Futbola

Anoeta inguruko trafikoa moztuko dute etzi, Realaren eta Olympique Lyonen arteko partida dela eta

«Arrisku handiko» neurketa izendatu dute, eta, horri erantzuteko, «segurtasun operazio berezia» prestatu dute.

Anoeta inguruan ezarritako segurtasun perimetroa. DONOSTIAKO UDALA
Anoeta inguruan ezarritako segurtasun perimetroa. DONOSTIAKO UDALA
Jone Bastida Alzuru.
2026ko azaroaren 3a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak Europa ligako partida jokatuko du etzi, ostegunez, Olympique Lyonen aurka, Anoetan, 18:45ean. Bada, «arrisku handikotzat» jo dute neurketa, eta, horri erantzuteko, «segurtasun operazio berezia» prestatu dute. Donostiako Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Anoeta inguruko trafikoa moztu egingo dute 16:45etik 19:00etara.

Hain zuzen, zaleen eta hiritarren arteko «bizikidetza guneak bermatzeko» segurtasun perimetro bat ezarriko dute Amara Berrin, eta mugatu egingo dute ibilgailuen zirkulazioa. Era berean, beste neurri batzuk ere hartuko dituzte: esaterako, Anoeta inguruko zenbait tabernari abisua eman diete 15:00etan terrazak jasotzeko, eta inguruko hainbat zaborrontzi kendu egingo dituzte.

Zehazki, eremu hauetan itxiko dute trafikoa: erabat itxita geratuko dira Errondo pasealekua —Zorroaga pasealekua eta Toribio Alzaga lotzen dituen biribilgunetik Portutxoko biribilguneraino— eta Begiristain Doktorearean pasealekua —ospitale ingururaino—, eta Madril hiribidearen eta Isabel II.aren hiribidearen inguruko trafikoa mugatu egingo dute. Ospitalera joan behar dutenei GI-40 errepidea erabiltzeko aholkatu diete. Neurriek garraio publikoan ere eragina izango dute.

Oinezkoei dagokienez, Toribio Alzagaren, Zorroaga pasealekuaren, Aita Donostiaren eta Anoeta pasealekuaren arteko perimetroa itxita egongo da, eta Rafael Ruiz Balerdi haur parkea ezingo da erabili. Anoetara Errondo pasealekutik soilik joan ahalko da.

Beste zerbitzu batzuetan ere eragingo dute neurriek: Donostia Kirola erakundearen instalazioek ordutegiari eta programazioari eutsiko diote, baina kirol guneetara oinez eta Errondo pasealekuko sarbidetik baino ezingo da sartu. Ernest Lluch kultur etxea, berriz,16:00etan itxiko dute, eta arratsaldez ez da irekiko. Eta Haurtxokoa eta Gaztelekua ere itxita egongo dira.

Bestalde, Amara Berrin TAOren 5-1 sektoreko egoiliar txartela duten auzotarrek azaroaren 4tik 6ra sektore hauetan aparkatu ahal izango dute ibilgailua: 1-2 Erdialdea, 1-5 Morlans, 5-2 Loiolako Erriberak eta 5-3 Loiola.

Zaleei eskatu diete estadiora «garaiz eta behar besteko aurrerapenarekin» joateko, eta Amara Berriko eta inguruko bizilagunei, berriz, «ibilbideak aldez aurretik planifikatzeko eta bide alternatiboak erabiltzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA