Irmotasuna, erabaki sendoak eta azkarrak hartzeko gaitasuna, eta norbere buruarenganako erabateko segurtasuna eskatzen ditu patroiaren postuak. Izaera berezia behar du, arraunlarien hamahiru buruetatik pasatzen ari den guztia bideratzeko abilezia, eta itsasoa ezagutu egin behar du. Hori dena menderatzen duten itxura ematen dute estropadetan, eta gorputzaren jarrerak indartu egiten du, gainera, uste hori: zutik joaten dira, nagusitasuna erakutsiz bezala.
Baina horrelako gotortasuna eskatzen eta erakusten duen patroitzako lanak baditu hamaika duda, zalantza, kezka eta galdera. Ofizioarekin lotura dutenak eta arlo teknikoari itsatsita daudenak dira batzuk: ikasi egiten den ala ikasia etorri behar duen patroiak, berezko dohainekin. Beste batzuk, berriz, lehiarekin batera datozen dudak dira: zer dela-eta ageri dira hain patroi gazte gutxi Eusko Label ligan? Itsasoaren zipriztin batzuk balira bezala, oso gutxi dira berriak; eta betiko horien aurretik ere, garai hartako betikoak joaten ziren. Zutik doaz patroiak traineruan, baina gazteen kasuan, tente ez oraindik, tente joateari urteetan ofizioan aritzeari esaten zaiola ulertuta.
Hiru patroi gazte ari dira nabarmentzen aurten liga nagusian: Aitor Lazkano (Zierbena), Aitzol Garro (Zarautz) eta Manu Triñanes (Cabo). Eneko Gonzalez ere azaldu da Santurtziren txopan, baina ez beste hirurak hainbeste. Beste muturrean, izen handi asko azaltzen dira, eta horietako bat Iñaki Goikoetxea da (Isuntza), 27 urtez ari delako herriko taldean patroi lanetan —41 dauzka—. Gazteak patroitza zer den ikasten ari dira, ikasitako hori gero eta gehiago bada ere. Beteranoak ondo ezagutzen du zer den, eta garbi dauka ikasi egiten dela: «Berezkoa izan behar dute ezaugarri fisikoek eta izaerak, baina beste guztia ikasi egin behar da. Egoera ezberdinak ezagutu, eremuen berri izan... Hori dena estropadak jokatuz ikasten da».
Hiru gazteek ere bide beretik jo dute: «Ikasi egiten den zerbait da». Lazkanok irakasleak ekarri ditu gogora: «Talde barrukoek asko erakusten dizute». Garrok «unean uneko erabakiak hartzen» ikasi behar dela esan du; eta Triñanesek «lana egin» behar dela nabarmendu du: «Kolpeak jasoz, osatu egiten zara». Galiziarrak, hala ere, egin dio lekua berezkotasunari ere: «Itsasoko kultura ere behar da».
Entrenatzaileen ikuspuntutik begiratuta, Joseba Fernandezek dio ezinbestean eduki behar duela patroiak berezko zerbait: «Dohain batzuk behar ditu, eta itsasoa sentitu egin behar du. Ur gainean hazitakoa bada, izan erreka alboan edo itsasbazterrean, hobe. Itsas kolpeak ezagutu behar ditu, eta trainerua nola orekatu jakin behar du. Hori dena ikastea zaila da. Horrez gain, arrauna ezagutzen badu, askoz hobeto».
Gazteei aukera eman edo ez
Lazkano, Garro eta Triñanes badatoz, eta iritsi dira Eusko Label ligara. Hirurei ari zaizkie aukera ematen beren taldeetan, baina beste batzuk aukeraren zain daude beste talde batzuetan. Eta aukeraren zain egoteaz nazkatu, eta arrauna uzten dutenak ere bai. Liga nagusian eta gainontzekoetan, sekulako aldea dago patroi gazteei aukerak emateko orduan: goi-goian, gehiago kostatzen zaie; besteetan, ez. Entrenatzaileek hartu behar dute erabakia gazteari aukera eman edo ez, eta Fernandezek gogoeta hau egin du: «Nik neuk zalantza handirik gabe eman izan dizkiet aukerak patroi gazteei. Hala ere, ikusi egin behar da talde bakoitzean dagoen presioa emaitzak lortzeko, zein den talde bakoitzaren testuingurua. Uste dut entrenatzaile batzuk segurtasuna bilatzen saiatzen direla». Baina patroi orori eman behar al zaio aukera gaztea delako soilik? Pedreñako egungo entrenatzaileak oso garbi dauka: «Gaztearen aldeko apustua egiteko dohainak dituen edo ez ikusi behar da, eta baldin badauzka, nik nahi dudan lehiakortasun maila emateko gai den edo ez. Azkenean, edozeinek ez du balio».
Lazkanok ez dio erreparo handirik jartzen beteranoen aldeko hautua egiteari: «Urte asko daraman batek segitu nahi badu, segitu egin behar du. Gazteak ikasi egin behar du lehendabizi, eta beteranoak badauka esperientzia hori». Garrok ligen bereizketari heldu dio: «Goikoan galtzeko gehiago izaten da, eta patroi berriak sartzea asko arriskatzea izan daiteke taldeentzat. Erabaki hori entrenatzailearena edota klubarena da». Triñanesek ez du iritzirik bota gaiaren inguruan, baina onartu du aurtengoa ezohikotik doakiola: «Ez nuen uste hainbeste aukera izango nituenik».
Patroi beteranoaren talaiatik begiratuta, Goikoetxeak Fernandezen eta Garroren antzeko iritzia eman du: «Gauzak jokoan direnean, esperientziaduna behar da. Baina azkenean, talde bakoitzaren egoerak dauka eragina erabaki horretan: jokoan zer dagoen eta zer ez. Arraunlariekin ere antzera gertatzen da».
Talde osoaren ardura dute
Laurak patroi gazteei aukera eman edo ez erabakitzeko gaiaz aritu direnean, ez dira alferrik atera emaitzen eragina eta kirol helburuen nolakotasuna. Izan ere, patroiaren lana funtsezkoa da traineru baten barruan. Fernandezek ederki azaldu du: «Guztien lana bere eskuetan dago, eta hori garbi eduki behar du hasieratik».
Kanpotik patroien lanari begiratzen bazaio, ematen du bi zeregin nagusi dituela: trainerua zuzen eramatea eta ziabogak ondo ematea. Baina badira ezkutuan geratzen zaizkien beste hainbat lan ere, eta, horiek guztiak karelez karel jartzen badira, berehala bistaratzen da Fernandezek dioena ez dela esajerazio bat. Lazkanok atera du lan bat ur azalera: «Pisuan egoteaz gain, zu baino zaharragoak direnei eta zure aldean asko irabazi dutenei agintzea ardura handia da. Errespetua ematen du». Garrok ardurari heldu dio: «Asmatzea edo ez hor dago, gure lanaren barruan. Luze batean lau segundo irabaztea oso zaila da, baina ziaboga batean erraz asko gal ditzake patroiak». Arraunlarien psikologoa izatea ere aipatu du: «Ez dute pentsatzeko aukera askorik izaten estropadan, eta ez dira jabetzen zer gertatzen ari den traineruaren beste aldean, olatua datorren edo ez. Horren guztiaren gainean egon behar du patroiak. Entrenatzaile bat da azkenean». Beste zeregin batzuk ere esan ditu: «Olatuei aurrea hartzen jakin behar dugu, ontziari kolpea noiz eman trainerua orekatzeko. Olatua sentitu egin behar dugu, azken batean». Triñanesek itsasoaren ezagutzarena aipatu du: «Ur lasterrak, norabideak eta itsasoa ezagutu egin behar dira». Psikologo lana ez du ahaztu: «Arraunlariak ezagutu egin behar dira, eta haiek eramaten jakin. Patroia biziegi badoa, arraunkera ere halakoxea izango da. Patroiak kale egiten badu, agur, segundo gutxian erabakitzen delako dena».
Horretaz jabetuta ateratzen da patroia itsasora, eta horrek tentsioa sortzen die. Goikoetxeak badaki zer den hori guztia: «Gaztetan, gertatu izan zitzaidan estropadetan bi kilo galtzea, eta ez zen izaten lan fisikoagatik, ez: urduritasunak eragiten zidan zerbait izaten zen».
Arrauna
Ardura handien lema
Patroitza ikasi egiten da ala berezko sen berezia ere behar da? Trainerua zuzen eramatea eta ziabogak ondo ematea bakarrik al da patroien lana? Zergatik dira Eusko Label ligako gehienak beteranoak? Belaunaldi berria al dator?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu