Nerea Zusberro Alberro.

Hormaren pitzadurak

2025eko urriaren 1a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Horma. Halaxe deitzen diote Borussia Dortmund taldeko zalerik sutsuenak kokatzen diren guneari. Athletic ez dago garairik onenean Dortmundeko hormari aurre egiteko. Alemaniako taldeak ez du partidarik galdu oraindik denboraldi honetan, eta Europako jokalari onenetako bat du: Karim Adeyemi

Niko Kovacek zuzentzen du taldea, eta hiru gol jaso ditu soilik Bundesligan jokatu dituen bost partidetan. Baina hormatzat hartzetik urrun dago. Defentsan baditu pitzadurak. Gainera, pitzadura horiek saihestea baino gehiago, haren ezaugarri nagusia zera da: aurkariaren horman pitzadurak aurkitzea. Hala, Athleticentzat ikasgai handia izango da Arsenalen aurka San Mamesen jokatu zuen partida. Talde zuri-gorria bikain aritu zen defentsan, 72. minutuan Arsenalek arrakala bat aurkitu zuen arte. Abiapuntua horixe izango da. Gainera, gertutik zaindu beharko dute Adeyemi. 

Baloirik gabeko plana errepikatzea

Arsenalek toki batetik bestera mugitzen diren jokalariak ditu, eta horren aurrean Athleticek 1-4-4-2 marrazkia erabili zuen. Gainera, bloke ertainean kokatu zen. Dortmunden antzera egin dezake. Izan ere, Arsenal eta Dortmund estilo oso ezberdinak dituzten taldeak dira, baina bi ezaugarri partekatzen dituzte: hiruko defentsa lerroa osatzen dute, eta aurretik euskarri bikoitza ipintzen dute. Gunner-en aurka Athleticeko bi aurrelariek lan nekeza egin zuten barruko pase lerroak ixteko. Rice eta Merino ez ziren eroso aritu, eta baloia hartzeko gune alternatiboak bilatu behar izan zituzten. Athleticen lehen erronka hori izango da gaurkoan ere Singal Iduna Park zelaian: Dortmundek baloia barrutik ez erabiltzea. 

Baloia duenean Dortmundek 1-3-4-3 marrazkiarekin jokatzen du. Haren bi euskarriek ez dute hainbeste baloi jasotzen, eta bi lerrotan edo altueratan kokatzen dira. Nmecha ezkerraldean jartzen da, defentsa lerrotik hurbilago; Sabitzer, berriz, gorago. Horren helburua zera da: ardatz bertikalean zein horizontalean aurkariaren euskarri bikoitza bereiztea. Hala, Guirassyk baloia jaso dezake, eta zuloak bilatu. Gineako aurrelaria Bartzelonaren fitxaketen zerrendan dago, Lewandowskiren ordezko gisa. Izan ere, haren antzeko ezaugarriak ditu: bizkarrez ondo eusten dio baloiari, aurkariaren defentsako lerroa atzetik ateratzeko gaitasuna du, eta aurkariaren bizkarrean hutsuneak sortzen ditu. Horixe izango da Athleticek izango duen bigarren erronka: Guirassyk baloia ez jasotzea. Guirassyk eta Beirek buelta ematen badute, Adeyemi ager daiteke jokaldian.

(ID_15325226) ITALY SOCCER
Dortmundeko jokalariak Juventusi sartutako goletako bat ospatzen. ALESSANDRO DI MARCO / EFE

Adeyemi, nabarmendu beharreko jokalaria 

Arsenalen aurka Ernesto Valverdek Adama Boiro eta Robert Navarro aukera zituen Madueke defendatzeko. Denboraldi hasiera honetan Arsenalek duen jokalaririk desorekatzaileena da Madueke. Hala ere, Adeyemi gelditzea are konplexuago izango da. Hegalekoak hiru gol daramatza denboraldi honetan, eta taldekideei gola sartzeko bi pase eman dizkie. Baina emaitzetatik harago, hobea izan da erakutsi duen maila. Areako eskuineko izkinan jasotzen dituen baloi guztiak sareetara joango direla ematen du, erremediorik gabe. Maduekek baino irekiago jasotzen du, eta geldiago. Hala, buruz buru egin diezaieke eraso aurkariei. Athleticek ondo eutsi zion Maduekeri. Horretarako, Robert Navarrok etengabe lagundu zion Adama Boirori. Hala, Arsenaleko jokalariaren buruz buruko jokaldiak saihestu zituzten. Baina Adeyemiren mugimenduak antzematea zailagoa da, askotan geldirik dagoela jasotzen baitu baloia. Gainera, azkarragoa da kontraerasoan. Talde zuri-gorriaren defentsako lerroak ondo zaindu beharko du bizkarra, baina baita aurretik datorrena ere. 

Hormarik osa ez dadin

Dortmundek bizi jokatzen du erasoan. Haren defentsako trantsizioa ez da eraginkorra. Athleticek kontraerasoan min egin dezake alemaniarren atzeko hegalekoen bizkarrera. Baina zuri-gorriak ez dabiltza fin horretan. Nicok Williams ez da arituko, eta Iñaki anaia ez dago unerik onenean. Hori kontuan hartuta, Athleticek ez du hainbeste gaitasun kanpoko erraietatik min egiteko. 

Berenguer ere ez dago deialdian. Valverdek Guruzetaren alde egin dezake, Robert Navarroren osagarri. Athleticek ondorengoa behar du: Dortmunden erdiko atzelariak beren tokitik mugituko dituen aurrelaria bat, haustura mugimendu labur bat gerta dadin bizkarrean. Athleticek azkar mugitu behar du erasoan, Dortmunden horma, atzealdea, dagokion tokian jar ez dadin. Izan ere, Alemaniako taldearen atzealdea ondo kokatzen bada, ia ezinezkoa izango da pitzadurak aurkitzea. Alemaniarrak 1-5-4-1 marrazkiarekin kokatzen dira, eta sendo aritu ohi dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.