Andoni Iraolak bi urterako kontratua sinatu du Liverpoolekin

Bournemouthekin hiru denboraldi oso on egin eta gero, Anfieldeko aulkian eseriko da orain. Taldeak Kloopen aginduetara bezain ikusgarri jokatzea berriz, horixe izango du erronketako bat.

Andoni Iraola, Liverpooleko entrenatzaile berria. DANIEL HAMBURY / EFE
Andoni Iraola, Liverpooleko entrenatzaile berria. DANIEL HAMBURY / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 5a
09:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Andoni Iraola (Usurbil, Gipuzkoa, 1982) da Liverpooleko entrenatzaile berria. Hala, datorren denboraldian Anfieldeko aulkian eseriko da. Bi urterako kontratua sinatu du, 2028ko ekainaren 30 arte. «Oso-oso hunkituta nago. Liverpool munduko klub handienetako bat da: hori denek dakigu. Oso berezia eta erakargarria da, eta barrutik ezagutzen eta sentitzen hasten zarenean konturatzen zara hala dela. Zaila da halako aukera bati uko egitea, eta irrikaz nago lanean hasteko. Maila handiko jokalariak entrenatzeko aukera izango dut, eta tituluak irabazteko».

Bazebilen zurrumurrua, eta klubak atzo gauean egin zuen ofizial, Anfielden entrenatzailearekin bildu eta gero. Hala, Euskal Herriko lau entrenatzaile arituko dira Ingalaterrako liga irabazteko lehian: Iraola, Mikel Arteta (Arsenal), Xabi Alonso (Chelsea) eta Unai Emery (Aston Villa).

Iraolak Crystal Palaceren, Bayer Leverkusenen eta Milanen eskaintzak izan ditu, baina Liverpoolena onartzea erabaki du. Arne Sloten ordez arituko da. Jurgen Kloop joan zenetik, Liverpool entrenatzaile egokia topatu ezinik aritu da, eta, Iraolarekin, Alemaniako entrenatzaileak ezarritako joko oldarkor eta dinamikoa berreskuratu nahi du. 

Iraola 2018an hasi zen entrenatzaile, Zipren. AEK Larnacan. Taldea Europa Ligarako sailkatu zuen, eta Zipreko Superkopa ere irabazi zuen. Ondoren, Mirandes entrenatu zuen. Denboraldi bat egin zuen bertan. Taldea Bigarren Mailara igo berria zen, eta balentria egin zuen Espainiako Kopan: Finalerdietara iritsi zen. Realak kanporatu zuen, eta txuri-urdinak txapeldun izan ziren urte hartan. Rayora joan zen gero. Madrilgo taldea Bigarren Mailan zegoen orduan, eta Iraolaren eskutik lehenengora igo zen. Beste denboraldi bat egin zuen bertan. 

2023ko ekainaren 19an, Bournemouthek fitxatu zuen bi denboraldirako, eta Ingalaterrako talde hartan ibilbide oparoa osatu du. Lehen denboraldian, taldeak inoizko puntu gehien lortu zuen, eta denboraldi honetan Europarako sailkatu du. Europa Ligan arituko da, seigarren amaitu baitu ligan. Taldeak 18 partida egin ditu galdu gabe. Hunkituta esan zion agur klubari: «Ez da erabaki erraza izan: denbora asko behar izan dut hartzeko. Baina une egokia dela uste dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE