Historiako Eurokoparik parekatuena bihar hasiko da, Suitzan. 2022an Ingalaterra izan zen txapeldun, eta garaikurra irabazten saiatuko da berriro ere. Milie Bright gabe arituko da, bere betiko kapitaina. Espainiak titulua eta ohorea ditu jokoan, Olinpiar Jokoetan porrot egin ostean. Polonia eta Portugal lehen aldiz arituko dira txapelketan, eta printzipioz Gales da multzoen fasea gainditzeko ia aukerarik ez duen selekzio bakarra. Hamasei hautagai titulu bakar batentzako. Euskal Herriko hiru jokalari arituko dira txapelketan: Irene Paredes, Maite Zubieta eta Damaris Egurrola.
Etxeko selekzioaren apustu handia
Etxean aritu arren, Suitza ez da A multzoko faboritoa. Norvegiak aukera handia du lehen postua eskuratzeko. Gemma Grainger hautatzaileak 1-4-2-3-1 marrazkiarekin jokatu ohi du, eta leial eutsi ohi dio apustu horri. Euskarri bikoitzaren inguruan eraiki ohi du marrazkia. Boe Risak eta Ingrid Engenek oreka ematen diote Norvegiako selekzioari. Graham Hansen da, berriz, aurkariengan desoreka sortzen duen jokalaria. Selekzioan Bartzelonan baino askatasun handiagoa du punta erdian. Maanumekin batera, kalitate handiko bikotea osatzen dute erasoan. Norvegiak 0-1 irabazi zion Suitzari bi selekzioen arteko azken partidan.
Duela urtebetetik Pia Sundhage suediarra da Suitzako hautatzailea. AEBetako selekzioarekin bi urre olinpiko irabazi zituen, eta nahiz eta Suitzaren ohiko 1-5-3-2ari eutsi dion, belaunaldien arteko aldaketari ekin dio. Crnogorcevic eta Wälti beteranoek jokatzen jarraitu arren, Syndey Schertenleibi tokia egin dio hamaikakoan. 18 urte ditu Schertenleibek, eta etorkizun handiko jokalaria da. Txapelketan jarraitu beharreko jokalarietako bat izango da, ez baitu erronka erraza: Ramona Bachmann ordezkatzea.
Finlandiak eta Islandiak osatuko dute A multzoa. Jonsdottir aurrelaria da zaindu beharreko jokalaria Islandian. Finlandian, berriz, Realeko jokalari ohi bat dago deialdian: Sanni Franssi.
Faboritoaren berrerospena
Espainiako selekzioak erredentzioa bilatuko du Suitzan, Parisko Olinpiar Jokoetan emandako irudi eskasaren ostean. Montse Tomeren selekzioa oldarkorra eta zoroa da. Ez du garai bateko segurtasuna transmititzen, baina munduko jokalari onenak ditu oraindik ere. Kaosean bikain moldatzen da. Bartzelonako hiru jokalari arituko dira jokoa sortzen: Patri Guijarro, Aitana Bonmati eta Alexia Putellas. Ikusteke dago nola osatzen den Bonmati, berriki meningitis birikoa izan baitu. Tomek ohiko marrazkia erabiliko du: 1-4-3-3. Tere Abelleirak min hartu ostean, Maite Zubieta, Athleticeko euskarria, Tomeren deialdian da. Eta, nola ez, Irene Paredesek ordezkaezin izaten jarraituko du erdiko atzelari postuan.
Ia ziurra da Espainiak multzoko lehen tokian amaituko duela. Zalantza zera da: nor geratuko den bigarren. Italiak abantaila apur bat du Belgikaren eta Portugalen aldean. Aipatu bezala, portugaldarrek lehen aldiz jokatuko dute txapelketan. Italian A Serieko jokalari onena arituko da: Girelli. Haren golak erabakigarriak izan daitezke. Belgikan antzera gerta daiteke. Tessa Wullaert du aurrealdean, bere historiako golegile nagusia.
Golaren boterea
Girelli eta Wullaert aipatu ostean, beste aurrelari handi bat nabarmendu behar da: Ewa Pajor. Haren selekzioa, Polonia, lehen aldiz arituko da txapelketan, baina, halako aurrelari bat izanda, kontuan hartzeko moduko selekzioa izango da. Txapelketa duin bat egitea izango du helburu, Alemania eta Suedia bezalako erraldoien itzalean. Christian Wuck hautatzaileak Alemania suspertzeko erronka izango du. Giulia Gwinn izango da alemaniarren kapitain berria, Poppek selekzioa utzi ostean. Suedia, aldiz, bete-betean dago sartuta titulua eskuratzeko lehian. Berriz ere hezur gogorra izango da Espainia edo Ingalaterra bezalako selekzioentzat.
Multzorik gogorrena
D multzoa txapelketako gogorrena da. Ingalaterrak lehen postuan amaitzea espero da, Frantziak eta Herbehereek bigarren postua lortzeko lehiatzen duten bitartean. Ingalaterrako funtsezko hainbat jokalarik lesio luzeak dituzte: Stanwayk, Hempek eta Greenwoodek, adibidez. Hala ere, Sarina Weigmanek argi utzi du funtsezko jokalariak direla. Hala erakutsi zuen Espainiaren aurka jokatutako adiskidantzazko partidan. Bestalde, Mead eta, batez ere, Alessia Russo sasoi betean iritsi dira txapelketara. Russok hazkunde izugarria izan du. 2022ko Eurokopan ordezkoa izatetik Txapeldunen Ligako jokalarik onena izatera igaro da.
Frantziaren inguruan beti daude zalantzak. Baltimore da arreta gehien eragin duen jokalaria. Hegalekoak denboraldi bikaina egin du Chelsean. Herbehereetan, espero dugu Andrias Jonker hautatzaileak Damaris Egurrola jartzea jokoa zuzentzen, Lyonen Montemurrok eta Bompastorrek egin duten bezala.