Arrauna

Apustu irmo bat iparraldean

2016. urtean sortu zen Lapurdiko Arraun Taldea. Helburu handinahirik ez bazuen ere, espektatiba guztiak gainditu ditu, eta KAE 1 Ligako lehen postuan da.

Lapurdiko Arraun Taldea entrenamendu batean. PATXI BELTZAIZ.
pettan uralde
2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Badira zazpi urte, Lapurdin arraunaren aldeko proiektu batek lehen pausoak eman zituenetik. Donibane Lohizuneko Ur Joko eta Angeluko Ibaialde arraun taldeen ekimenez, Iparraldeko arraunlariak traineru bateratu batean lehiatzeko asmoa atera zen. Ideia horrek sortu zuen Lapurdiko Arraun Taldea. Traineru xumea, lehiatik at Iparraldean arrauna haztea besterik nahi ez zuena. Orain, baina, bestelakoa da egoera. Lider dira KAE1 ligan.

Bixente Etxegarai (Azkaine, Lapurdi, 1978) da proiektu honen bultzatzaileetako bat, Lapurdi eta Ur Joko klubaren lehendakaria. Eta Beñat Urtxegi (Azkaine, Lapurdi, 1993) da, gaur egun, traineru horren barruan dabiltzan arraunlarietako bat. Bata zein bestea, hasieratik egon dira egitasmoan, eta gertutik bizi izan dute taldearen momentu gozoa. Bigarren, eta hirugarren mailetan aritu ostean, boladarik onenean daude orain, eta inoiz baino gertuago dute Eusko Label mailarako igoera. «Baginen hiruzpalau pertsona Iparraldeko arraunaz arduratzen ginenak, eta elkartuz, lehiakorra izango zen zerbait sortu genezakeela pentsatu genuen. Ez ginen asko horretan sinesten genuenak, baina bakarrik ere ez geunden», gogoratu du Etxegaraik. Ideia horri forma eman beharrean zeuden, eta Lapurdiko arraunlariek erantzun egin zuten. Ur Joko elkartean trainerua atera ezinik, Urtxegi Hibaikara joan zen, eta bertan egin zuen Lapurdira itzultzeko hautua. «Indarrak batzea ona litzatekeela zela pentsatu genuen, eta taldea ateratzen saiatu ginen. 2016an atera genuen trainerua eta estropada batzuk egin genituen, lehian sartzen. Ikusiz taldea bazegoela, Pasaiako Guillermo Somoano ekarri genuen, eta lehen emaitzak lortzen hasi ginen».

Horrelako proiektuek denbora behar ohi dute lehen fruituak emateko, baina ez zen Lapurdiren kasua izan hori. 2018an egin zuten debuta KAE2 ligan, eta irabazi egin zuten. Orain, KAE1 mailako lehen postuan daude, eta igotzearekin amesten dute. «Urte askoren lanaren ondorioa» dela dio Etxegaraik: «Ez genuen sinesten horrelakorik egingo genuenik, ez zen hori helburua. Etorkizunari begira, gure mugak ez ditugu ezagutzen, eta mundu berri bat deskubritzen ari gara».

Etxeko trainerua da Lapurdi, harrobia zaintzen duena eta Iparraldeko arraunlariez gidatuta. Urtxegik dio taldea sortu zenetik arraunlari «onak» trebatu dituztela. «Batzuek hemen jarraitzen dute, eta beste batzuk joan egin dira. Baina gerora arraunlari horiek berriro etortzea espero dugu. Ur Jokon gazte eskola dugu, eta emaitza politak ari dira biltzen, espero dugu etorkizunean gure trainerura lotzea eta lapurtarrek hemen jarraitzea».

Denboraldiaurrean begirada guztiak bereganatu zituen Lapurdik. Gipuzkoako Txapelketan hirugarren postua lortu, eta Euskadiko Txapelketarako sailkatu ziren. Dagoeneko bi bandera irabazi dituzte ligan, eta gorantz begira daude. Urtxegik dio ez zutela egoera hori espero. «Lehen jaitsieretan harritu egin ginen emaitzekin, ondorengo estropada guztietan espero baino hobeto ibili gara, eta lehen mailako traineruei irabazi diegu. Pixkanaka sinesten joan gara». Etxegarai ere mintzo da emaitza horien inguruan, eta taldea «biziki» dinamika on batean dagoela dio. «Moralki eta fisikoki taldea oso ondo dago; beraz, ahalik eta hobekiena eutsi behar diogu momentu honi, eta ligaren bigarren zatian errepikatzen saiatuko gara».

Arraunari lotzea zaila da. eta Lapurdin «oraindik ere gehiago», dio Urtxegik. «Hainbeste entrenamendu izanda, jendeari kosta egiten zaio horrelako proiektu batekin konprometitzea». Halere, etorkizunean behin kirolari lotuta, gazteek segi egingo duten esperantza dauka. Etxegaraik ere berdin uste du, eta taldearen arrakastaren faktoreetako bat «konpromiso maila handia» izan dela dio: «Denak arraunean ibilbidea eginikoak dira, eta badakite zer egin behar den ongi aritzeko. Lapurdin traineru bat ateratzeko oso konpromiso maila handia izan behar da».

Proiektua aurrera doa, orain arte izan dituen gorabeherak gorabehera, baina egonkortzen ari da. Etxegaraik argi du zein den bidea, eta zertarako egin nahi duten lan: «Gure asmoa Lapurdiko traineru bat izatea da. Etxeko harrobiarekin egin nahi dugu lan, eta gure proiektua ahalik eta lehiakorrena izatea. Harrobian landu behar dugu, proiektua urrunago eramateko, eta epe luzeko lana eskatuko digu».

Ez da erraza izango hori lortzea; izan ere, arrauna ez da erreferentziazko kirola Iparraldean. «Urratsez urrats» joan behar dutela dio Etxegaraik. «Beste kiroletan gertatzen den moduan, oso zaila egiten zaigu harrobia lantzea. Kirol hauek konpromiso handia eskatzen dute, eta gazte mailan hori lortzea zaila egiten ari zaigu. Hala ere, lan ona egiten ari gara, eta, harrobia lantzen jarraitzen badugu, trainerua finkatzea lortuko dugu».

Arraunak etorkizun oparoa izan dezan, «baliabideak» behar dituela esan dute bi elkarrizketatuek. Etxegarai haratago joan da, eta erakunde publikoen «bultzada» behar dutela dio.«Eskolekin aritzeko, arraun hezitzaileak sortzeko, harrobia lantzeko... Jendea behar dugu, eta jendea formatzeko baliabideak».

Eusko Label Liga gertu dute

Denboraldiaren erdira iritsi dira, eta, oraingoz aurreikuspen guztiak gainditu ditu Lapurdiko traineruak. Urtxegik uste du, «gehiago» eman dezaketela. «Entrenamendu guztietan sumatzen ditugu hobekuntzak, eta aurkariei kalte handiagoa egitea espero dugu. Lehen postua defenditzen saiatuko gara, eta, kanporaketetara iritsiz gero, igoeragatik borrokatuko gara». Ez du baztertzen, hala nola Kontxan egotea. «Ametsa da, ilusioa egiten du». Igoz gero, ikusteko dagoela dio, baina «ongi ibiltzeko» aukera izango lukeen trainerua osatuko luketela pentsatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.