Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Gazi-gozoa da gelditu zaidan zaporea

Ion Izagirre.
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Itzuli gorabeheratsua izan da niretzat pertsonalki. Erlojupeko kaskarra egin nuen, eta aldartean arrastoa utzi zidan. Banekien oso arerio gogorrak nituela, baina berriz ere Itzulia irabazteko lehian egoteko ilusioa nuen. Ez da posible izan, eta lastima da. Ordea, asko poztu ninduen Alexek [Aranburu] bigarren etapan lortu zuen garaipenak. Hortik aurrera, dena hobexeago joan da. Nik besoak altxatu nituen Hondarribian, eta Omarrek [Fraile] ere distira egin du. Pozik egon gaitezke talde bezala egin dugun lanarekin.

Lasterketa apurtzen saiatu gara gaurko [atzoko] etapan, Elosua-Gorlako jaitsieran. Gero ezin izan diogu Roglici jarraitu, oso erritmo indartsua jarri baitu Arratera egin dugun lehen igoeran. Atzetik Pogacar ere oso azkar etorri da, eta hor moztuta gelditu naiz. Sartzea lortu dut Trabakuara bidean, baina azken igoeran ezin izan diot erritmoari eutsi. Itzulia bezala, etapa ere zapore gazi-gozoarekin amaitu dut. Taldeak hainbeste lan egin eta gero, pena ematen dit onenekin egoteko indarrik eduki ez izanak.

Roglicek txapeldun handi bat dela erakutsi du, eta Pogacarrek ere sekulako maila eman du. Berak egin du tira liderraren taldean, eta hala ere, Arraten bera izan da indartsuenetakoa. Oso duin aritu da.

Halako etapa motz eta bortitzak oso erakargarriak iruditzen zaizkit, ez baitago kontrolik. Aldiz, mugimendu estrategikoek garrantzi handia hartzen dute. Hori da zaleek eskatzen dutena. Eta zaleez ari naizela, ohiko irudiak ikusi dira errepide bazterrean. Ez genekien pandemia baten erdian geunden edo ez. Guretzako oso polita da zaleen babesa jasotzea, baina gauden egoeran egonda, errespetua ematen dizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.