Nerea Zusberro Alberro.

Txapeldunen Liga: sorpresa gutxi, baina emozio handia

2025eko abenduaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakumezkoen Txapeldunen Ligak lehiaketa sistema berria du denboraldi honetan, eta amaitu da lehen ligaxka. Azkenerako, lau liga handietako txapeldunak sailkatu dira zuzenean final-laurdenetarako: Bartzelona, Lyon, Chelsea eta Bayern Munich. Txapelketan jarraitzeko faboritoen artean, hauek huts egin dute: PSG eta Erroma. Biak kanpoan geratu dira. Azken jardunaldia baino lehen gertatu zen, eta ez dute ezta final-laurdenetan egoteko kanporaketa ere jokatuko. Real Madrilek eta Atletico Madrilek, aldiz, bai, haiek kanporaketa hori jokatuko dute. Txapelketa sistema berriarekin ezusteko gutxi izan dira, baina emozio handia izan da, batez ere azken jardunaldian.

Final-laurdenetarako sailkapena

Bartzelonak lehen tokian amaitu du ligaxka, baina Lyon ere hortxe azaldu da. Jonathan Giraldezek zuzentzen du Frantziako taldea, kataluniarren teknikari ohiak, eta bigarren geratu da. Biak hamasei punturekin sailkatu dira: bost garaipen eta berdinketa bat lortu dituzte. Bartzelonaren berdinketa Chelsearen aurka izan zen, hain zuzen ere. Ingalaterrako taldea hirugarren izan da, hamalau punturekin. Bayern Munichek osatu du laukotea, hamahirurekin.

Bartzelonak eta Chelseak jaso dituzte ligaxkan gol gutxien: hiru gol sei partidatan. Gainera, gol gehien ere bi horiek sartu dituzte: hogei. Lyonek hemezortzi sartu ditu. Herrialde Katalanetako eta Frantziako taldeak dira, hain zuzen ere, baloia gehien izan dutenak; baita pase zehatz gehien eman dituztenak ere. Baloiaren jabetzari dagokionez, Pere Romeuren taldeak %65,3koa izan du; eta zehatz eman ditu paseen %89,7. Lyonek, berriz, %63,5ko baloiaren jabetza izan du. Horrek zera erakusten du: Giraldezen eskutik taldeak izan duen norabide aldaketa. Ez du zerikusirik Sonia Bompastorrekin eta Joe Montemurrorekin zuenarekin. 

Bizirautea eta eraikitzea

Hala ere, bi taldeen egoera ez da berdina. Bartzelonak jokalari dezente ditu denbora luzerako min hartuta. Aitana Bonmatik peronea hautsi zuen, eta gutxienez bost hilabete emango ditu jokatu gabe; Patri Guijarrok, berriz, urritik darama lesionatuta. Hura da taldearen euskarria zelai erdian. Vicky Lopez egiten ari da orain Aitanak egin ohi zuena: golak sartzen eta paseak ematen. Azken jardunaldian, adibidez, gol bat sartu zuen, eta goleko pase bat eman zion Caroline Graham Hanseni. Hala, 0-2 hartu zuten mendean Paris FC. Euskarrian, bestalde, Clara Serrajordi ari da Patriren tokian, eta poliki-poliki taldea gidatzeko ardura hartzen ari da. Erdilariak 18 urte ditu.

Bartzelona dituen oinarri sendoei esker ari da bizirauten; Jonathan Giraldez, berriz, oinarri horiek eraikitzen ari da PSGn. Jokoa gehiago lantzearen alde egin du. Damaris Egurrola eta Lyndsey Heps dira taldearen iparrorratza. Hala ere, gakoetako bat Melchie Dumornayren kokapena da. Giraldezek Ada Hegerberg jarri du aurrean, eta hala Haitiko jokalariak askeago jokatzen du. Txapeldunen Ligan lau gol sartu ditu dagoeneko. 

Golak eta asistentziak

Txapeldunen Ligako bikoterik emankorrena Bayern Munichek du. Pernille Harderrek bost gol sartu ditu, eta ligaxkako golegile onena izan da; Klara Buhl taldekideak, berriz, golak sartzeko zortzi pase eman ditu. Jose Barcala entrenatzailea maiatzean iritsi zen Munichera, eta jokalariek banaka duten kalitatean oinarrituta, jokatzeko era propio edo pertsonal bat ezarri du. Harder bigarren lerrotik azaldu ohi da, ezustean. 

Huts egin dutenak

Arsenal puntu batera geratu da zuzenean final-laurdenetarako sailkatzetik. Beraz, beste kanporaketa bat jokatu beharko du. Renee Slegersen taldea kostata hasi zen aurreko denboraldian ere, eta, azkenean, txapeldun izan zen. Oinarri sendoak ditu oraindik ere, Mariona Caldenteyk zuzentzen du taldea zelaian, eta Alessia Russo da taldeko golegilerik onena; lau sartu ditu ligaxkan.

Real Madril, berriz, azken jardunaldian geratu da lau onenetatik kanpo. Aukera aparta zuen zuzenean sailkatzeko, aurkaria, Twente, kanporatuta baitzegoen. Atletico Madrilek ere beste kanporaketa bat jokatu behar du. Espainiako taldean jokalari bat nabarmendu da: Fiamma Benitez. Lau gol sartu ditu, eta taldekideei hiru pase eman dizkie golak sartzeko. 

Kanpoan geratu diren taldeak hauek izan dira: Valerenga, Erroma, Twente, Benfica, Paris Saint-Germain eta Sankt Polten. Azken hiru talde horiek ez dute garaipenik lortu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.