Nerea Zusberro Alberro.
Kazetaria eta analista

Kanpoko erreien indarra

2026ko uztailaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur eta bihar jokatuko dituzte Munduko Kopako finalerdiak. Gaur, Frantzia eta Espainia ariko dira elkarren aurka (21:00, La1 eta TF1), eta, bihar, Argentina eta Ingalaterra (La1 eta TF1). Munduko Kopako finalerdietan dauden lau taldeen artean hiruk badute zerbait komunean: erasorako duten ahalmen nagusia kanpoko erreietan dago. Frantzia, Ingalaterra eta Espainia bereziki desorekatzaileak eta sakonak dira kanpoko jokalarien bidez aurrera egitea lortzen dutenean. Didier Deschamps Frantziako hautatzaileak eta Luis de La Fuente Espainiakoak denbora gutxiago behar izan zuten arrakastaren formula aurkitzeko, baina puzzlearen piezak kokatu arte ez ziren hamaikakoan aldaketak egitetik salbuetsita egon. Thomas Tuchel Ingalaterrako hautatzaileari buruko mina eragiten dio oraindik eskuin hegalak, baina, hala ere, hegalekoen buruz burukoa da zalantzarik gabe haren taldearen arma nagusia. Argentina, berriz, erdilariz beteta dago; beraz, araua berresten duen salbuespena da.

Bolbora orekaren aurka

Nahiz eta bi joko eredu oso ezberdinak izan, Frantzia eta Espainia dira txapelketako selekzio egonkorrenak. Espainia orekatu eta ordenatuak bolboraz beteriko Frantzia izango du aurrez aurre finalerdietan. Deschampsen erronka nagusia bere erasoko hiru gotorleku nagusiei lekua aurkitzea izan zen. Nahikoa izan ziren Senegalen aurkako lehen partidako 45 minutu Frantziako hautatzaileak kaosa eta leku-aldaketak murrizteko. Dembele eskuinera bidali zuen, Olise erdi-puntan kokatzeko, Mbapperen atzean. Hala ere, praktikan, eta batez ere eraso azkarretan, Mbappe ezkerrean aritzen da, Olise eskuinean, Dembelerengandik gertu, eta kanpotik barrurantz baloia gidatuz erremate posizio ezin hobeak aurkitzen dituzte hirurek. Frantziak banakotasunetik funtzionatzen du, eta Deschampsek bere izarrak indartzeko tekla aurkitu du.

De la Fuentek, berriz, ezker hegalean zabaltasuna emango zion jokalari bat aurkitzeko erronka izan zuen, lehenengo partidan Gavirekin huts egin ostean. Eskuinean, Lamine Yamalen bazkiderik onena ere bilatu behar zuen. Baena eta Pedro Porro izan ziren erantzun zuzenak. Porrok barruko erreian erasotzeko duen gaitasuna, eta aldi berean Espainiak baloia galtzen duenean buruz buruko lehia defentsiboan nagusitzekoa, horiek osagarri ezin hobeak dira Laminerentzat. Espainiak kolektibitatetik funtzionatzen du, eta De la Fuentek elkarte emankorrenak aurkitu ditu bi hegaletan

Hasiera batean, Frantziak amestutako partidaren gidoia izango du. Espainiak baloiaren kudeaketa bere gain hartuko du, bere blokea aurkariaren zelaian finkatuta eta, beraz, Frantziak rol erreaktiboa hartuko du, kontraerasoak abiatzeko nahian. Gainera, Cucurella eta Porro Espainiaren sakonerako eragile nagusiak direla kontuan hartuta, Frantziako izarrek metro asko izango dituzte hegalen bizkarrean aurrera egiteko. Cubarsik eta Laportek osatutako erdiko atzelarien bikoteak bikain aritu beharko du defentsako zaintzetan, faborito nagusia finalera iristea eragotzi nahi baldin badu Espainiak.

Lidergoa gabezien aurrean

Frantzia eta Espainia ziurtasunez josiak daude; Argentinak eta Ingalaterrak, aldiz, zalantza asko dituzte. Argentinaren kasuan, bere joko eredua erraztasunez aplikatzeko ahalmenari buruzko zalantzak. Izan ere, 2022an txapeldun izan zen taldearen ia oinarri osoari eusten dio; pieza bakarra falta du: Di Maria. Ez da kasualitatea Lionel Scalonik bere aukeratuen artean aurkitzen ez duen buruz buruko desoreka Di Mariaren bertute nagusia izatea. Hori gabe, defentsako hegalen ardura da sakontasuna ematea kanpoko erreietan, eta gainerako jokalari guztiak barruan elkartzen dira. Ez dago hausturarik, motzean jokatzen dute dena. Eta horrela, hain zaila da bloke baxu bat zeharkatzea, Messik 2008ra bidaiatu behar izan baitzuen Egiptoren aurka. Eskuin hegalean kokatu zen Argentinari falta zitzaion zabaltasuna eta sakontasuna emateko.

Ingalaterrak Argentinak baino nortasun txikiagoko taldea izan arren, bere bertute nagusiek Scaloniren taldearen gabeziekin talka egiten dute. Argentinak, baloirik gabe, Norvegia eta Ingalaterrak izan dituen beste aurkari batzuk baino askoz diziplina gutxiago dauka. Enzo Fernandezek, eta batez ere De Paulek, zeinak bloke ertaineko 4-4-2 joko sisteman hegaleko erdilari moduan kokatzen diren, presio-jauzi luzeak egiteko joera dute. Halaxe, Argentina luze egiten da, tarteak agertzen dira eta aurkaria erraz iristen da hegaletara. Gordonen eta Molinaren aurka izango da partidako lehietako bat. Ingalaterrak, gainera, bere bloke ertainetik abiatuta, presio egoerak aurkituko ditu Bellingham eta Andersonekin Argentinako erdilariak bizkarrez egindako harreretan. Hain zuzen ere lapurreta batean sartu zuen gola Ingalaterrak Mexikoren aurka. Argentina ezin izango da finalera iritsi bere baloirik gabeko fasea hobetzen ez badu, nahiz eta ezbeharren aurrean erremediorik onena izan. Messi agorrezina da, hain zuzen ere, bere lider espirituala eta baita futbol liderra ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA