek erasoan izan duen gaitasuna murriztea. Mikel Artetak zuzentzen duen taldeak Maduekeren buruz buruko jokaldien bidez baino ez zion min egin.  

Arsenalek odolkiak jaso zituen ordainetan. Izan ere, aurkariak baloia atzetik ateratzen duenean izan ezik, jokalarien kokapenari dagokionez ez du arriskurik hartzen. Nahiago izaten du kontrarioak bere defentsa lerroaren bizkarrera korrika ez egitea. Hala egin zuen Sportingen aurka ere, jakinda erasoan duen indarguneetako bat hegaletatik duen abiadura dela. Distira handirik gabe, Arsenalek aurrera egin zuen txapelketan. Finalerdietan Atletico Madrilen aurka jokatu du. Diego Pablo Simeonek zuzentzen duen taldea ausartago arituko da Sporting baino.

Kasualitateak

Kanporaketa aztertuta, ezustea izan da Atletico Madrilek Bartzelona kanporatzea. Zoria eta une erabakigarrietan Sorloth eta Musso agertu izana izan ziren horretarako gakoa. Atletico Madrilek zortzi erremate egin zituen kanporaketa osoan zehar, eta hiru gol sartu; Bartzelonak berriz, hamabost egin zituen, eta bitan baino ez zuen lortu baloia sareetara bidaltzea. Bartzelonak zera lortu zuen: Atletico Madrilek baloia ez duenean izaten duen egitura desegitea. Batez ere itzulerako partidan gertatu zen hori. Simeonek 1-5-2-3 marrazkia erabili zuen, Flickek zuzentzen duen taldeak baloia ateratzen duenean erabili ohi duen egiturara egokitzeko. Hala ere, Bartzelona gai izan zen aurrera egiteko bideak topatzeko. Atletico Madrilen euskarri bikoitzaren alboetan lortu zuen hori, baita Olmok eta Lamine Yamalek Lengleten bizkarrera egiten zituzten mugimenduen bidez ere. Hain zuzen ere, Lenglet makal aritu zen partidan. Baina bai joaneko zein itzulerako partidan, Bartzelona jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, Cubarsik eta Eric Garciak atzera egiterakoan egindako akatsen erruz. Horrek ere kanporaketa baldintzatu zuen.

Baloiaren jabea

Bayern Munichek oldarkor jokatzen du, eta Real Madrilek ez zuen modurik edo tresnarik izan horri aurre egiteko. Soilik kontraerasoan egin zion min Bayerni. Joaneko partidan Kimmichek eta Pavlovicek osatu zuten alemaniarren euskarri bikoitza, eta nagusi izan ziren Gulerren eta Thiago Pitarchen aurrean. Hala, itzulerakoan, Arbeloak aldatu egin zuen zelai erdia. Valverde jarri zuen euskarrian, Uruguaiko jokalaria joan-etorriko jokaldietan eta urrutiko jaurtiketetan oso trebea baita. Real Madrilek hankaz gora jarri zuen kanporaketa, Bayernen blokea zelai erdian kokatuta zegoenean, bizkarrera korrika eginez. Baina ez zen nahikoa izan. 

PSG, berriz, munduko talderik onena da aurkariaren presio altua gainditzen. Printzeen Parkean jokatutako partidan Arnse Slotek 1-5-3-2 marrazkia erabili zuen. Liverpooleko entrenatzaile denetik lehen aldiz erabili zuen. Atletico Madrilek Bartzelonaren aurka egin zuen moduan, Liverpoolek PSGk baloia duenean erabili ohi duen egiturara egokitu nahi izan zuen. Baina kasu honetan ere, PSG horri aurre egiteko gai izan zen. Bide egokiak topatu zituen horretarako. Vitinha eta Zaire-Emery, atzera egin, eta erdiko atzelarietatik gertu kokatu ziren. Hala, baloia atzetik ateratzeko lanean lagundu zuten, eta Liverpooleko erdilariak presiora erakarri. Horren ondorioz, lerroen artean toki asko utzi zuen Liverpoolek. Hori kontuan hartuta, Luis Enriquek gora bidali zuen Nuno Mendes, lehenengo paseetan parte hartzen duen jokalaria. Hala, Frimpong atzean geratzea lortu zuen. Aldi berean, Kvaratskhelia Konateren parean jarri zuen, eta hori Douek baliatu zuen atzetik azaltzeko. Partidako gakoetako bat izan zen hori, eta hala lortu zuen PSGk 1-0ekoa. 

PSGk eta Bayernek elkarren aurka jokatuko dute finalerdietan, eta bi taldeek izango duten lehen lehia zera izango da: nor den baloiaren jabe. Alemaniako taldeak erakutsi du baloia denbora luzez izateko gai dela. Baloia horizontalean mugituz egiten du hori. Hala, aurkaria hondoratu, eta bere jokalari erabakigarrienetako bat azaltzea edo aurkitzea lortzen du: Olise.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA