Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Garaipenik bereziena

Ion Izagirre.
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hunkituta nago, eta oso pozik. Ulertuko duzue. Horrelako egunetan emozio guztiak gainera etortzen dira, eta oroitzapenak pilatu. Nire ibilbideko garaipenik bereziena da hau. Handiena? Ez dakit; bereziena, ziur, etxean lortu dudalako. Aurretik gertu ibilia nintzen, baina azkenean lortu dut. Irabazten denean eskaintzak izaten dira, eta nik argi ditut nireak. Noski, taldekideentzat. Zer-nolako lana egin duten guztiek! Anaiak, Luis Leonek, Pellok, Jakobek, Omarrek, Alexeik... eta atzean daudenek. Eta, noski, etxekoentzat ere bada, haiek goxatzen dizkigute une txarrak eta haiek jasaten gaituzte petraltzen garenean: bikotekidea, gurasoak, alaba, baita etortzeko dagoen alabatxoari ere. Eta bai, ospatuko dut, baina ez dakit non eta nola. Ostiralean berriz ere kanpora joango gara, baina egingo dugu zerbait hau behar bezala ospatzeko: Ormaiztegin, elkartean, lagun artean, mahaiaren bueltan...

Irabazteko moduak are handiagoa egin du garaipena, helmugara arte ez nuelako ziur. Hiru kilometro falta zirela, Buchmannenekin berdinduta nindoala esan didate. Nola posible! Eta estutu behar izan dut. Kazetariek zoriondu egin naute, baina nik itxaron egin nahi nuen. Segundoen atzera kontaketa zirraragarria izan da, Itzuli oso gogorra izan delako. Gogoan dut ostiralean, Arratera gerturatzean, motoak Buchmannek 2.04ren aldea zuela erakutsi zigun unea. Goibeldu egin nintzen, ezinezkoa zirudien. Baina gaur ordaindu zezakeela uste genuen. Saiatu egin behar genuen, eta geure buruan sinetsi. Dena borobil atera da.

Aitortu behar dut: arantza atera ez, pisua kendu dut. Kazetariek, inguruak... presioa sortzen dute, eta zama bihurtzen da. Baina orain dena ederragoa da. Azken hitza zuentzat da: zaleentzat. Eskerrik asko babesagatik eta ziklista guztiak halako errespetuz tratatzeagatik. Etapa guztietan nabaritu dugu zuen berotasuna eta animoa, azken egunean bereziki. Espero dut ikuskizunaz gozatu izana. Hau guztia zuengatik da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.