Arrauna. San Miguel liga. Trapaiazko olatutik

Iritsi da!

2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Negu luze eta pisutsua amaitu da, eta iritsi zaigu egin dugun lana erakusteko garaia. Batelak pasatu dira, baita trainerillak ere; baina, denok dakigun bezala, arraun talde baten urteko balorazioa egiteko garaian traineruan oinarritzen gara.

Liga berria, estropada eremu berria, aurkari berria, helburu berriak… Baina gauza bat ez da inoiz aldatzen: urduritasuna, ezjakintasunaren urduritasuna. Aste guztia pasa dugu mila galdera egiten geure buruari: «Non egongo gara? Irabazteko aukerak izango ditugu? Mailari eusteko gai izango al gara? Nolakoa izango da Bordeleko eremu hori?». Eta ez dira bakarrik taldeari buruzko galderak burura etortzen, pertsonalak ere bai askotan: «Zenbat egingo dut arraunean? Titularra izango naiz? Mereziko ote du urte osoko lanak?».

Egia da azkeneko hilabete honetan hainbat estropada jokatu ditugula eta horrek norbere burua kokatzeko aukera eman digula, baina horrelako estropadak desitxuratuak egon daitezke, faktore gehiegi sartzen baitira tartean: prestaketa fisikoaren momentua, talde bakoitzaren osaketa... Hala ere, gauza bat argi utzi digu udaberriak, izugarrizko parekotasuna erakutsiko duen liga bat izango dela, erdi-goiko partean batez ere; izan ere, estropadaz estropada segundo bakar batzuetan talde asko egon gara pilatuta. Horrek guztiak zalantzak sorrarazten dizkigu. Baina, esan bezala, iritsi da dena erakusteko garaia.

Ikusten denez osagai guztiak mahai gainean daude: urduritasuna, emozioa, gogoa, ilusioa. Gaurtik aurrera eta irail bukaera arte tentsioz beteriko liga bat ariko da herriz herri mugitzen. Bukatzeko, ez dut zorterik opatuko; nahiago dut justizia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.