Amaitu da 2025-2026 denboraldia euskal saskibaloi taldeentzat. Baskonia eta Bilbo Basket izan dira azkenak lana bukatzen. ACB ligako kanporaketetarako sailkatu ziren biak ala biak, eta gasteiztarrak zerrendaburu izan ziren hiru urteren ostean. Baina aldi berean esan diote biek agur. Moduak ezberdinak izan dira, baina bietan aho zapore gazi-gozoa utzi dute. Aurreikuspenak batzuetan mingarriak baitira oso. Batzuetan hobea da aurreikuspenik ez izatea, zaila bada ere.
Lehen aldiz
Oro har, ezusteko handiak gertatu dira final-laurdenetan: hiru zerrendaburu geratu dira lehiatik kanpo. Inoiz ez zen gertatu hori; gehienez, bi geratu ziren bidean. Ez dira askotan ikusten horrelakoak, are gutxiago ACB ligan, Euroligako taldeek normalean aldeak ezartzen baitituzte. Kantxa faktorea alde zuten Real Madrilek, Murtziak eta Baskoniak, baina ezin izan diote horri etekina atera. Eta hori gertatu da nahiz eta hiru kanporaketak hirugarren partida erabakigarrira heldu diren eta, ustez, horretan abantaila den etxeko zaleen aurrean jokatzea.
Zalantzak
Baskoniak 2022ko maiatzaren 30ean lortu zuen azken garaipena ACB ligako kanporaketetan. Bazirudien aurten zerrendaburu izateak aldea ezarri zezakeela, baina ez da horrela izan. 2022-2023 denboralditik ez ziren arabarrak zerrendaburu, baina urte horretan ere ez zuten baliatu: Joventuten aurka galdu zuten bi partidatan. Oraingoan ere Joventutek kanporatu du. Paolo Galbiatik berak aitortu zuen denboraldi amaieran zaila izaten dela jokalari batzuen kudeaketa, jakina delako taldea utziko dutela kontratu handiagoak sinatu eta gero: Forrestek, Diakitek eta Luwawu-Cabarrotek, esate baterako.
Zuzendaritzak proiektuaren gaineko zalantzak bazituen, kanporaketetan gertatu denak handitu besterik ez ditu egin. Eta ez bakarrik Galbiatirengan, baita Xevi Pujol kirol zuzendariarengan ere. Badirudi haize freskoak bulegoetan ez duela onik egin. Kopa irabazi arren, igandeko kaleratzeak eta Euroligan erakutsitako irudi eskasak baliteke pentsa baino aldaketa gehiago eragitea.
Aukeran
Bilbon, ordea, 11 urte zeramatzaten kanporaketak jokatu barik. Itxaronaldi luzea, inondik ere. Hori aski ez, eta zazpigarren postu bikainean sailkatu ziren bizkaitarrak. Bazirudien Real Madril saihestea zela helburu nagusia. Baina beste bilbotar batek, Txus Bidorretak, kanporatu ditu. Valentziaren aurka eskura izan zuten garaipena lehen partidan, Roig Arenan. Bigarrenean, etxean, lehiakortasun bera erakustea espero zuten, baina ez zen horrela izan. Sasoi osoan zehar kosta egin zaie Euroligako taldeen defentsa fisikoari aurre egitea.
Miribillan aurtengoari eutsi nahi diote. Jaume Ponsarnauk 2029 arte luzatu du kontratua, eta dagoeneko Darrun Hilliardek, Martin Krampeljek, Margiris Normantasek eta Luke Petrasek berritu egin dute. Harald Freyk eta Tryggvi Hlinasonek ere jarraitu egingo dute. Hau da, bizkarrezurrari eutsiko diote. Gainera, zazpigarren postuan sailkatu eta gero, Europako zein txapelketa jokatu nahi duten erabaki dezakete: Eurokopan edo Txapeldunen Ligan. FIBAren Europako Kopa bi aldiz jarraian irabazi ostean, txiki geratu zaie lehiaketa hori.