Emakumezkoen Txapeldunen Ligak aro berri bat hasiko du gaur, txapelketa eredu berriarekin. Gizonezkoen txapelketan gertatu bezala, kanporaketen aurretik ligaxka bat jokatuko dute; hori bai, apur bat laburragoa. Hemezortzi talde arituko dira nor baino nor gehiago, eta lehen ligaxka horretan talde bakoitzak sei partida jokatuko ditu.
Valerengak, St. Poltenek eta Twentek aurreko denboraldian hartu zuten parte estreinakoz Txapeldunen Ligan, eta sasoi honetan bertan finkatzeko lehiatuko dira. Atletico Madrilek berriz jokatuko du Txapeldunen Liga. 2019-2020ko denboraldian final-laurdenetara iritsi zen, baina ordutik ez da bertan lehiatu. Real Madrilen, Erromaren eta Benficaren helburua, berriz, ondorengoa izango da: orain arte egin duten lana hobetzea.
Juventusek eta Paris FCk behin betiko lortu nahi dute tokia kluben artean Europan jokatzen den txapelketarik handienean. Biek nabarmentzeko moduko jokalari bana dute: italiarrek Cristiana Girelli, eta frantziarrek Clara Mateo. Girellik 35 urte ditu, eta sasoi betean da. Eurokopan bost gol sartu zituen, eta horri esker Italia lehen aldiz sailkatu zen finalerdietarako. Gainera, zelai erdia indartzeko, Lia Walti fitxatu dute, Suitzako selekzioko itsasargia. Aurreko denboraldian minutu gutxi jokatu zituen Arsenalen, eta gogotsu izango da.
Wolfsburgek, Bayernek eta PSGk lan nekeza izango dute galdutako estatusa berreskuratzeko. Titulua lortzeko hautagaiak ez dira askorik aldatuko aurreko denboraldiarekin alderatuz. Txapelketa ereduaren aldaketari esker, horietako batzuek elkarren aurka jokatuko dute lehen jardunaldian.
Lehen aldiz arituko diren taldeak
Liga irabazi ostean, OH Leuven lehen aldiz sailkatu da Txapeldunen Liga jokatzeko. Belgikako lehen taldea izango da bertan lehiatzen. Manchester United ere estreinakoz arituko da txapelketan. Ingalaterrako taldeak eskarmentu handiko jokalariak ditu: Fridolina Rolfo eta Jess Park, adibidez. Rolfo Bartzelonatik fitxatu dute, eta Park Manchester Citytik. Biek kanpoko erraiak indartuko dituzte. Zelai erdian Ella Toonek gidatuko du taldea, Ingalaterrako selekzioan ezinbestekoa den jokalariak. Aurrean ere jokalari onak ditu: Elisabeth Terland eta Melvine Malard. Terlandek 24 urte ditu, eta sailkapen kanporaketetan zazpi gol sartu ditu. Horietako hiru bere talde ohiari sartu zizkion: Norvegiako Braunni.
Galdutako tokia berreskuratu nahi dute
Europan Wolfsburg da azken urteotan indar gehien galdu duen taldea. Aurreko denboraldian ez zuen garaikurrik irabazi. 2011-2012ko denboralditik zeraman gutxienez bat irabazten. Lineth Beerensteynek, Svenja Huthek eta Alexandra Poppek taldean jarraitzen dute, eta Janou Levels eta Thea Bjelde fitxatu dituzte, defentsa lerroa indartzeko. Cora Zicai eta jarraitu beharreko jokalaria izango da. Belaunaldi zaharren eta berrien arteko lotura Janina Mingek eta Smilla Valottok egingo dute. Eurokopan jokalari garrantzitsuak izan ziren, eta ardura hori izango dute. Lan zaila dute aurretik.
Bestalde, PSGk entrenatzaile berria dauka: Paulo Cesar. Erronka zaila du. PSG beti egon da txapelketa irabazteko hautagaien artean; baina orain arte ez du lortu. Parisko taldeak Grace Gayoro galdu du, taldean zazpi denboraldi egin dituen jokalaria. Bestalde, Espainiako Ligan aritutako bi jokalari fitxatu ditu: Olga Carmona (Real Madril) eta Rasheedat Ajibade (Atletico Madril).
Titulurako hautagaiak
Mariona Caldentey eta Alessia Russo buru dituela, Arsenal txapeldun izaten saiatuko da berriz. Egin dituen fitxaketen artean, batek izan du oihartzuna: Chloe Kellyrenak. Ingalaterrako hegalekoa bere ibilbideko unerik onenean iritsi da Arsenalera, Manchester City utzita. Eurokopako finalerdietan gol erabakigarria sartu zuen Italiaren aurka, eta finalean, azken penaltia sartu zuen, Espainiaren aurka. Lehen jardunaldian Arsenalek Lyonekin neurtuko ditu indarrak. Bi taldeak finalera iristeko hautagaiak dira.
Hain zuzen ere, Lyonen izan da denboraldi honetan gehien indartu den taldea. Fitxaketarik garrantzitsuena aulkian egin du. Jonathan Giraldez fitxatu du, Bartzelona gorenera eraman zuen prestatzailea. Lyonekin berdina egiten saiatuko da. Joe Montemurroren tokia hartu du Giraldezek. Hark jokatzeko ezarri ohi duen modua kontuan hartuta, baloia duenean are nagusiagoa den Lyon bat ikusiko dugu. Marie-Antoinette Katoto, Jule Brand eta Ingrid Engen fitxatu dituzte frantziarrek. Bartzelona ere Txapeldunen Liga irabazteko hautagaien artean egongo da denboraldi honetan ere.
Chelsearen helburua ere txapeldun izatea izango da. Horretarako, Ellie Carpenterrekin eta Alyssa Thompsonekin indartu du taldea. Kapitulu berria hasteko irrikaz gaude.