Ardura, «guztiona»

David Moyes kargutik kendu izanaren ardura klub osoarena dela esan du Jokin Aperribaik, eta egoera iraultzeko «umiltasuna eta autokritika» eskatu du

jon eskudero
Donostia
2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
David Moyesen aulkian Eusebio Sacristan eserita, baina, gainerakoan, orain urtebeteko argazki bera nagusitu zen atzo Anoetako prentsa aretoan Realeko entrenatzaile berriaren aurkezpen ekitaldian. Jokin Aperribai presidentearen eta Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariaren babesean, estreinako aldiz hitz egin zuen Eusebiok, eta, batez ere, «ilusioz gainezka» dagoela aitortu zuen. Ilusio horrekin bat egin zuten Aperribaik eta Lorenek. «Guztiok norabide berean lan egin behar dugu, eta horretarako pertsonarik egokiena Eusebio da», esan zuen presidenteak, protagonismoa entrenatzaile berriari emanaz. Ordea, gerora Aperribai estutu zuten kazetariek, eta itzalpean geratu zen Eusebio.

Ziurrenik, presidente kargua hartu zuenetik unerik estuenetako bat egokitu zitzaion Aperribairi; besteak beste, nabarmen huts egin duelako Moyesen aldeko proiektuak. Kazetariek hori leporatu zioten. «Zuzendaritza batzordeko kide guztion artean erabaki genuen hura fitxatzea, eta apustuak kale egin digu. Ados. Entrenatzailea aldatu badugu seinale da zerbaitetan ez dugula asmatu. Aztertu beharko dugu zertan huts egin dugun. Zehaztasun txikiei erreparatu beharko diegu». Hori bai, bere buruari ez zion erantzukizunik erantsi nahi izan presidenteak. «Moyesen aldeko proiektuak huts egin izana guztion ardura da, klub osoarena».

Hausnarketak egiten hasi baino lehen, dena den, esker oneko hitzak izan zituen presidenteak Moyesentzat. «Iragan sasoian bigarren itzuli ona egin genuen, baina oraingo honetan gaizki hasi dugu liga, eta emaitza txarrengatik kendu dugu kargutik». 11 partidatan bederatzi puntu besterik ez du eskuratu Realak. Dena den, eta zenbakiak zenbaki, «egin duen lan onagatik eskerrak eman nahi dizkiot publikoki, eta zorterik onena opa aurrerantzean. Kluba ezagutzeko ahaleginean aritu da egunero 24 orduz, eta bere profesionaltasuna azaldu du. Ongi konpondu izan gara». Baita agur esateko unean ere, Aperribairen esanetan. «Ordubete luzez aritu ginen hizketan, biok bakarrik, eta elkarri eskua emanda bukatu genuen. Lan kontratua eten izanagatik ez du kalte-ordainik kobratu».

Autokritika egiteko arazorik ez zuen azaldu Aperribaik, baina hausnarketak egiteko garaian, gauza asko kontuan hartu behar direla esan zuen. «Realak osasun bikaina dauka. Orain zazpi bat urte desagertzeko zorian egon ginen, eta orain ekonomikoki erabateko egonkortasuna daukagu. Hori oso garrantzitsua da. Bestela galde diezaiotela Elxi». Zorrak tarteko, Elx Bigarren Mailara jaitsarazi zuten iragan sasoian. «Horregatik, nire ondorioa da urtez urte haziz joan behar dugula. Era jarraitu batean. Umiltasun handiz. Egia da entrenatzailea kargutik kentzeak adierazten duela zerbait gaizki egin dugula, baina, oro har, egoera onean gaude. Orain, gora egitea falta zaigu».

«Garenak gara, ez gehiago»

Gora egiteak, baina, zer esan nahi du? Denboraldi oro Europarako sailkatzeko aukerak izatea? «Ez. Oso oker gaude. Azken 20-22 urteotan Reala hamar onenen artean sei aldiz bakarrik sailkatu da, eta umiltasunaz eta balioez hizketan hasi beharra daukagu. Garena baino gehiago izan nahi dugu, eta ez gara». Aperribairen hitzetan, urterik oparoenak azkenekoak izan dira Realarentzat, eta futbolean orainak agintzen duela onartu arren, iragana ere presente du. «Urtebeteren buruan hirugarren entrenatzailea ekarri dugu, eta ez da seinale ona. Baina, gainerakoan, lanean ongi ari gara. Emaitzak begi bistakoak dira».

Izan ere, Martin Lasarteren gidaritzapean, Reala Lehen Mailara igo zela gogorarazi zuen presidenteak. Gero, Philippe Montanierrekin, Txapeldunen Ligarako sailkatu zela. Jagoba Arrasatek ere Europara eraman zuela taldea, eta Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu ere bai. Eta, azkenik, aurreikuspenak bete gabe geratu dela Moyesen proiektua. «Azken sei urteotan hiru aldiz egon gara Europan, eta hori balentria da Realarentzat. Ez dezagun ahaztu nortzuk garen eta nondik gatozen. Orain helburu gisa Europa jartzea akats larria litzateke. Gure klubak harrobiaren aldeko filosofia du, eta lan horri garrantzia ematea da gakoa, Realaren lehen taldean ahalik eta etxeko jokalari gehien egon daitezen». Hain zuzen ere, Aperribaik hori eskatuko dio Eusebiori, klubaren ideietan inplikatzea. «Nik ez diot esango taldeak lehen hamarretan sartu behar duenik. Jakina da emaitzak onak lehenbailehen behar ditugula, baina etorkizunari begirako lanak axola dit gehien, eta Eusebiok Zubietari begira egon beharko du».

Errealitateak zera dio, ordea: Zubietako lanaren ispilua lehen taldea dela. Horregatik, Aperribaik jakin badaki berandu baino lehen irabazten hasi beharra daukala Realak. «Aurpegia eman behar dugu, denon artean aurrerapausoa eman. Moyesen proiektuak huts egin izana ez da haren errua soilik. Guztiona baizik. Baita jokalariena ere. Nik neuk, jokalariekin hitz egin, eta gehiago eskatu diet». Besteak beste, zeresana eman baitu hainbat jokalariren ustezko konpromiso faltak. «Asko hitz egin da aspaldian Velari buruz. Harremanetan gaude berarekin, eta esan dezakegu bere onena ematen ari dela Realaren alde. Zulotik ateratzeko gogotsu dago».

Eusebio, «egokiena»

Eta zulotik ateratzeko egon zitekeen entrenatzailerik egokiena fitxatu du Realak, Lorenen ustez. «Nik neuk ezagutzen dut Eusebio. Espainiako selekzioaren beheko mailetako talderen batean elkartu ginen, eta gustatu zitzaidan haren izaera. Gerora, erreferentzia onak eman dizkidate. Celtan lan aparta egin zuen, eta zer esanik ez Bartzelonaren bigarren taldean. Realean bikain moldatuko da. Besteak beste, balioak, erantzukizuna, konpromisoa... azaleratuko ditu. Eusebiorekin hazten jarraituko du Realak».

Lorenen ustez, haren jokatzeko ideia egokia da talde txuri-urdinarentzat, nahiz eta Moyesen iritziekin konparatuta ezberdina izan. «Moyes fitxatu genuenean sinetsita geunden harrobiari begira lan handia egiten zuen entrenatzailea zela. Orain gauza bera pentsatzen dugu Eusebiori buruz. Eskarmenturik ez du Lehen Mailan, baina horrek ez digu ardura. Beti erakutsi izan du maite dituela etxeko jokalariak. Berak nahi duen jokoa egiteko jokalari bikainak ditugu».

Lorenen gisara, Aperribaik ere erabateko konfiantza du Eusebiorengan, eta oraingo honetan erabakiarekin asmatu izana espero du. 2017ko ekainera arteko kontratua sinatu du espainiarrak, denboraldi eta erdi, «baina karguan hamar urte irautea» espero du Aperribaik. «Oso seinale ona litzateke bai klubarentzat eta bai berarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.