gorka erostarbe leunda
Katerik Gabe

Pista zuria

2026ko apirilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bero sapa. 1994ko uztailaren 22a zen. Uharte-Arakilgo taberna bakar bat irekita. Barran bertan jesarri ginen lau lagunok, Urbasatik gentozen oinez, eta Done Mikel Aralarkoan genuen hurrengo jomuga. Izerdi patsetan, aise zintzurreratu genituen bizpahiru lejia, zanga eta hurrup. Telebistan, Tourra. Urte hartako bigarren erlojupekoa: Cluses-Morzine Avoriaz. Indurainek ez zuen izango gure adinako txakalaldirik, baina ezta bere egunik onena ere. Ugrumovek sputnik bat egin zuen eta hiru minututik gora atera zion atarrabiararri. Pantani ere aurretik.

Gorputz-txartuta abiatu genuen gainerako bidea, pista zuri ezezagun batean barrena. Orduz geroztik beti lotu dut Indurainen gainbeheraren hasiera egun harekin, nahiz eta 1995ean irabazi zuen beste Tour bat, bere azkenekoa.

Gu ere gain behera iritsi ginen Done Mikel Aralarkoaren santutegi erromaniko ederrari itsatsita dagoen aterpetxera. Nekearen oroitzarekin batera, gogoan ditut gure arteko solasaldi txirrinfrikiak, eta harroxkokeriaz esango dut nolabaiteko bisio antolatzailea izan genuela: «Arraioa, pista zuri hau igoko balute txirrindulariek, zer? Bai zera, mendi bizikletan ere ez…».

Urte batzuk, hogei bat zehazki, igaro ziren Espainiako Vueltako etapa batean barneratu zuen arte, 2014an. Itzuliari aurreratu zitzaion. Atzo Seixasek pista autopista bihurtu zuen. Harentzako pista, alegia. Aterpetxean lo egin, eta Txindokipetik Ordiziarako bidea modu alegeratsuan egin genuen lau lagunek. Herriko festak ziren. Hura beste istorio bat da. Indurain galtzen ikusi genuen egun berean, 17 urte genituela, laguntasun bat hazten sentitu genuen, pista zuri bat tarteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA