Bartzelonak eta Olympique Lyonek Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute bihar, Oslon (18:00, La1). Bi talde horiek antzekotasunak dituzte. Batetik, Txapeldunen Ligako finala gehienetan jokatu duten bi klubak baitira: Lyon hamasei finaletatik hamabitan aritu da; Bartzelonak, berriz, seigarrena jokatuko du jarraian. Hau da, nagusi dira. Bestetik, biek dute euskal jokalari bat: Bartzelonak Irene Paredes, eta Lyonek, Damaris Egurrola. Ez da bi jokalari horiek final batean elkarren aurka jokatuko duten lehen aldia. Eta, azkenik, Jonathan Giraldez aritu da entrenatzaile bi taldeetan.
Lyonen entrenatzailea da Giraldez, baina aurretik Bartzelona entrenatu zuen. Hain zuzen, haren esanetara irabazi ditu Kataluniako taldeak haren palmaresean dauden hiru Txapeldunen Ligak. Lehenengoan, 2020-2021eko denboraldian, Lluis Cortesen laguntzaile aritu zen Giraldez. Ondoren, taldearen gidaritza hartu zuen, eta Bartzelona munduko talderik onena bezala sendotu zuen: Txapeldunen Liga irabazi zuen 2022-2023ko eta 2023-2024ko denboraldietan. Bihar, Giraldezek bere azterketarik zailena izango du.
Bartzelonaren joko ereduaren aldaketa
Egungo Bartzelonari buruz galdetuta, Giraldezek adierazi du taldea asko aldatu dela azken bi denboraldietan. Bereziki aipatu du Ewa Pajor iristeak taldearen jokoaren eredua aldatu duela. Giraldez Bartzelonan aritu zenean, taldeak ez zuen izan hura konbentzitu zuen aurrelari petorik. Asisat Oshoala ez zen hamaikakoan finkatu, eta Mariona Caldentey aritzen zen bederatzi faltsu.
Baina, gaur egun, Bartzelonak badauka arean presentzia ematen dion eta aurkariaren erdiko atzelari bikotearekin lan egiten duen jokalaria. Pajorrek gola sartu zuen finalerdietako bi partidetan. Orain, alboko erdiraketei etekina ateratzen die Bartzelonak. Horregatik, hain zuzen ere, ikusi genituen Salma Paralluelo eta Caroline Graman Hansen finalerdietako itzulikoan hegaletan finkatuta, taldeari zabaltasuna eta erdiraketak eskaintzeko. Hala ere, hau ez da Pajorren bertute bakarra, ezta Lyoni minik handiena egin diezaiokeena ere. Wendy Renard eta Bartzelona ondo ezagutzen duen Ingrid Engen indartsuak dira area defendatzen. Baina, Engenek bereziki, sufritzen egiten du bere aterantz korrika egin behar duenean, eta Pajor jokalari azkarra eta abila da aurkariei izkin egiten. Horrela, Engenen bizkarra da Bartzelonak eraso egin diezaiokeen guneetako bat.
Lyonen zelai erdiaren bizkarra
Giraldezek bi sistema ezberdin erabili zituen baloirik gabeko bloke ertainean Arsenalen aurkako finalerdietan. Haren taldeak aurkariaren lerroarteko harreretan sufritzen du. Itzuliko partidan, bere ohiko 4-1-4-1 jokatzeko sisteman alde batera utzi eta 4-4-2a erabili zuen, Lyndsey Heaps babestu nahian. Bartzelonak lerro artean jokalari asko pilatzen dituela kontuan hartuta, Giraldezek Heapsi erdilari posizionalago bat koka diezaioke alboan: adibidez, Damaris, edo beste erdilari baten posizioa atzeratu euskarri bikoitza osatzeko. Alexia Putellas, Claudia Pina, Vicky Lopez eta Aitana Bonmati bezalako jokalariei eutsi behar beharko die Lyonek. Nolanahi ere, Frantziako taldearen arrakastaren zati handi bat bere lerroen arteko distantzia labur mantentzea izango da.
Engenen desplazamendu luzea eragoztea
Bartzelonaren nortasunaren ezaugarrietako bat aurkariaren baloi irteeran presioa goian egitea da, arerioaren zelaian baloiak berreskuratzeko, edota aurkaria luze jotzera behartzeko. Hala ere, Lyonen aurka, presioaren altuera baino garrantzitsuagoa hura egiteko modua izango da. Finalerdietan Arsenalen aurka egiaztatu genuen bezala, Frantziako taldeak aurkariaren presioa gainditzeko duen baliabide nagusia Engenen pase luze gurutzatua da. Kadidiatou Diani izaten da baloia jasotzen duena, buruz burukoa hasteko. Beraz, oso interesgarria izango litzateke Bartzelonak barrutik kanporantz bideratutako presioa egitea, Engenek pasea eroso eman ez dezan, are gehiago kontuan hartuta eskuina izan arren ezkerreko erdiko atzelari aritzen dela.
Ona Batleri eustea
Arsenalen aurka Klara Buhlekin dantzatzea egokitu zitzaion, eta orain, berriz, Ona Batlek Jule Brand izango du aurkari finalean, Lyonen jokalari erabakigarrienetako bat. Pere Romeuk Bayernen aurkako itzulikorako hartutako erabaki taktikoetako bat Onari eustea izan zen. Hori eginez, hegalekoak altuera irabaztea eragotzi zuen, batez ere barruko ibilbideak hartzen dituela kontuan hartuta. Brandek antzeko portaera duela jakinda, litekeena da Romeuk Ona zorrotzago eta posizionalago bat nahi izatea finalean, Lyonen erasoko trantsizioko irteera-gune nagusietako bat deuseztatzeko.