CADIZ 1-0 ALAVES

Arabarrek itzulera eskasa izan dute

Alavesek galdu egin du Cadizen, denboraldiko lehen partidan. Arabarrak eskas aritu dira lehen zatian, eta hasi eta berehala jaso dute neurketako gol bakarra

Alaveseko jokalariak, epaileari protesta egiten. ROMAN RIOS / EFE
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko abuztuaren 14a
22:01
Entzun

Abuztuaren 14a, Cadiz (Espainia). Euskal herritar asko bertan egongo dira oporretan, baina Alavesi lan egitea tokatu zaio, eta, zoritxarrez, nahi baino lehenago iritsi zaie arabarrei aurreneko laneguna. Luis Garcia Plaza entrenatzaileak neurketa atariko prentsaurrekoan esan zuen taldea oraindik ez zegoela bete-betean, denboraldiaurre labur samarra egin dutelako, eta taldeak oraindik bost bat fitxaketa behar dituela. Hori guztia atzeman egin da gaur berdegunean. Ez da itzulerarik onena izan.

Cadiz eta Alaves mailari eusteko borroka horretan egotekoak dira, mailaz jaisteko hautagaien artean ikusten dituzte askok eta askok. Gaurkoa, beraz, aurkari zuzenen arteko lehia izan da. Bi taldeen artean, baina, alde nabarmena ikusi da: Cadizek oso argi du nola jokatu; Alavesek, aldiz, ez. Etxeko taldea nagusi izan da hasiera-hasieratik eta zazpigarren minuturako aurretik jarri da markagailuan. Geldikako jokaldi batean, Federico San Emeteriok buruz egin du lehiako norgehiagokako gol bakarra.

Atzean sendo eta aurrean oso gutxi eginda min handia egin diete etxekoek bisitariei. Luis Hernandezen alboko sake luzeak eta aurrelarien intentsitatea amesgaizto izan dira atzelari gasteiztarrentzat lehen zatian. Bosteko defentsarekin jokatu arren, deseroso zeudela zirudien.

Baloiarekin, Gebara, Gudiri, Luis Rioja eta enparauak argitasunik gabe ibili dira, pase asko huts eginez. Alavesen lehen jaurtiketa atsedenaldia ia iristear heldu da, kontraeraso batean. Guridik gidatutako kontraerasoa bikain amaitu du Ruben Duartek jaurtiketa gurutzatu batekin, baina Conan Ledesma atezainak kornerrera urrundu lortu du baloia.

Saririk gabeko susperraldia

Bigarren zatia traza bera hartzen ari zela ikusita, Luis Garcia Plazak bitan pentsatu gabe Kike Garcia zelairatzea erabaki du, bigarren zatia hasi eta gutxira. Osasuna eta Eibarko aurrelari ohiak Alavesekin entrenamendu bakarra osatu arren, bere debuteko neurketan arnasa eman dio taldeari jokatu duen ordu erdi pasatxoan. Atera eta gutxira banakoa egitetik gertu egon da, baina ez du Riojaren erdiraketa ondo errematatzerik izan.

Gola egin beharrean zen Alaves, eta aurrera egiteko asmoz, bosteko defentsa desegin, eta eskema erasokorrago baten aldeko apustua egin du arabarren teknikariak. Asmatu egin du. Gasteiztarrek gehiagotan zapaldu dute Cadizen area, eta golera gerturatzen ari zirela zirudien. Saiatu dira, baina saririk gabe. Partidaren hondarrean epaileak Escalante egotzi du Kike Garciari takoekin buruan jotzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.