Txapeldunen Ligako ligaxka, orokorrean, ez da fase ona izan Espainiako Ligako taldeentzat, ezta euskal ordezkari bakarrarentzat ere. Espainiako Ligako bost ordezkarietatik, Bartzelonak bakarrik lortu du final-zortzirenetarako zuzenean sailkatzea. Real Madril zortzi onenetatik kanpo geratu da azken jardunaldian, eta Atleticorekin batera izango da kanporaketa gehigarrian. Vila-real aukerarik gabe iritsi zen zortzigarren partidara. Athletic, berriz, Txapeldunen Ligan aritu den euskal talde bakarra, azken minutura arte borrokatu zen Sporting Portugalen aurka; azkenean, baina, zuri-gorriak kanpoan geratu ziren.Â
Dena den, lehen zortzi sailkatuetatik bost Premier League txapelketako taldeak dira. Guztiek dute gaitasun handia erritmo biziko partidei eusteko eta arlo fisikoan gailentzeko, joko eredu oso ezberdinak erabiltzen dituzten arren. Txapeldunen Liga Ingalaterrako futbolaren egungo nagusitasunaren isla besterik ez da.
Zortzitik zortzi
Artetaren Arsenal izan da ligaxkako zortzi partidak irabazi dituen talde bakarra. Bayernekin batera, jada sailkatuta zegoen azken jardunaldia jokatu baino lehen. Baina garaipenak baino interesgarriagoak dira bildu dituen datuak. Zortzi partida horietan 23 gol egin ditu, eta lau bakarrik sartu dizkiote, horietatik bi azken jardunaldian; ohiko hamaikakoan aldaketa asko egin zituen.
Irailean, Arsenalek San Mamesera etorri behar zuenean, aipatu zen Arteta buru duen taldea tranpatia zela. Estetikoa bai, bere tradizioak agintzen duen bezala, baina, beste edozer gauzaren gainetik, izugarri talde lehiakorra da. Zelai erdian baloirik gabe lan egiteko gaitasun handia duten jokalariz josia dago. Martin Zubimendi Realeko jokalari ohia da iraultzaren liderra. Eta baloirik gabe duen bikaintasun hori da, hain zuzen ere, Txapeldunen Ligako lehen fase honetan perfekzioa urratzeko balio izan diona.
Eredu konbinatiboak eta golaren balioa
Bayern, Bartzelona eta Manchester City bezalako taldeak lehen zortzi sailkatuen artean egoteak frogatzen du joko konbinatiboko eredua azken urteetan galdutako protagonismoa berreskuratzen ari dela. Ligaxkako fase honetan baloia gehien izan duten taldeen artean, egungo txapelduna, hau da, PSG bakarrik geratu da zortzi onenetatik kanpo. Bestalde, Guardiolaren Manchester City izan da pasean zehaztasun handiena izan duen taldea, %91,4rekin.
Baloia izatea bakarrik ez, golaren balioa ere handitu egin da Txapeldunen Ligan. Ligaxkako fasean 487 gol sartu dira, 3,39 gol partidako batez beste. Golaren garrantziaren adibiderik onena Hansi Flicken Bartzelona da. Lehen sailkatuen artean gol gehien jasotako taldea izan arren, aldeko 22 golek zuzenean final-zortzirenetan egoteko modua eman diote. Hala ere, baliteke hurrengo faseetan garesti ordaintzea defentsa lanerako erakutsi duen ahultasun nabarmena eta eraso-defentsa faseen artean orekarik ez izatea, iaz gertatu bezala.
Ligaxkako golegile nagusia Mbappe izan da, hamahiru golekin. Viniciusek, ordea, goleko sei pase eman ditu. Hala ere, Bayernek izan du bikoterik eraginkorrena. Kanek eta Olisek osatutakoa izan da dantza bikote nagusia, lehenengoa golegile gisa, zortzi sartuta, eta bigarrena laguntzaile gisa, goleko sei pase emanda.
Defentsa lanerako gaitasuna
Talde batzuek lehenengo fasea gola abiapuntu hartuta gainditu duten bitartean, beste batzuek defentsako arrakasta dela-eta lortu dute. Tottenham izan da partida gehienetan atea hutsean utzi duen taldea, jokatutako zortzi partidetatik sei alditan. Newcastlek eta Liverpoolek, ordea, lau partida irabazi dituzte golik jaso gabe. Tottenham eta Newcastle izan dira, gainera, Arsenalen atzetik gol gutxien jaso dituzten bi taldeak, bakoitzak zazpi.
Athletic da lehen fasean baloi gehien berreskuratu duen taldea: 409, hurrengo taldea baino 40 gehiago. Paredes izan da, hain zuzen ere, baloi gehien berreskuratu duen jokalaria, 77 baloi lapurtuta. Hala ere, talde zuri-gorrian baloi gehien berreskuratu duena erdiko atzelari bat izatea sintomatikoa da oso. Valverderen mutilak presio handiko joko eredua inposatu ahal izan dutenean soilik sentitu dira eroso, eta arazo gehiago izan dituzte bere zelaian defendatuz talde indartsuei eusteko. Txapeldunen Ligak eszenatoki ezberdinetan nagusi diren taldeak saritzen ditu beti, bereziki beheko postuetatik ihes egiteko lehiatzen diren taldeen kasuan.
Vila-real, desengainu handia
Printzipioz, Vila-realek dena zuen ligaxka arrakastatsu bat egiteko: gaitasun fisiko handiko jokalariak, partiden norabidea aldatzeko jokalari asko, ezaguna duen joko eredua, trantsizioen bidez espazioak menderatzeko gaitasuna, bloke ertaineko sendotasuna eta automatismo argiak baloiarekin. Hala ere, ez da gai izan ligan erakusten duen maila Europako txapelketa nagusira eramateko. Marcelinoren taldea izan da, zalantzarik gabe, txapelketako etsipen nagusia.