Frantziako Tourra

Arensmanen garaipena, Pogacarren onespenez

Helmugatik 37 kilometrora iheskideak atzean utzi, eta Ineosekoa bakarrik iritsi da Superbagnereseko helmugara. Bigarren Pogacar izan da, Vingegaardi esprinta irabazita. Liderrak uko egin dio garaipenari. Evenepoelek amore eman du, eta erretiratu egin da.

FRANCE CYCLING
Thymen Arensman helmugan, eskuak aurpegira eramanda, irabazi duenean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko uztailaren 19a
18:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Pirinioetako etapa nagusian, indarrak gordetzea eta soilik kontrol lanean jardutea erabaki du Tadej Pogacarrek (UAE). Tourreko 14. saioa izan da, eta eskuzabal jokatu du lasterketako liderrak. Azken bi etapak irabazi ondotik, eta zakuan jada lau garaipen zituela, helburu bakarra izan du: Jonas Vingegaardek (Visma) ihesean izan dituen taldekideak kate motzean lotzea, eta Vingegaarden beraren erasoei erantzutea. Gupida izan du, ordea, Thymen Arnesmanekin (Ineos). Herbeheretarrak erakustaldia egin du ihesean: azken-aurreko mendatean, Peyresourden egin du eraso, eta tinko eutsi du Superbagnereseko helmugara bidean. Pogacarrek ia txistuka igo du azken mendatea, eta 1.08ko atzerapena izan du azkenean. Vingegaardi lau segundo atera dizkio azken estutuan.

Pirinioetako etapak biziki argigarriak izan dira. Hondamendirik ezean, Pogacarrek berea du Tourra, eta Vingegaard bigarren izango da berriro. Alabaina, Remco Evenepoel (Soudal) aurten ez da Parisko podiumera igoko. Hirugarren izan zen iaz, eta hirugarren postuan zegoen gaurko etaparen aurretik. Hori bai, hondoratzen hasia zen Pirinioetan. Hautacamen ahulezia erakutsi zuen, eta zer esanik ez, Peyragudeseko erlojupekoan: aurreratu egin zuen Vingegaardek helmugara iritsi aurretik. Bada, erabat hondoratu da gaur. Atzean geratu da Tourmaleteko igoerari ekin orduko, eta lasterketa uztea erabaki du apur bat aurrerago. Agonia luzatzeak ez zuen zentzurik. Horiek hala, Florian Lipowitzek (Red Bull) hartu du flandriarraren tokia sailkapen nagusian. Pogacarrek 4.13ra du Vingegaard, eta 7.53ra Lipowitz.

Ineosi garaipen aringarria eman dio Arensmanek. Carlos Rodriguez ez da neurria ematen ari lider moduan, eta, hori horrela, etapak irabaztea da taldearen aldartea gozatzeko modurik onena. Arensmanek ere askotan egin izan du kale sailkapen nagusia lehiatzeko ardura izan duenetan. Arazoak ditu egunez egun mailari eusteko. Egun ona duenean, ordea, edonon eta edonola irabazteko gai da. Adibidez, Alpeetako Itzulian 80 kilometroko ihesaldi arrakastatsua egin du aurten. Gaur ez da horren urrundik abiatu. Tourmaleten mugitu da lehenik, beste txirrindulari askorekin batera. Eta ihesaldia jada hausten hasia zela, Peyrasourden kolpe erabakigarria eman du. 37 kilometrora zegoen helmuga, eta tropela bizi zihoan. Hala ere, herbeheretarrak bikain iraun du lasterketa buruan. Itxuraz nahiko behartuta zihoan, baina astuna ez ezik, eraginkorra ere izan da haren ibilera.

Tour honetan arrakasta izan duen laugarren ihesaldia izan da. Txirrindulariek ia 5.000 metroko desnibela gainditu behar izan dute, lau mendate igota. Lehena Tourmalet izan da, eta bertan Lenny Martinez (Bahrain) nabarmendu da. Oso atzean utzi ditu beste iheslariak, eta Aspineko gailurretik ere buruan igaro da. Pilatutako puntuei esker, Pogacarri mendiko maillota kendu dio. Azkenerako, harrapatu egin dute Sepp Kussek (Visma) eta Valentin Paret-Peintrek (Soudal), eta Peyresourden, txirrindulari pilaketa izan da lasterketa buruan. Tobias Johanessennek (Uno-X) urratsa egin nahi zuen sailkapen nagusian; beste guztiek etapa irabazi baino ez zuten nahi. Horretarako, ordea, baimena eman behar zien tropelak. Eta Nils Polittek (UAE) kilometro luzez tenkatu du soka, igotzaile mozorroa jantzita.

Eraso berantiarrak

Arensman hiru minuturen aldearekin iritsi da Superbagneres mendateko lehen aldapetara. Pogacarrek su bizian jardun beharra zeukan Ineoseko ziklista harrapatzeko. Gaitasuna, berez, bazuen, baina beste baterako gorde ditu indarrak. Lidergoa defendatzea aski izan zaio. Vingegaardek lau kilometroren faltan egin dio eraso, baina alferrik izan da. Esloveniarrak erraztasun osoz erantzun du, eta erritmo aldaketa labur bat ere egin du, danimarkarraren grina apaldu nahian. Beste saiakera batzuk ere egin ditu Vingegaardek. Helmugan, ordea, Pogacarren atzetik izan da berriro. Sailkapenean 4.13ra dago orain, eta Lipowitzek, berriz, 7.53ra du lidergoa. Bihar etapa samurragoa jokatuko dute Muret eta Carcasona artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.