Urrutikoetxea eta Altunaren artean jokatutako lau t'erdiko finala ez zen eztabaidarik gabekoa izan. Partidan zehar hainbat jokaldik pilotarien eta ikusleen haserrea eragin zuten. Izan zen, ordea, jokaldi bat epaileekiko kritika ugari eragin zituena. Markagailua 18na berdinduta zegoenean, Altunari aurrea hartzea ahalbidetu ziona, hain zuzen ere. Urrutikoetxeak eskuinarekin eman zion eta pilotak aurkariaren sorbalda jo eta altuera hartu zuen, eta frontoia jo.
Epaileek ez zuten une horretan jokaldia gelditu, nahiz eta araudiak hala jasotzen duen. Zehazki 39. artikuluko bigarren atalak dioenaren arabera, pilotak jokalarietako bat ikutzen badu, jokaldia eten behar dute epaileek eta erabaki hasierako jaurtiketa ona izango ote zen ala ez; ona izango zela erabakiz gero, berriz adieraziko dute, bestela falta. Bide beretik, hirugarren atalean ohartarazten da jokalariak nahita oztopatzen badu pilota tantoa aurkariarentzat izango dela. Hala berretsi dio BERRIAri Rufino Rekalde epaileak ere:
Bai, errepikapen asko pasa eta gero, ikusten da pelotak ikuitzen dula Altunan sorbalda eta pelota behetik gorako norabidea daukalako, buelta eman behar da.
— rufino (@rrhernani) 20 de noviembre de 2017
Partida amaituta, gertatutakoari buruz ere galdetu zioten Urrutikoetxeari, eta hark halaxe erantzun zuen:
Urruti: “Epaileak pertsonak dira, tentsio handia zegoen. Hutsak egin dituzte baina ulertu egin behar zaie”. @berria
— Imanol Magro (@Imagreto) 2017(e)ko azaroak 19
Ordea, izan da hurrengorako epaileei lana errazteko baliabideak eskatu dituenik ere:
Aulkiko epaileak, Etbkoen monitore bat balu, arazo gutxiago epaileentzat.
— david arozena (@darozena) 2017(e)ko azaroak 20