Nerea Zusberro Alberro.
Analista eta kazetaria

Izarren Munduko Kopa

2026ko uztailaren 20a
15:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduko Futbol Kopei buruz zera esaten da: laborategi estrategikoak direla, eta hurrengo urteetan futbolean nagusi izango diren joerak ezartzen dituztela lau urtean behin. Baina oraingoan ez da horrela izan. Taktikari erreparatuz gero, gaur egungo joerei eutsi zaie. Sekula baino selekzio gehiago egoteak bi aurkarien artean alde handia zegoen partida gehiago ekarri ditu, baita neurketa horiek aurrez espero zitekeen garapena edukitzea ere. Hori baliagarria izango da hurrengo urteetan selekzioen arteko futbolak izango dituen erronkak lantzeko.

Oro har, gehiago nabarmendu da emozioen aldea, futbolarena baino. Txapelketak golak eta ikusgarritasuna izatea espero zen, eta horrela izan da. Gainera, izar handiek distira egin dute, talde jokoaren gainetik. Salbuespena Espainia izan da. Luis de la Fuentek zuzentzen duen multzoa izan da talde moduan onena. 

David Goliaten aurka

Txapelketan jokatutako partida ugarik gidoi bera izan dute. Selekzio apalek rol erreaktiboa hartu dute, beren zelaian kokatuta, bloke ertain-baxuan, baloia aurkariri utzita. Hain zuzen ere, egoera horretan azaleratu dira selekzio handi askoren gabeziak. Zelai erdiko jokalariek eta espazio txikietan baloia arin mugitzeko gaitasunak garrantzia galdu dute egungo futbolean, abiaduraren eta partida irekietara moldatzeko gaitasunaren mesedetan. Selekzio handi gehienak ez dira gai izan aurkariaren bloke baxua gainditzeko. Hala, Kongok, Paraguaik eta Cabo Verdek, adibidez, estu hartu zituzten ustez indartsuagoak ziren hainbat selekzio. Kontrara, uste baino apalago aritu dira Alemania eta Brasil. Biak bukaezina dirudien talentu krisi batean murgilduta daude. 

Jokalaria epizentro gisa

Selekzio askok, jokoa lantzeko izan dituzten gabeziak ikusita, euren izarren alde egin behar izan dute. 10 zenbakia daraman jokalaria galtzeko arriskuan dagoen garai honetan, badirudi erdiko aurrelaria modan dagoela berriro. 2008tik 2018ra bitarte Bartzelonaren jokatzeko modua izan zen modan egon zena. Messi zen talde hartako izarra, eta Guardiola entrenatzailea. Aurrelari peto batekin jokatu beharrean, aurrelari faltsu batekin jokatzen zuen. Messi zen jokalari hori. Hegaletatik jokatzearen alde egin zuen Frantziak 2018ko Munduko Kopa irabazi zuenean, Errusian. Gogora dezagun Mbappek hegalean jokatzen zuela garai hartan, nahiz eta gaur egun, bai Frantzian bai Real Madrilen, aurrelari moduan aritzen den. Hura izan da txapelketan gol gehien sartu duen jokalaria: hamar sartu ditu, eta hura da Munduko Kopetan aurkariaren atea gehien zulatu duen jokalaria; 22 aldiz egin du. Aurrelari petoak dira Haaland eta Kane ere. Lehenak zazpi gol sartu ditu, eta bigarrenak sei. Atzean sartzen diren aurkariei aurre egiteko, gero eta garrantzitsuagoa da area ondo gobernatzea; baita aldaratzeak jasotzeko guneak ere.

Messiren azken Munduko Txapelketa ere espero baino hobea izan da. Argentinak Qatarko taldea izan nahi zuen, baina ez da horretarako gai izan. Baina Messi agertu zen bere taldea finalerako sailkatzeko. Zelaian zegoela, partidaren nondik norakoak aztertu, eta noiz eta nola azaldu erabaki du, finalera iritsi arte. Haren azken dantza futbolak emandako jokalaririk onenetako batenaren pare egon da. Ederra izan da haren azken tangoa. 

Espainia, kolektiborik onena

Selekzio bakar batek ere ez dio itzal egin Espainiari aurkaria menderatzeko gaitasunean. Luis de la Fuentek zuzentzen duen selekzioaren ezaugarri nagusia baloia edukitzea da, baina oraingo honetan baloirik gabeko egoeretan nabarmendu da. Finalean Argentina ez zen gai izan Espainiak baloia galtzen zuenean egiten duen presio oldarkorra gainditzeko. Erasoko jokalariek biziago jokatzea falta izan zitzaion Lionel Scaloniren multzoari. Finalerdietan Frantziak lortu zuen kontraerasoren batzuk lotzea, baina Cubarsirekin eta Laporterekin egin zuten topo. Haiek egin zituzten beharrezko zuzenketak. Espainiari gol bakarra sartu diote txapelketa osoan, eta atzean sendo egonda lortu du bigarrenez garaikurra irabaztea. 

Gainerakoan Marokok, Mexikok eta Kolonbiak egin duten lana nabarmendu behar da. Gora egiten ari diren selekzioak dira, eta ezaugarri komun bat dute: zelai erdian jokaldiak sortzeko gaitasuna. Maroko Afrikako futbolaren hazkundearen adierazle izan da beste behin. Lau urte barru Marokok berak, Espainiak eta Portugalek antolatuko dute Munduko Kopa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA