Orain aste batzuk ezinezkoa zirudiena lortu du Araski saskibaloi taldeak. Ligako azken jardunaldia jokatuko du gaur, eta bere esku dago mailari eustea. Joan den asteburuan, gasteiztarrek 86-66 irabazi zioten Baxi Ferroli, eta Joventut jaitsierarako aurkari zuzenak 69-74 galdu zuen Union Esteponaren aurka. Sailkapenean berdinduta daude, baina puntuen batezbestekoa arabarren aldekoa da. Gaur Union Esteponaren aurka irabaziz gero, beraz, mailari eutsiko dio Arabako taldeak (19:00).
«Talde lana» funtsezkoa izango dela esan du behin eta berriro Isabela Jourdain Quevedo (Habana, Kuba, 2003) Araskiko jokalariak. «Bete-betean gaude partida erabakigarrirako. Defentsako eta erasoko xehetasun txikietan arreta jartzen ari gara, baina ezinbestekoa izango da talde moduan lan egitea». Union Estepona taldea, baina, sasoiko dago: azken bost partidak irabazita, kanporaketetarako borroka betean sartu da. Nolanahi ere, kubatarrak uste du garrantzitsua dela baikorrak izatea. «Nahiko ondo ikusten dut taldea. Argi dago maila handiko aurkaria izango dugula parean, oso indartsua, baina prestatuta gaude neurketarako».
Horrez gain, Quevedok azpimarratu du ligan «ezusteko handiak» izan direla denboraldian, eta dema oso parekoa izatea espero duela: «Maila handiko jokalariak dituzte: Melisa Gretter, Madison Conner eta Sika Kone, besteak beste. Eta badakigu sailkapenean postu onean daudela, baina Ferrolen aurka ezustekoa eman genuen, eta inork ez daki zer gerta daitekeen Union Esteponaren aurka». Gasteizen jokatu zuten ligako lehen itzuliko partida elkarren aurka, eta aise irabazi zuten andaluziarrek: 71-91. Neurketa horren inguruan, Araskiko jokalariak adierazi du ez zirela «bete-betean» aritu, eta erasoan eta defentsan hainbat xehetasunetan egin zutela huts: «Detaile txikietan fin ibili behar dugu; bestela, hutsen bat eginez gero, ziur gaude probestuko dituztela».
Irabazteko aukerak dituztela uste ote duen galdetuta, kubatarrak esan du «zaila» izango dela, baina, «ezustekoak» egon direnez, baikor mintzatu da: «Konfiantza dut ondo jokatuko dugula, baina horretarako ahalik hutsegite gutxien egin behar ditugu». Neurketa irabazteko gako nagusia «batuta» egotea da, Quevedoren ustez, baita hasieratik bukaerara «lehiakorrak izatea» ere.
Dena den, Joventutek Kanaria Handiaren aurka galduz gero, Araskik mailari eutsiko lioke. Aukera horretaz galdetuta, Quevedok ez du horretan pentsatu nahi. Izan ere, Kanaria Handia dagoeneko mailaz jaitsi da, eta ez du ezer jokoan. «Neurketa horretan zer gertatuko den bistakoa da. Ziurrenik Joventutek irabaziko du; beraz, dena eman behar dugu gure lehia irabazteko». Irabazteaz harago, kubatarrak uste du «disfrutatzea» ere garrantzitsua izango dela; izan ere, liga amaitzear denez, elkarrekin entrenatuko eta lehiatuko diren azken astea izango da.
Oro har denboraldiari begiratuta, oso gorabeheratsua izan da sasoia gasteiztarrentzat: jokatu dituzten 29 partidetatik hamar irabazi dituzte, eta hemeretzi galdu. Quevedok adierazi du sasoi hasieran ez zukeela pentsatuko orain dauden lekuan egongo zirenik, baina, aldi berean, onartu du aurkari guztiek maila ona dutela: «Edozein egon gintezken edozein egoeratan. Uste dut talde ona dugula, baina badaude maila handiko beste talde batzuk ere. Beraz, normala da bolada onak eta txarrak izatea». Mailaz jaitsiz gero, kubatarrak adierazi du porrota onartu beharko luketela, baina «oso mingarria» izango litzatekeela, Araski «klub handia» delako. Alderantziz, mailari eutsiz gero, Quevedok esan du «sekulakoa» litzatekeela ligan jarraitzea.
Kuban, «egoera konplexua»
Alor pertsonalean, Quevedo denboraldi honetan batu da Gasteizko taldera. 16 urterekin Kuba utzi, eta Europara salto egin zuen saskibaloiko jokalari profesionala izateko. CP Nataçao Portugalgo taldean egin zituen lehen bi denboraldiak, eta, taldean nabarmendu ondotik, Benficak fitxatu zuen. Portugalgo ligako jokalari gazte onena izendatu zuten, baita ligako finaleko jokalaririk onena ere.
21 urterekin iritsi da Gasteizera. Quevedok adierazi duenez, «gorabehera handiko» denboraldia izan da, inori ez baitzaio galtzea gustatzen. «Asko ikasi dut hemen, sekulako esperientzia izan da. Europako mailarik onena Espainiako ligan dagoela uste dut. Ligan lehiakortasun handia dago. Ez dago partida errazik. Gainera, jokalariek duten profesionaltasunak asko harritu nau, onerako». Hirira ondo egokitu da, neurri handi batean ahizpa harekin batera dagoelako. Gustuko du Gasteiz, gainera: «Hiri oso polita eta lasaia da».
Kubako saskibaloiaz galdetuta, Quevedok adierazi du «egoera konplexua» dela, ez baitute aukerarik nazioartean lehiatzeko, ezta ikusteko ere «zer-nolako hazkundea izan duen saskibaloiak herrialdean»: «Ezin dugu jakin munduan nola hazten ari den saskibaloia».