Aperribai: «Fitxaketarik ez egiteko asmotan egon gara»

Realeko presidenteak adierazi du bigarren taldeko jokalariei aukerak ematea izan dela uda honetako helburua. «Ez dugu beldurrik inbertsioak egiteko eta dirua gastatzeko. Baina gazte asko ari dira ate joka, eta tokia egin nahi diegu eta aukerak eman».

Jokin Aperribai aurrean, atzean Mamadou Sarr, Hector Fort eta Erik Bretos dituela. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jokin Aperribai aurrean, atzean Mamadou Sarr, Hector Fort eta Erik Bretos dituela, gaur, Anoetan. MAIALEN ANDRES / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko abuztuaren 31
18:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihar amaituko da fitxaketak egiteko udako merkatua. Realak bi jokalari ekarri ditu: Mamadou Sarr, Chelseak utzita, eta Hector Fort, Bartzelonatik fitxatuta. Gaur aurkeztu dituzte Anoeta estadioan, eta bertan Jokin Aperribai presidenteak adierazi du «printzipioz» merkatua itxita dagoela. «Gure telefonoak oso lasai daude, eta harrigarria litzateke 24 orduan mugimendurik izatea». Erik Bretos futbol zuzendariak asteazkenean egingo du merkatuaren balantzea. Baina Aperribaik nabarmendu du «oso pozik» daudela osatutako taldearekin. «Helburua izan da bigarren taldeko jokalariei aukera ematea. Gure ustez, uda hau, denboraldiaurre hau, oso garrantzitsua izan da Realaren etorkizunerako. Gazte asko ari dira ate joka, eta tokia egin nahi diegu eta aukerak eman. Hori izan da merkatura jo dugunean izan dugun begirada».

Aperribaik nabarmendu du fitxaketarik ez egiteko asmotan egon direla. «Epe ertain eta luzera begira, barkaezina izango zen gazte horiei aukerarik ez ematea: Beitia, Marchal, Lebarbier, Ochieng, Karrera... Horregatik itxaron dugu fitxaketak egiteko». Ez da, beraz, erabaki ekonomiko bat izan. «Ekonomikoki klubaren egoera ona da. 60 milioi euroko soldata muga dugu, eta ez dugu arazorik inbertitzeko, baina ez dugu egin, aipatutakoarengatik». 

Hala, «lasai» egon direla nabarmendu du. «Ahalik eta proiektu indartsuena sartu nahi dugu, Zubietako gazteak ondo inguratuta». Aurreko denboraldian Reala izan zen ligan gol gehien jaso zuen taldea, eta hori dela-eta asko hitz egin da erdiko atzelari bat fitxatzeko aukeraz. Azkenean, Saar ekarri du klub txuri-urdinak, utzita. Erdiko atzelaria ekartzeko prozesua nola izan den kontatu du Aperribaik: «Erikek [Bretos] zazpi jokalariren zerrenda eman zigun, batzuk erosita etortzeko aukera zutenak, eta besteak utzita etortzekoak. Nik nahiago nuen erosita ekarri. Uztailean merkatura ez jotzea erabaki genuen». Zerrenda horretatik Jonathan de Jesus fitxatzen saiatu ziren azkenean. Horregatik bidaiatu zuten Brasilera. «Uztailaren 22an akordioa egin genuen jokalariaren ordezkariekin. Itxaropena genuen fitxatzeko, baina Cruzeirok ez zuen saldu nahi izan azkenean». Onartu du, halaber, Edson Alvarez eta Nayef Aguerd ere aukeren artean zeudela. 

«Epe ertain eta luzera begira, barkaezina izango zen gazteei aukerarik ez ematea: Beitia, Marchal. Lebarbier, Ochieng, Karrera... Horregatik itxaron dugu fitxaketak egiteko» 

JOKIN APERRIBAI Realeko presidentea

Erdilari bat edo atzelari bat fitxatzeko aukeraren inguruan hauxe esan du Aperribaik. «Aukera hori ez dugu aztertu. Erdilari edo aurrelari bat joan izan balitz baino ez genuen aztertuko aukera hori». Talde txuri-urdineko jokalari garrantzitsuren bat fitxatzeko eskaintzarik jaso ote duten galdetuta, hau erantzun du: «Dei batek harritu ninduen, zuzenean neuri deitu zidatelako. Baina jokalariak argi utzi zigun ez zuela joan nahi». Ez du esan eskaintza hori zein jokalariri zegokion. Denboraldi honetako helburuez ere hitz egin du presidenteak: «Bi Kopa irabazi ditugu azken sei urteetan, eta aipatu ohi dudan liburuan orrialde ederrak idazten jarraitu nahi dugu. Baina, beti diodan moduan, talde honen erronka hauxe da: astelehenetik ostiralera onena izatea». 

Emakumezkoen taldean ere izan zen berririk iragan astean, Arturo Ruiz entrenatzaileak Brightonen eskaintza onartu eta joatea erabaki baitzuen liga hasteko bi egun falta zirela. «Astelehenean kontseilari batek deitu zidan azaltzeko zer zegoen. Asteartean, Arturorekin hitz egin nuen. Haren erabakia izan da, guk jarraitzea nahi baikenuen. Joan den denboraldian, hobetzen eta aurrerapausoak ematen lagundu zigun».

Bi fitxaketak pozik

Presidenteak hitz egin aurretik mintzatu dira Sarr eta Fort. Biak pozik daude Realak fitxatu dituelako. Fortek taldeari zer ekarpen egin diezaiokeen azaldu du. «Gora egitea gustuko duen atzealdeko hegaleko bat naiz, ausarta, eta erabaki onak hartu ohi dituena. Horiek dira nire indarguneak. Nire onena emango dut bai erasoan, bai defentsan. Hasieratik argi izan nuen hona etorri nahi nuela. Proiektua ezagutzen nuen, eta asko erakartzen nau». Sarrek nabarmendu du erdiko atzelari postuan eskuinetik eta ezkerretik jokatu izan duela. «Ez dut lehentasunik». Halaber, berretsi du ez duela presiorik: «Ilusioz eta gogotsu nago. Bolada bat daramat segidan jokatu gabe, eta, taldeari laguntzearekin batera, hori aldatzea lortu nahi dut». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA