Saskibaloia

Ardoi Ohorezko Mailara igo da, Unicajari irabazita

Unicaja jaso du etxean gaur Ardoik; 68-57 menderatu ditu Zizur Nagusiko taldeak, liga irabazi, eta Espainiako Ohorezko Mailara igo.

Ardoiko jokalariak, igoera ta ligaren garaipena ospatzen.
Ardoiko jokalariak, igoera ta ligaren garaipena ospatzen.
inaut matauko rada
2024ko apirilaren 13a
21:10
Entzun

Suziriak botatzeko eguna dute gaur Zizur Nagusian (Nafarroa). Ardoik Unicaja jaso du etxean, ligako azken partidan, eta irabazi beharra zuen liga irabazteko eta Espainiako Ohorezko Mailara igotzeko. Taldeak ez du hutsik egin, eta Unicajari 68-57 irabazita lortu du mailaz igotzea. Ardoirekin, lau euskal talde izango dira datorren denboraldian lehen mailan: Gernika, IDK, Araski eta Ardoi.

Zizur Nagusikoek hasieratik hartu dute abantaila, eta partida amaitu arte markagailuan gainetik ibili dira. Hasieran lortu dute diferentzia handiena, eta 11 punturen aldea ere izan dute, 23-12. Malagarrak gerturatu egin dira (23-20), baina nafarrek ez diete utzi aurrea hartzen. Bien arteko ezberdintasuna gora eta behera ibili da, baina une batean nafarrak 44-33ra iritsi dira, aurreko 11ko tarte horri berriro eutsiz.

Hala ere, malagarrek berriro egin dute aurrera, eta tartea puntu batera txikitu dute: 47-46. Hurrengo puntuak, baina, etxekoentzat izan dira, eta tartea handitzen jarraitu dute epaileak partidaren amaiera adierazi arte. Jokalariek negar artean ospatu dute garaipena eta igoera, eta zaleei txalo eginez eskertu diete laguntza. Pabiloia goraino bete da taldea hauspotzeko.

Emaitza onak Lehen Mailan

Espainiako Ohorezko Mailako hiru taldeek gaur jokatu dute partida, eta hirutik bik irabazi egin dute. IDK izan da lehena; aise irabazi du Bembimbreren etxean: 52-89. Gernikak etxean jokatu du Celtaren aurka, eta bederatzi punturen aldearekin (73-64) irabazi du. Sailkapenean beheren dagoenak galdu du partida, Araskik. Gran Canariaren etxean jokatu dute, eta alde handiz galdu dute: 83-59. Jaitsierako postuetatik bi puntura dago taldea, liga amaitzeko partida bat falta zaiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.