Ez da erraza azken astean Anoetan bizitako emozio sorta hitzez azaltzea. Asteartean, Realak Osasuna Espainiako Kopatik kanpo utzi zuen penaltietan, eta gaur 2-1 irabazi dio 11 partida jarraian irabazita zeramatzan Bartzelonari. Kataluniako taldea hobea izan da; lau aldiz jo du zutoina, hiru gol baliogabetu dizkiote, baina azkenean Realeko jokalarien intentsitatea eta gogoa izan dira nagusi.Â
San Sebastian eguna heltzear dela, zaleek sekulako giroa sortu dute Anoetan, eta taldeak erantzun du. Bartzelonaren aurka nor baino nor gehiago aritzeko ahalegina egin dute jokalariek, baina, egiari zor, miraritzat har daiteke Reala atsedenaldira 1-0 heldu izana.
Etxeko taldeari gol bat baliogabetu diote lehen minutuan, eta bisitariari bi seigarren minuturako. Baloia edukitzeko sekulako zailtasunak izan dituzte txuri-urdinek; Bartzelonak etengabe ostu du baloia etxekoen areatik gertu, eta Lamine Yamalek erakutsi du zertarako gai den. Aurrelariari ere gol bat baliogabetu diote 26. minutuan jokoz kanpo zegoelako, gutxigatik bada ere.Â

Realak, ordea, izan duen lehen abagune argian asmatu du: eskuinetik erdiraketa zoragarria egin du Guedesek, eta, boleaz, sarera bidali du baloia Oiartzabalek. Atsedenaldiaren aurretik Bartzelonaren aldeko penalti bat ere adierazi du epaileak, baina hori ere bertan behera utzi behar izan du Lamine jokoz kanpo zegoelako. Atsedenaldian, 0-3 galtzeko moduko partida bat 1-0 irabazten ari zen Reala, baina horrelakoxea da futbola. Bigarren zatian hobetzea komeni zen, ordea.
Lehen minutuetan lehengo lepotik burua: bosgarren minuturako bi aldiz bidali du baloia zutoinera Dani Olmok, eta hasi da agertzen Remiro ere, azkenerako gaueko heroi bilakatu dena.Â
Aldaketei esker hobera egin du Realak. Odriozola eta Gorrotxategi zelairatu ditu Matarazzok, baita Barrenetxea eta Aihen ere. Tartean, Remirok denboraldiko geldiketetako bat egin du: ez sinestekoa izan da Lewandowskiren burukada bati eman dion erantzuna.

69. minutuan, azkenean, gola sartu du Bartzelonak —Rashfordek buruz—, baina 70.ean berriz ere aurretik jarri da Reala: jokaldi nahasi baten ostean, Guedesi heldu zaio baloia, eta portugaldarrak bikain amaitu du jokaldia.
Gol horren ostean jokatu ditu minuturik onenak Realak, eta errenta handitzeko aukerak ere izan ditu. Argiena, ordea, Kounderen burukada bat izan da, baina zutoinean jo eta gutxigatik ez da sartu. Dena alde izan dute gaur txuri-urdinek. Epaileak Solerri ateratako txartel gorriak ere ez die axola izan. Azken hamar minutuetan kosta ahala kosta eutsi, eta Donostian geratu dira hiru puntuak. Has dadila festa.