Nerea Zusberro Alberro.
Analista eta kazetaria

Munduko Kopa: estrategiarako laborategia

2026ko ekainaren 12a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Historikoki Munduko Kopak beti izan dira estrategiarako laborategiak. Bertan zehazten dira datozen urteetan futbolean nagusituko diren joera taktikoak. 2010ean, Hegoafrikan, Espainiak irabazi zuen txapelketa. Pep Guardiolak zuzendutako Bartzelonaren joko eredua oinarri hartuta, baloia izatea abiapuntu zuen futbolaren aroari hasiera eman zitzaion. 2018an Frantziak irabazi zuen Munduko Kopa, Errusian, eta zuzen jokatzea oinarri zuen jokoa nagusitzen hasi zen, joan-etorriak ardatz zituena.

2022an, Qatarren, Argentinak futbol funtzional eta asoziatibo baten alde egin zuen. Baina jokatzeko modu horrek ez du segidarik izan. Arrazoia Messi izan daiteke, Argentinak haren inguruan antolatzen baititu automatismo guztiak. Munduko Kopa honetan selekzioek joan-etorriko jokoaren alde egitea espero da, Premier Leagueko taldeak eredu hartuta. PSGk ere hala irabazi du azken bi denboraldietan Txapeldunen Liga.

Joko eredu zuzena edo asoziatiboa?

Oro har, gaur egungo talderik arrakastatsuenak partida irekiei eusteko gai direnak dira. Hori dela eta, arlo fisikoa izango da Munduko Kopako gakoetako bat. Frantzia da selekziorik indartsuena esparru horretan. Erasoan jokalaririk onenak ditu, batez ere buruz buruko jokaldietan: Olisse, Mbappe eta Dembele. Aulkian, gainera, Doue eta Barcola ditu. Defentsan ere oso jokalari indartsuak ditu fisikoki: Tchouameni, Saliba eta Upamecano. Defentsan gai dira buruz buruko jokaldietan nagusi izateko, eta area primeran defendatzen dute. 

Hala ere, kontuan hartu beharreko eragile bat izango da Munduko Kopan: beroa eta hezetasuna. Horren ondorioz, selekzio batzuek joko asoziatiboago baten alde egin dezakete. Horri lotuta, Frantziarekin zerikusia ez duen selekzio bat dago: Portugal da. Frantzian zelai erdiko jokalariek ez dute garrantzirik; portugaldarrek, berriz, zelai erdian dituzte jokalaririk onenak: Vitinha, Joao Neves eta Bruno Fernandes. Txapelketako selekziorik orekatuena da horri esker. Espainia talde hibridoa da, eraso posizionalean eta joan eta etorriko partidetan eroso aritzeko jokalariak baititu. Argentinak, berriz, futbol funtzionalaren aldeko apustua areagotu beharko du, baloiaren inguruan bere piezak antolatuz. Izan ere, kanpoko hegaletatik aurkariak desorekatzeko gaitasun gutxi dauka. 

Beste aukeretako bat zuzen jokatzea da. Horretan talderik indartsuena Norvegia da. Haaland eta Sorloth itsasargi gisa aritzen dira, eta Odegaard da lotura lanak egiten dituena. Bada kontuan hartzeko datu bat: Norvegiak 37 gol sartu ditu Munduko Koparako sailkatzeko zortzi partidetan. Ingalaterrak ere baliteke Harry Kaneren inguruan antolatzea bere jokoa, bere aurrelariaren inguruan. Litekeena da geldikako jokaldiak ere erabakigarriak izatea, oso kontuan hartzekoak. Ez ahaztu Errusiako Munduko Kopan golen %43 halako jokaldietan sartu zituztela.

10 zenbakia hegalera

Urte askoan 10 zenbakia zeraman jokalariaren inguruan antolatu izan da jokoa futbolean. Baina orain jokalari hori erasoko hegalean kokatu da. Gaur egun talde eta selekzio gehienek pasabide gisa erabiltzen dute zelai erdia: jokalariak pilatzen dituzte barruan, aurkariaren blokea estutzeko, eta hegaletan abantaila izateko. Horretan Frantzia eta Maroko dira talderik indartsuenak. Nahiz eta zalantza dagoen Ez Abde jokatzeko moduan egongo den. Brasilek Vinicius, Luiz Henrique eta Rapinha ditu lan horretarako. Espainian Nico Williams eta Lamine Yamal daude, baina fisikoki kili-kolo iritsiko dira. 

Atzeko hegaletan jokatzen duten jokalarien tipologia

Atzealdeko hegaletan jokatzen duten jokalariak taktikoki oso pieza interesgarri bihurtu dira. Haien rola, gainera, aldatuz doa. Bi joera nagusitu dira: batetik, bere taldeak edo selekzioak baloia duenean erdian aritzen diren hegalekoak daude, eta, bestetik, hegalean aritzen diren erdiko atzelariak. Ezusterik ezean, selekzio gehienek bigarren aukera erabiliko dute, hegalekoak erasoan hartzen ari diren garrantzia dela eta. 

Horretan jokalari trebea da Nuno Mendes portugaldarra. Nazioen Ligako azken finalean bikain zaindu zuen Lamine Yamal; eta aurtengo Txapeldunen Ligako finalerdietan estu hartu zuen Olise. Joel Ordoñez da beste adibide on bat. Ekuadorko selekzioko erdiko atzelaria hegalean arituko da, William Pacho eta Hincapie ondoan dituela. Kalitate handiko defentsa du Ekuadorrek. Ingalaterran Tuchelek deialditik kanpo utzi zuen Lewis-Skelly, lan hori egin zezakeen jokalaria. Hala ere, Reece James eta O’Reilly antzeko profil asoziatiboak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE