Jon Ander De la Hoz.
Arrauna. ANTXERRITIK

Goseak ase

2023ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Pernandoren egia irudituko zaie askori, baina arraunak lotu egiten du. Nekez azaldu daiteke bestela. 2009ko urrian lagun taldebat bildu zen Getariako klubera, bi urte lehenago baldan jarritako trainerua berriz uretaratzeko asmoz. Beren garaian aritu eta utzi ostean bueltatutako zenbait estropadalari, eta gazte mailatik gehitutako hamar, kuadrillakoak denok. Baita hiruzpalau tolosar hasi berri eta estreinakoz probatu nahi zuen herrikideren bat ere.

Azken horrek zera esan ohi zien berak baino esperientzia handiagoko gaztetxoei: «Mutilak, toleta eta estropua, estropua eta toleta». Bestelakoetan ez pentsatzeko, alegia. Gauzak zer diren, ordea; ordurako, nerabezaroan hasitako gaztehaiek barruraino sartua zuten arraunaren arra. Exijente hark pare bat asterako utzi zuen jarduna.

Taldea osatuta, ailegatu zen lehiarako tenorea, traineruko estreinaldia, eta horrekin batera, oraindik eder begitantzen den garai hura. Memoria onaren ajea da nostalgia, baina inozentzia kutsuko pasio hura iltzatuta geratu da.

Ordutik eratorritako grina haren —eta maleziaren— ondorio gara. Arraunak atal bereizia du bizipenik gozoenen eta garratzenen zerrendan. Makina bat bider esan zuen gure amona zenak, gehiegizko intentsitateaz ohartarazteko: «Jaten ematen al dik-edo?».

Aspaldi joan zen amona. Ez du ikusi azken urteetako goraldia. Nostalgiaren ateak kax-kax jotzen du, ordea. Arraunak ez digu jaten eman, ez. Alderantziz, arraunak gosetu egin gaitu gehiago. Literalki. Hori bai, estreinaldi xalo bezain eder hartan nekez aurreikusi zitekeen halako gose asegarririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.