Finalean da. Ander Elosegi piraguista, C1 kategorian. Irundarrak finalerdi oso txukuna egin du, eta 103.15eko denborarekin dominen borrokan izango da ordubete barru. Denborarik onenetan hirugarrena izan da Elosegirena.Thomas Martin frantziarra (100.65) eta Daniel Watkins australiarra baino ez ditu izan aurretik (101.28)
Atzoko sailkatze proban ez bezala, jaitsiera bakarra egin dute finalerdietan. Elosegi bederatzigarren tokian atera da. Hasiera txukuna egin du, eta, erdi parteko ateren batean apur bat trabatu den arren, amaiera bikaina eman dio jaitsierari. Irundarrak bi segundoko zigorra jaso du, hamaikagarren atea jo duelako, eta hori izan da pena bakarra. Baina ohikoa duen sendotasunarekin jaitsi da, plastikotasun handia erakutsiz.
Elosegik Olinpiar diploma lortu zuen Rion, eta, behintzat, dominen borrokan egon nahi du. Atzo pozik amaitu zuen sailkatze proba: «Kanalak ez du zaila ematen, baina gero konturatzen zara ez dela erraza. Ur mugimendu berezi asko ditu. Helburua sendo jaistea zen, eta pozik nago».