Urtea erarik onenean abiatu dute Imanol Ansak eta Aritz Zubirik, beren profesional ibilbidean estreinako aldiz irabazi baitute binakako erremonte txapelketa. Ohiturari jarraituz, leporaino bete dira Hernaniko Galarreta (Gipuzkoa) pilotalekuko harmailak, eta, txapeldunak, emaitzari buelta emanda, bi joko eta bat nagusitu dira, Josetxo Ezkurraren eta Iban Larrañagaren aurka: 14-15, 15-6 eta 8-3. Kalitatez hainbestean joan da finala, baina emozioa izan du, azken jokoan erabaki baita guztia. Lehen jokoa tanto bakar baten aldearekin galdu dute Ansa II.ak eta Zubirik, baina ez dute bururik makurtu, eta nagusi izan dira hurrengo bi setetan: 25 eta 6ko partziala egin dute, eta merezita bururatu dituzte txapelak. Ansa II.a izan da laukotean onena, nabarmen gainera, baina Zubirik ere erakutsi du baduela maila onenekin jokatzeko.
Binakako txapela jantzita, marka ederra lortu du Ansa II.ak. Orain arte irabaziak zituen banakako eta Masterseko txapelak, baina binakakoa falta zitzaion. Pozik mintzatu da partida amaieran. «Oraindik ere Erremontari txapelketako txapela falta zait, baina oso harro nago lortzen ari naizen guztiaz. Finalean sufritu egin dut, nekatuta nabaritu baitut neure burua, baina pilota abiadura bizian ibiltzen saiatu naiz, eta asmatu dut». Zubiriren lana goraipatu du urnietarrak. Pozez gainezka azaldu da Zubiri bera. «Ia beti Bigarren Mailan lehiatzen jardun dut, eta, onenekin jokatzeko aukera eman didatenean, txapeldun izan naiz. Sinetsi ezinda nago. 39 urte beteko ditut astelehenean, eta opari galanta egin diot neure buruari».
Txapela garesti izan dute Ansak eta Zubirik. Bai, behintzat, lehen jokoan. Aurrea hartu dute hasieran, batez ere Ansa II.a jokoan sartu delako eta min egin duelako: 3-2, 7-3 eta 9-5. Emaitzari dagokionez ez ezik, jokoan ere nagusi ziren gorriak, baina Ezkurra II.a eta Larrañaga suspertu egin dira. Behetik gora egin dute, eta, olatua hartu dutenean, ez dute parekorik izan. Batez ere Larrañagak asmatu du sakearekin. Sakez hiru tanto egin ditu jarraian, eta azken tantora bitarte eutsi diote emozioari. Bi bikoteak hamalauna berdinduta zeudela, Ezkurra II.ak hartu du aginte makila, eta tanto bikaina egin du pilota moztuta. Puntu garrantzitsua eskuratu dute urdinek.
Partidatik kanpo
Bigarren jokoan, ordea, ohiko jokoaren erdirik ere ez dute erakutsi. Partidatik kanpo gelditu dira, eta txapeldunek oso erraz egin dute hamabost tantorainoko bidea. Ez dute izerdi askorik bota behar izan. Zubirik oso ondo aritu da zabaletik sakeak aterata, eta Ansa II.ak ere bikain baliatu ditu aurrean izandako aukerak. Dena den, txapeldunordeak bizitasuna erabat galduta aritu dira, eta hirugarren jokorako utzi dituzte lanak: 15 eta 6.
Bada, hirugarren jokoak bide beretik jo du. Partidan sartuta eta zentratuta egon dira gorriak, eta opariak bata bestearen atzetik egin dituzte Ezkurra II.ak eta Larrañagak. Esaterako, partida hiruna zegoela, atzelari azkoitiarrak falta egin du sakez, eta hortxe amaitu dira haien aukera guztiak. Azken jokoa 8-3 irabazi dute Ansa II.ak eta Zubirik, eta merezita izan dira txapeldun.
Lehen Mailako finalaz gain, Bigarren Mailakoa ere jokatu da, eta Ander Goikoetxea eta Joseba Goikoetxea izan dira txapeldun, Julen Deskargaren eta Ibai Martirenaren aurka. Nagusitasunez irabazi dituzte bi jokoak: 15-10 eta 15-7. Martirenak ez du erremontean segituko.