Nerea Zusberro Alberro.

Gehien merezi dutenak

2025eko maiatzaren 31
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Interrek eta Paris Saint Germainek gaur jokatuko dute Txapeldunen Ligako finala, Munichen (21:00, LA1, TF1 eta Movistar+). Lehen Txapeldunen Liga izan da multzoen faserik gabe, eta finalistek arrazoia eman diote UEFAri. Txapelketa eredua aldatu beharra zegoen. Inter laugarren izan zen lehen ligaxkan; hortaz, Simone Inzaghik entrenatzen duen taldea zuzenean sailkatu zen final-zortzirenetarako. Finalerdietan, gainera, bigarren sailkatuari irabazi zion, Bartzelonari. PSG, berriz, makal aritu zen ligaxkan, baina ondoren Liverpool eta Arsenal kanporatu zituen. Luis Enriquek zuzentzen duen taldeak denbora gehiago behar izan zuen egokitzeko.

Talde handi asko bidean geratu dira bidean, baina gehien merezi zuten bi taldeak iritsi dira partida erabakigarrira. Final honek 2023koa dakar gogora, Manchester Cityk Interri irabazi ziona: 1-0. Joko-eredu kontrajarriak dituzten bi taldeen arteko finalak izaten dira orekatuenak eta lehiatuenak. 2023an, ziurrenik, Interrek txapeldun izatea merezi izan zuen. Inzaghik arantza ateratzeko aukera izango du gaur.

Baloi irteeran aritzen diren jokalariak geldiaraztea

PSGk eta Interrek gaitasun handia dute aurkariaren presioa gainditzeko. Hain zuzen ere, Nuno Mendes eta Bastoni erabakigarriak dira horretan. Gainera, egitura desberdinak erabiltzen dituzte aipatutako jokalariak ager daitezen.

PSGk 1-3-4-3 marrazkia erabiltzen du baloia daukanean, zelai erdian bi altuera desberdin erabiliz. Achraf Hakimik, eskuin hegala utzi, eta barrutik kokatzen da. Gainera, Vitinha eta Fabian Ruiz defentsa lerrotik gertu jartzen dira. Hala, aurkariak finkatu, eta Nuno Mendes bilatzen dute. PSG, beraz, luze jartzen da, aurkariaren presioa zatitzeko asmoz, eta Nuno Mendesen eta Dembeleren arteko pase-lerroa izateko. Hala irabazi zituen Liverpoolen eta Arsenalen aurkako kanporaketak.

Interren Bastoni da jokalari erabakigarria baloia ateratzekoan. Izan ere, baloia eramaten menderatzailea da. Hori lortzeko, Inzaghik defentsa lerrora bidaltzen ditu Calhanoglu edo Barella. Erdiko atzelari postuan jartzen dira. Helburua berdintsua da: aurkariaren presio lerroak gainditzea, eta kasu honetan Lautaro Martinez eta Thuram aurkitzea.

Interren blokearen altuera

Eraso posizionalean Luis Enriqueren PSGk antzekotasun handia du Hansi Flicken Bartzelonarekin; bai, behintzat, egituran. Finalerdietan bi Inter oso desberdin ikusi genituen baloia ez zuenean. Alde batetik oldarkor aritu zen, eta Pedri eta De Jong jokoan ez sartzea lortu zuen. Horretarako, aurrean estutu zuen. PSGn Vitinhak eta Fabianek jokatzen dute Pedriren eta De Jongen tokian.

Arsenal oso trebea da bloke baxu batetik bloke altu batera pasatzen. Oso landua du hori. Baina finalerdietan PSGk haren presioa gainditu zuen Nuno Mendesi eta Dembeleri esker. Gainera, Interrek kontuan izan behar du PSGk bira egiteko gaitasun handiagoa duela Bartzelonak baino. Beraz, goian presioa egiteko arriskuak askoz ere handiagoak dira.

Beste momentu batzuetan Interrek ere zuhurrago jokatu zuen Bartzelonaren aurka. 1-5-3-2 marrazkia erabili zuen horretarako, eta bloke ertain-baxuan kokatu zen. Hala egin zuenean, Mkhitaryanek eta Di Marcok sufritu egin zuten Lamin Yamalekin. Gaur gauza bera gerta dakieke Desire Dourekin. Beste aldetik, gainera, Kvaratskhelia agertuko da, areatik kanpo munduko jaurtiketa onenetako bat duen jokalaria. Adi egon beharko dute horrekin.

PSGk, gainera, Aston Villaren aurka erakutsi zuen gaitasuna duela atzean jokalari asko sartzen dituzten taldeei min egiteko. Aipatu bezala, Inter talde ahula da atzean sartuta dagoenean. Horrenbestez, Interri partidak ondorengoa eskatuko dio: blokea asko mugitzea, baina lerroak elkarrekin izatea. Hala Interrek zuloak topatu ez ditzan.

Ezerezetik sortzea

Interrek bi aurrelarirekin jokatzen du, eta ziurrenik Europako bikote onena dira: kontraerasoan trebeak, area okupatzen eraginkorrak... Horrek golak sartzea ahalbidetzen die. PSG, berriz, talde helduagoa da jokatzerakoan  Luis Enriquek zuzentzen duenetik. Nahiz eta defentsako lanean sufritu egiten duen oraindik ere; batez ere arean.

Hori dela eta, oso adi egon beharko du geldikako jokaldietan. Interrek 26 gol sartu ditu txapelketan, eta horietatik 11 halako jokaldiei esker izan dira. Interri eta Bayerni bina sartu zizkieten kornerrez. Talde gutxi daude aurkari jokoan nagusi izanda ere irabazteko gaitasuna dutenak. Inter da horietako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.